Koronabirusa

Hego Euskal Herriko biztanleen erdiek jada hartua dute txertoren bat

Biztanleen %33k osatua dute pauta. Transmisioak barealdian segitzen du: beste 236 positibo

COVID-19aren kontrako txertaketa gunea, Donostiako Illunbe zezen plazan. JON URBE / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Bihurgunez eta goranzko maldaz betetako bideak lauagoa dirudi azkenaldian. Izan ere, COVID-19aren kontrako txertaketak Euskal Herrian hartu duen abiadak nabarmen argitu du izurri iluna. Hego Euskal Herriko datuak dira eskuragai, eta, horien arabera, guztira 1.436.559 pertsonak hartu dute birusaren kontrako txertoa; dosi bat, behintzat. Hain zuzen, kopuru horretara iritsita, mugarri esanguratsu bat lortu da Hegoaldean: biztanleen %50ek hartu dute txertoaren bidezko babesa. Pauta osoa jaso dutenen zenbatekoa ere nabarmen ari da hazten: 944.136 dira, herritarren %33.

Kanpainak aitzina egin ahala, gero eta hurbilago da, ustez, birusaren kontrako talde immunitatea. Adituen arabera, herritarren %70ek txertoren bat hartutakoan erdiets liteke, eta, hori hala balitz, egungo erritmoari eutsita, Hegoaldean abuztuaren 9an lor liteke. Hain zuzen, agintari ugarik egutegiari lotuak dituzte begiak, eta egin dituzte haren gaineko aurreikuspenak: Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibitek adierazi du herrialdean «abuztuaren hasieran» lortuko dela mugara iristea. Halaber, esan du 50 urtetik gorako herritarren %96k hartua dutela dosiren bat.

Kutsatzeei buruzko datuei dagokienez, Osakidetzak eta Osasunbideak guztira 9.141 proba egin zituzten herenegun gaitza detektatzeko, eta horien %2,6k eman zuten positibo: 236 kutsatu izan ziren. Ia erdiak Bizkaian zenbatu zituzten: 115 kasu atzeman ziren lurralde horretan. Halaber, Nafarroan 46 kasu izan ziren; Gipuzkoan, 38; eta Araban, berriz, 28.

Bestalde, birusaren intzidentzia tasa metatuek erakusten dute pandemiaren bilakaerak onbidean segitzen duela: gaur egun, Hego Euskal Herriko lau lurraldeen tasak 150etik beherakoak dira. Zehazki, Bizkaian 100.000 biztanleko 145 laguni atzeman diete COVID-19a azken hamalau egunetan; Araban, 129ri; Gipuzkoan, 127ri. Hegoaldean, Nafarroak du tasarik apalena: 108.

Ospitaleei so, Hegoaldeko osasun agintariek atzo jakinarazi zutenez, asteazkenean 11 lagun erietxeratu zituzten gaitzarengatik; horietako bat Nafarroan ospitaleratu zuten, eta, foru gobernuak zehaztu duenez, ZIUra sartu zuten zuzenean. Erietxeratze horiek aintzat harturik, guztira 152 lagun daude Hegoaldeko ospitaleetan. ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan 62 dira, larri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.