Koronabirusa

Hego Euskal Herriko ikastetxeetan ere ez da derrigorrezkoa izango maskara erabiltzea

Ikasle eta langile «zaurgarriek» maskara erabiltzen jarrai dezaten gomendatu dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak.

Ikasleak maskara jantzita, Donostiako Bidebieta institutuan. JON URBE / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko apirilaren 21a
15:22
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eguneratu egin du hezkuntza zentroetarako osasun protokoloa, Espainiako Gobernuak toki itxi gehienetan maskara erabili beharra bertan behera utzi ondotik. Astelehenean indarrean sartuko den protokolo berriaren arabera, ikastetxeetan ez da maskara jantzita eraman beharko, eta, gainera, ikasleei ez erabiltzeko gomendatu die, «oro har». Hala ere, zentroetako ikasle eta langile «zaurgarriek» erabil dezaten gomendatu du. Halaber, irizpide bera darabil COVID-19an positibo eman dutenei eta sintomak dituztenenei dagokienez.

Hala ere, hiru urtetik beherakoak berariaz aipatzen ditu protokoloak. Horietan, inongo kasutan ez da gomendagarria izango maskara erabiltzea, dioenez. Bestalde, nabarmendu du edozein arrazoi dela-eta maskara erabiltzen jarraitzeko hautua egiten dutenak «estigmatizatzea» saihestu behar dela, eta haiek «zaindu».

Ikusi gehiago:Eranzteko presarik gabe

Bestelako prebentzio neurriak ere jasotzen ditu protokoloak. Esaterako, aipatzen du eskuak sarri garbitu beharko direla, eta gomendatzen du horretarako xaboia lehenestea, eta ez gel hidroalkoholikoa. Era berean, eztul edo doministiku egitean ahoa ukondoarekin estali behar dela gogorarazten du. Hezkuntza zentroetako prebentzio planetan orain arte jasotako beste garbitasun eta prebentzio neurri batzuk ere zehazten ditu protokoloak, norbanakotik harago aplikatu beharrekoak; bi, nagusiki: egunean behin garbiketa eta desinfekzio lana egitea, batik bat komunetan eta jantokietan; eta, ikasgeletan, jantokian edo beste tokietan erabilerarako txandak eginez gero, txanda batetik bestera eremua aireztatzea. Azken puntu horretan azpimarra egiten du dekretuak, eta ikastetxeetako eremu guztietan airearen kalitatea ona dela bermatu beharko dela dio.

Bestalde, COVID-19aren sintomekin bateragarriak izan daitezkeen sintomak dituztenek edota positibo eman dutenek ez dute bakartu beharko, baina ez dira ikastetxera joango sintoma nabarmenak dituzten bitartean, «beren eta beren ingurukoen onerako». Behin sintomak arindutakoan, ostera ere zentrora itzuli ahalko dira, baina sintomak izan eta ondoko hamar egunetan maskara jantzita eduki beharko dute, eta eskuak «modu egokian» garbitu beharko dituzte. Gainera, pertsona zaurgarriekin kontaktuan egotea saihestu beharko dute. Dekretuak dio irizpidea berbera izango dela positibo eman duten baina sintomarik ez dutenentzat.

Bilerak egiteko moduan ere izango du eragina protokolo egokituak. Bilera guztiak, izan irakasleenak nahiz ikasleen senideenak, modu presentzialean egin ahalko dira, betiere garbitasun eta aireztapen neurriak beteta. Horrez gain, dekretuak dio guraso elkarteetako kideak hezkuntza zentroetan bildu ahalko direla.

Nafarroan, irizpide bera

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez ezik, Nafarroako ikastetxeetan ere bertan behera geratuko da maskararen derrigortasuna, astelehenean, gobernuak jakinarazi duenez. Hezkuntza Departamentuak maskararen erabileraren gaineko irizpideak igorri dizkie Nafarroako ikastetxe publiko eta itunpekoei, eta, aurreratu duenez, pertsona zaurgarriek maskara erabiltzen jarrai dezaten gomendatu du bertan, eta, lehentasunez, maskara kirurgikoa izan dadin. Halaber, «ardura eta errespetua» eskatuko du maskara erabiltzen jarraitu nahi dutenekiko.

Zenbait egoeratan maskara erabiltzen jarraitzea gomendatu du Hezkuntza Departamentuak, dena den. Hala egitea eskatu du pertsonen artean metro eta erdiko distantziari eustea ezinezkoa den eta aireztatu gabeko espazio itxietan, baita jende askoko ekitaldietan ere. Horrez gain, jakinarazi du COVID-19aren sintomak izanez gero edo positibo eman duen norbaiten hurbilekoa izanez gero, maskara jantzita izan beharko dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.