Hegoaldean beste 188 kasu atzeman dituzte

Gipuzkoan beherakada esanguratsua izan da: hogei positibo izan ziren atzo.

Herritarrak maskara jantzita, Bilboko metroaren irteeran. LUIS TEJIDO/EFE
Olatz Esteban Ezkati.
2020ko uztailaren 21a
12:28
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi du 3.682 PCR proba egin zituztela atzo, eta beste 90 positibo detektatu dituztela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Nafarroan 98 positibo detektatu dituzte, horietatik 22 Mendillorriko agerraldiarekin lotuta daude. Koronabirus kasuek gora egin dute berriro ere. Izan ere, igandean 165 kasu atzeman zituzten.

Gipuzkoan izan dira azken egunetan foku nagusiak, baina nabarmen jaitsi da positiboen kopurua han. Igandean 63 positibo detektatu zituzten; atzo, aldiz, hogei izan ziren kutsatuak. Bizkaian 63 herritarrek eman dute positibo, eta Araban, bostek.

Badirudi Zarauzko, Tolosako eta Bergarako (Gipuzkoa) agerraldiak kontrolpean daudela. Zarautzen, selektibitate osteko ospakizunen harira laurogei positibo detektatu zituzten asteburuan, eta Osasun Sailak azaldu du gainerako herrietako hainbat positibo foku horrekin lotuta egon daitezkeela . Atzo beste bi positibo izan ziren herri horretan. Tolosan eta Bergaran ez da kasu gehiago izan azken orduetan.  

Mendillorriko fokuaren loturiko kasuek goraka jarraitzen dute: atzo beste 22 positibo atzeman ostean, 116 dira kasuak dagoeneko. Nafarroako Gobernuak adierazi du gaueko aisialdiarekin lotuta daudela positibook. Ermuan (Bizkaia) beste 13 kasu detektatu zituzten atzo, eta guztira 83 dira agerraldi horrekin loturiko positiboak. Kutsatzeak Eibarko eta Zarauzko festa giroarekin loturik daude, batik bat.

Agerraldiok kontuan hartuta, agintariek neurriak zorroztu dituzte. Nafarroako Gobernuak atzo iragarri zuen 02:00etara aurreratuko duela tabernak ixteko ordua, eta Eusko Jaurlaritza neurri gehiago hartzeko prest dago. Agerraldiak izan dituzten herrietan, dagoneko ezarri dituzte murrizketak. Ermuan (Bizkaia) eta Bergaran (Gipuzkoa) 23:30etan itxi beharko dituzte tabernak eta jatetxeak, eta %50eko edukiera izango dute. Gainera, ezingo da barran kontsumitu. Iragan astean, beste hainbat herritan hartu zituzten neurriok: Zarautzen, Tolosan eta Eibarren.

Nafarroako Gobernuak eta Tuterako Udalak arduraz jokatzeko dei egin diete herritarrei, festen harira. Uztailaren 24tik 30era izan ohi dira Tuterako jaiak, eta egun horietan ere orain arteko "konpromiso eta ardura" berberarekin jokatzeko eskatu diete tuterarrei. Alejandro Toquero alkateak gogorarazi du ez dela festarik izango eta udalak ez duela inolako ekitaldirik antolatuko. Tuteran koronabirusaren agerraldi bat izan zen iragan astean, ezkontza batekin lotuta, eta 41 positibo detektatu dituzte.   

Kasuak gora doaz Gipuzkoako gizarte zerbitzuetan

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du sei positibo atzeman dituztela adingabeen harrera zentroetan, eta beste bederatzi inklusio sarean, aurreko astean baino hiru gehiago. Adingabeen kasuan, guztiak asintomatikoak dira, edo sintoma oso arinak dituzte. Inklusio sareko positibo berriak Donostian (2) eta Tolosan (1) detektatu dituzte. Zahar etxeetan, aldiz, ez dago kasurik, baina lau langilek positibo eman dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.