Koronabirusa

Hegoaldeko 6 urtetik gorako umeek maskara erabili beharko dute gelan

Iparraldean, 11 urtetik aurrerakoek jantzi beharko dute maskara. DBHko hirugarren mailatik gorakoek hilaren 15ean hasiko dute ikasturtea. Jaurlaritzak beste mila irakasle hartzea aurreikusi du

Ikastetxe bateko ikasgela bat hutsik, artxiboko irudian. JON URBE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete - Edurne Begiristain
2020ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Maskarak, distantziak, ordutegi eta egutegi aldaketak... Finean, COVID-19ak baldintzatuko du 2020-2021 ikasturtearen hasiera. Egun gutxiren faltan azaldu dute erakundeek nolakoa izango den. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak atzo eman zituen azalpenak; Espainiako Gobernuak eta Frantziako Hezkuntza ministroak, ostegunean; eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak, hilaren 21ean.

Noiz hasiko da ikasturtea?

Ikasturtea hasteko eguna izan zen Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak atzo iragarritako aldaketa nagusietako bat. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailako ikasleak eta Batxilergokoak irailaren 15ean hasiko dira, eta ez irailaren 7an. Ez da aldaketarik egongo Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta DBHko lehen eta bigarren mailan: irailaren 7an hasiko dira itzultzen, ikastetxeek ezarrita zuten egutegiari segituz.

Lanbide Heziketan ere aldatu dute hasiera eguna. Goi mailako zikloetan, hilaren 14an hasiko dira bigarren mailakoak, eta 16an lehenengo mailakoak. Erdi mailako zikloak geroago hasiko dira: bigarren mailakoak, hilaren 21ean, eta lehen mailakoak, 23an. Oinarrizko zikloetan, irailaren 14tik 30era itzuliko dira.

Nafarroan ez dute aldaketarik iragarri, eta irailaren 4an hasiko dira eskolak maila guztietako ikasleentzat. Aldaketa handiena ordutegietan izango dute: urritik goizez soilik emango dituzte eskolak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere hori aukeratu dute DBHko ikastetxeen %95,4k.

Iparraldeko haurrak eskolaratuko dira lehenik, hilaren 1ean.

Hezkuntza modalitateari dagokionez, hasiera presentziala izango da Euskal Herrian.

Noiz erabili beharko dute maskara?

Gorabehera gehien eragin dituen neurrietako bat da, baina zehaztu dute: Hego Euskal Herrian, 6 urtetik aurrerakoek erabili beharko dute. Eusko Jaurlaritzak atzo esan zuen LH1etik gorako umeek erabili beharko dutela, baita 1,5 metroko tartea mantendutakoan ere. Salbuespen bat egingo dute: LH1eko eta LH2ko bizikidetza talde egonkorretan maskara kendu ahal izango dute aire zabaleko ekintzetan, ikasleen artean kontakturik ez badago.

Nafarroan, Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek adostutako neurriei jarraituz, 6 urtetik aurrerakoentzat izango da derrigorrezkoa; Iparraldean, berriz, 11 urtetik gorako umeek eta helduek erabiliko dute.

Nola jokatuko dute positiboak daudenean?

Espero daiteke geletan ere agertuko direla kasuak. Eusko Jaurlaritzaren arabera, positibo emandako haurra bizikidetza talde egonkorrekoa denean, kontaktu estutzat hartuko dituzte taldeko guztiak; ez denean, berriz, ikastetxeko harreman estuak identifikatuko dituzte. Horiek etxean egon beharko dute berrogeialdian.

Agerralditzat hartuko dute hiru pertsonak edo gehiagok positibo ematea. Hiru egoera aurreikusi dituzte: agerraldi «kontrolatuak» edo noizbehinkako kasuak, agerraldi «konplexuak», eta «kontrolik gabeko» transmisio komunitarioa egotea. Hirugarren egoera horretan, beste neurri batzuk hartzea aztertuko dute, eta, azkenik, baita ikastetxeko eremu bat edo ikastetxea bera ixtea ere.

Nafarroan, Espainiako Gobernuak iragarritako neurrien arabera, positibo emandakoan kutsatuaren gertuko kontaktuak ikertu beharko dituzte, eta gutxienez berrogeialdia egin beharko dute. Eskola batean agerraldi bat atzemanez gero —hiru kasu baino gehiago daudenean—, hiru jokaleku posibleak identifikatu dituzte: kontrolpean dagoen agerraldia izatea, transmisio katea identifikatuta duena; jatorria horren garbia ez izatea; eta kontrolatu gabeko transmisio komunitarioa egotea. Halako kasuetan, Nafarroako osasun publikoko arduradunek egoeraren ebaluazio bat egin beharko lukete. Madrilek azken aukeratzat du ikastetxeak ixtea.

Baliabide gehiago jarriko al dituzte?

Neurri guztiak betetzeko, eskolek baliabide gehiago beharko dituzte. Jaurlaritzak mila irakasle gehiago kontratatzea aurreikusi du geletan ikasle gehien dituzten ikastetxeetarako. Uriartek nabarmendu zuen Hezkuntza Sailak laguntza deialdi bat egingo duela itunpeko ikastetxeentzat.

Nafarroako Gobernuak ziurtatu zuen 666 irakasle gehiago kontratatuko dituztela, eta atzo nabarmendu zuen jada 356 esleitu dituztela.

Batak zein besteak iragarri dute areagotu egingo dituztela baliabide teknologikoak.

Nola jardungo dute jangelan eta garraioan?

Eskola garraioari dagokionez, Hegoaldean, 6 urtetik gorako haurrak maskararekin joango dira. Nafarroan, ikasle bakoitzak bere eserlekua izango du, eta Jaurlaritzak ere neurri hori gomendatu du. Jantokian ere modu horretan arituko dira, eta 1,5 metroko distantzia mantenduko dute bizikidetza talde egonkorretakoak ez diren haurrek. Ikasturte hasieran, Jaurlaritzak «ikasle kalteberak» dituzten eskoletako jantoki zerbitzua lehenetsiko du. Iparraldean, metroko distantzia mantentzeko, jantoki berriak erabiltzea aholkatu dute.

Gainera, Jaurlaritzak gomendatu du ikastetxean ez antolatzea eskolaz kanpoko jarduerak. Nafarroan, bertan behera utzi dituzte eskolek antolatutako eskolaz kanpoko jarduera guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.