Gerra Ukrainan. Iheslariak Euskal Herrian

Hego Euskal Herriko hainbat udalek babesa adierazi diote Ukrainari

Eudelek bost minutuko elkarretaratze isilak egin ditu udaletxe atarietan. Hala udal ordezkariek nola herritarrek Ukrainako gerra arbuiatu dute

Ukrainarrek ere bat egin dute Bilboko elkarretaratzearekin. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ion Orzaiz, Irati Urdalleta Lete
2022ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Bost minutuko elkarretaratze isilak eginez, Hego Euskal Herriko dozenaka udalek elkartasuna adierazi diote Ukrainari. Atzo eguerdirako deituta zeuzkan elkarretaratzeak Eudelek tokiko udaletxeen atarian, eta haiekin bat egin zuten udal ordezkariek eta herritarrek. Eudelen arabera, hau izan zen helburua: «Tokiko entitateek uko egitea Errusiak Ukraina inbaditzeari, horrek eragiten duen sufrimendu eta suntsipenari, eta milioika pertsonaren exodo behartuari». Ukrainari «babesa eta elkartasuna» helarazteko ere aprobetxatu dituzte deialdiak.

Iruñean ere elkarretaratzea egin dute, Udaletxe plazan. Udal talde guztietako hautetsiek bat egin dute deialdiarekin, eta Enrique Maia alkateak ere parte hartu du. Udalak ohar batean azaldu duenez, protesta «sinboliko» horren helburua da «bizilagunen eta udal ordezkarien elkartasuna adieraztea» Ukrainako inbasioaren aurrean.

Hori bera nabarmendu du Maiak, elkarretaratzearen ostean: alkateak «balioa» eman die udal taldeen «adostasun politikoari» eta Ukrainari agertu dioten babesari: «Honek frogatzen du hiria engaiatua dagoela auzi honetan».

Maiak «kezka» agertu du Ukrainaren etorkizunaren inguruan: «Iristen diren albisteak oso gogorrak dira. Inpotentzia eta sufrimendua sentitzen dugu telebistan irudi horiek ikusten ditugunean».

Alkateak azaldu du iragan asteartean batzartu zela Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehendakariordearekin eta Eduardo Santos Migrazio Politiketako kontseilariarekin, «era koordinatuan lan egiteko». Horrez gain, Iruñeko Udala harremanetan dago Ukrainako herritarren elkarteekin eta bestelako eragile sozialekin, ukrainarrei harrera egin eta laguntza koordinatzeko. Besteak beste, areto bat atondu dute Iturrama auzoko Civivox gunean, «elkarteon egitekoa koordinatu ahal izateko». Azkenik, Maiak iragarri du Iruñeko azoketan ere gune bereziak prestatuko dituztela, elikagaiak bildu eta Ukrainara bidaltzeko.

Iruñean ez ezik gainerako Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta herri batzuetan ere egin dituzte protestak. Gasteizen, Gorka Urtaran alkate eta Eudeleko presidentea buru dutela bildu dira. Urtaranek nabarmendu du «herritarren mailan» egon nahi dutela, eta, elkartasuna sinbolikoki erakustearekin batera, «ekintzekin» ere bide beretik joko dutela.

CCOOk ere bai

CCOO sindikatuak ere elkartasuna helarazi dio Ukrainari. Hain zuzen, Iruñean, Gasteizen, Bilbon eta Donostian dituen egoitzen aurrean elkartu dira, gerra bukatzeko, erasoak berehala amaitzeko eta Errusiako tropak Ukrainatik ateratzeko eskatuz. UGTk ere elkarretaratzea egin du Iruñean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.