Hegoaldean 31.000 lagun daude ebakuntza baten esperoan

Maite Asensio Lozano.
2023ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Iazko abenduaren amaieran Espainiako Osasun Ministerioak bildutako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 31.235 pertsona zeuden ebakuntza ez-larri baten zain osasun sistema publikoetan: 23.029 eri ziren Osakidetzan, eta batez beste 73 egunez itxaron behar zuten ebakuntza egin arte; Osasunbidean, berriz, 8.206 paziente ziren, eta 85 egunez egoten ziren zain.

Kirurgiako itxaron zerrendak gizentzen ari direla adierazten dute datuok, aurreko urteetakoekin alderatuta. Nafarroan, %25 handitu da urte batetik bestera: 2021eko amaieran 6.531 paziente zeuden ebakuntza ez-larri baten zain. Hala ere, pandemia aurreko datuen antza du iazko datuak: 2018 eta 2019 bukaeran ere 8.000 lagun inguru zeuden esperoan. Igoera nabarmenagoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 2021eko abenduan 21.701 paziente zeuden ebakuntzaren zain, baina 17.059 ziren 2019 amaitu zenean; %34 hazi da ordutik.

Traumatologiak ditu itxaron zerrenda luzeenak: 6.302 paziente zeuden iazko abenduan zain Osakidetzan, eta 2.738 Osasunbidean. Nafarroan batez beste 102 egunez egon ziren esperoan, eta EAEn, 89 egunez. Itxaronaldirik luzeeneko espezialitateetan bigarrena da; kirurgia plastikoa da lehena —164 egun Nafarroan, eta 134 EAEn—, kirurgialari gutxiago daudelako, baina zain ere eri gutxiago zeuden: 1.141 guztira.

Gainera, Osasunbidean ebakuntzaren zain egondako pazienteen %10,9k sei hilabete baino gehiago itxaron behar izan zuten; Osakidetzan %7,1 izan ziren. Hurrenez hurren, traumatologiako erien %15, 81ek eta %13k urte erdia itxaron behar dute ebakuntza gauzatu arte.

99 egun kontsultaren zain

Espezialistaren kontsultaren zain dauden pazienteei buruzko datuak ere eman ditu ministerioak. Osasunbidean 99 egun itxaron behar dute batez beste, eta erien %9,8k bi hilabete baino gehiago egon behar dute zain. Kirurgia orokorrak eta aparatu digestibokoak ditu daturik txarrenak: 135 egunez itxaron behar dute kontsultarako; traumatologoarekin edo dermatologoarekin egoteko, berriz, 86 egun, eta kardiologoarekin egoteko, 81.

Osakidetzan, 48 egunekoa da espezialistarekin hitzordua lortzeko batez besteko itxaronaldia; pazienteen %28,6k, ordea, bi hilabete baino gehiago egon behar dute zain. Traumatologian itxaron behar dute gehien: 66 egun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.