Otsail hasieratik, koronabirusarekin hildakoen kurba etenik gabe ari da beheraka Hego Euskal Herrian. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, gaitzarekin eri ziren 45 pertsona zendu dira azken astean Hegoaldean, hau da, martxoaren 7tik 14ra bitartean. Abuztu bukaeratik erregistratu den daturik apalena da hori.
Kontrara, COVID-19aren kutsatzeari buruzko datuetan gero eta nabarmenagoa da joera aldaketa. Beheranzko joera agerikoa izan da azken hilabetean, baina, orain, birusa hanpatzen ari da berriz ere; are, horren arriskuaz ohartarazi dute Hegoaldeko osasun agintariek azken egunetan. Zehazki, Osakidetzak eta Osasunbideak 501 kasu positibo atzeman dituzte astearteko testetan; otsailaren 20tik aitzina egun bakarrean detektatutako kutsatuek ez dute inoiz gainditu 500 kasuen langa; orain arte. 11.105 test egin ziren birusa detektatzeko, eta horien %4,5ek eman dute positibo.
Lurraldeka, 205 kasu zenbatu dira Bizkaian, 118 Gipuzkoan, 100 Nafarroan, eta 69 Araban.