Koronabirusa

Hegoaldeko erietxeetan 401 paziente daude koronabirusak jota

75 lagun artatzen ari dira Hegoaldeko ZIUetan. Osasunbidearen eta Osakidetzaren arabera, 169 herritar hil dira koronabirusagatik asteon

Antigeno probak egiteko zentro bat, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Erredakzioa
2022ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Oro har, pandemiaren datuek beherantz segitzen dute. Erraterako, Hego Euskal Herrian beste 557 positibo detektatu zituzten atzo, egindako 3.575 probetatik; bestela erranda, proben %15,5 izan dira positibo. Positibo berrien beheranzko joera ospitaleetako egoeran ere ageri da. Izan ere, 401 paziente daude koronabirusak jota Hego Euskal Herriko erietxeetan, eta horietako 75 ZIU zainketa intentsiboetako unitatean.

Iragan urteko abendu hasieratik ez zen agertu ospitaleetan hein horretako kopururik. Orduan, 400 paziente ziren ospitalean, eta 79 ZIUan. Azken bi hilabeteetako daturik apalena da, beraz. Nabarmentzekoa da, bestalde, bi astean nabarmen apaldu direla datuak: ospitaleratuak 860 ziren hilabete hasieran, eta orain 401 dira, erdiak baino gutxiago.

Osasunbideak eta Osakidetzak emandako datuen arabera, bestalde, otsailaren 14tik 20rako astean 169 lagun hil dira koronabirusagatik Hego Euskal Herrian.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hamalau eguneko intzidentzia tasari begiratuz gero, 90 urtetik gorako herritarren artean da gorena: 1.222 da 100.000 biztanleko. 40 eta 49 urte artekoen artean, 1.020 da, 30 eta 39 urte artean 954. 80 eta 89 urte artean, berriz, 799 da; 50 eta 59 urte artekoena 718, eta 20 eta 29 urte artekoena 741,5.

Txertaketa aurrera

Txertaketaren datuei begira, haurren artean ere aitzina doa kanpaina. Osakidetzak emandako datuen arabera 5 eta 11 urte arteko haurren artean %57,6k jarri dute txertoa. Horien artean, %20k dute pauta osoa. Horiek horrela, Osakidetzak haurrentzako dituen txertoen %44 baliatu ditu.

Helduei dagokienez, guztira, 4.585.379 dosi jarri dituzte Osakidetzan. Horien artean, herritar helduen %92,7k dute hartua pauta osoa.

Osasunbidearen datuen arabera, 1.385.395 dosi jarri dituzte Nafarroan txertatze kanpaina hasi zenetik. Horien artean 552.841 dira pauta osoa jarria dutenak. Hala, aurrera segitzen du txertatze kanpainak Nafarroan. Kasurako, 936 dosi jarri zituzten herenegun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.