Hezkuntza

Hego Euskal Herriko ikasleen emaitzek okerrera egin dute PISA txostenean

Hiru konpetentzia aztertu dituzte 15 urteko ikasleen artean: zientziak, matematika eta irakurketa. Jaurlaritzak gogorarazi du pandemia bukatzeko zegoela egin zituztela probak.

PISA
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkariak PISA txostena aurkezten, gaur. IREKIA
Irati Urdalleta Lete.
2023ko abenduaren 5a
16:13
Entzun

Ikasleek zientzietan, matematikan eta irakurketan duten gaitasuna. Hiru urtean behin egin ohi duen legez, horixe ebaluatu du orain ere OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen 2022ko PISA txostenak. Bereziki, matematikarako gaitasuna aztertu du. 2018ko dokumentuarekin konparatuta, emaitzetan beherakada orokortua izan dute Hego Euskal Herriko ikasleek. 15 urteko estudianteek —lagin batek, ez guztiek— egin zuten etsamina, 2022ko udaberrian —urtebete atzeratu zuten pandemiagatik— , eta gaur plazaratu dituzte emaitzak.

Txostenaren berri izan orduko, agerraldia egin dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkariek, Gasteizen. Bertan izan dira Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordea eta Eduardo Ubieta ISEI Irakats-Sistema Ebaluatzeko eta Ikertzeko Erakundeko zuzendaria. Bildarratzek gogorarazi du COVID-19aren pandemia amaitzeko zegoela egin zituztela probak, eta horrek isla izan duela ziurtatu du: «OCDEk pandemiaren eraginaren balorazio bat egin du: emaitzei sakonki eragin die, eta zerikusia du ikasleen eta irakasleen egoera afektibo eta emozionalarekin. Eragin hori herrialde guztietara zabaldu da. Pandemiaren osteko beherakada orokorra da».

Eusko Jaurlaritzak ez ezik, zenbait alderdik ere hartu dute hitza. EH Bilduko hezkuntza idazkari Ikoitz Arresek sare sozialetan egin du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako emaitzen kritika: «Datu txarrak, berriz ere. Eta ez dago inongo autokritikarik. Ez goaz ondo». Carmelo Barrio PPren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak esan du «zaplaztekoa» dela txostena, eta EAJri egotzi dio emaitzen errua. Hauek dira Hego Euskal Herriko ikasleen emaitzak, xeheago emanda:

Matematika

Azken PISA txostenean, ikasleek matematikarako duten gaitasuna aztertu dute batez ere. Bertan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek 482 puntu erdietsi dituzte. Aurreko txostenarekin alderatuta, atzera egin dute nabarmen gaitasun horretan: 499 puntu lortu zituzten 2018an; alegia, orain baino hamazazpi puntu gehiago. Halere, besteak beste, Finlandiako, Suediako eta Alemaniako ikasleen parean daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleak. Gainera, Jaurlaritzak nabarmendu duenez, ia herrialde guztietan «jaitsiera orokorra» izan da, Japonian eta Hego Korean izan ezik.

Nafarroan ere nabari da beherakada. Hain zuzen, 492 puntu lortu dituzte oraingoan, aurreko aldian baino 11 puntu gutxiago. Hori horrela, besteak beste, Kanadako, Finlandiako eta Erresuma Batuko ikasleen parean daude Nafarroako gazteak.

Jaitsierak jaitsiera, batez beste, Europako Batasuneko eta OCDEko herrialdeetako ikasleek baino emaitza hobeak izan dituzte Hego Euskal Herrikoek. Herrialde bat gailendu da konpetentzia horretan: 536 puntu lortu ditu Japoniak. Bigarren postuan, berriz, Hego Korea dago, 527 punturekin.

Zientziak

Hego Euskal Herriko ikasleen emaitzak jaitsi egin dira zientzietan ere. Hain zuzen, 480 puntu lortu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estudianteek. Gaitasun horretan ere, behera: aurreko aldian zazpi puntu gehiago izan zituzten.

Zientzietan ere hobeto moldatu dira nafarrak, nahiz eta horiek ere 2018an baino emaitza okerragoak erdietsi dituzten. Hain zuzen ere, 489 puntu lortu dituzte oraingoan, eta aurreko aldian 492 izan zituzten. OCDEko herrialdeek, batez beste, 485 puntu lortu dituzte zientzietan. Alegia, gainetik ibili dira Nafarroako ikasleak; aldiz, azpitik aritu dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleak.

Irakurketa

Irakurketari dagokionez, berriro ere emaitza hobeak erdietsi dituzte Nafarroako ikasleek. Hain zuzen ere, 478 puntu lortu dituzte nafarrek, eta 466 puntu izan dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek. Ez dago 2018ko PISArekin alderaketak egiteko modurik. Izan ere, orduan datuak eman zituztenean, ez zuten irakurketa gaitasunaren berri eman, hainbat institututan egindako probetan «irregulartasunak» aurkitu zituztelako.

Emaitza orokorrak jakinaraztearekin batera, emaitza horietan eragina duten zenbait aldagai ere izan dituzte hizpide. Esate baterako, Hego Euskal Herri osoan, matematikan, mutilek neskek baino emaitza hobeak lortu dituzte, eta irakurketan neskak hobeto aritu dira mutilak baino. Zientzietan, berriz, Nafarroan mutilak nabarmendu dira; gainerako herrialdeetan, aldiz, pareko aritu dira neskak eta mutilak.

Jatorriak ere badu eragina: hiru konpetentzietan emaitza hobeak lortu dituzte bertan jaiotako ikasleek jatorria atzerrian dutenek baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.