Hego Euskal Herriko lurraldeen artean badira desberdintasun garrantzitsuak han bizi diren migratzaileen kopuruei dagokienez. Nafarroan, erroldatutako biztanleen %16,8 dira atzerritik etorritakoak. Portzentaje hori Gipuzkoarena ia halako bi da, eta beste hainbeste gertatzen da Bizkaiarekin, %8,6 eta %8,1 baitira hurrenez hurren horien portzentajeak erroldatutako migratzaileei dagokienez. Araban, %10era igotzen da portzentajea.
Orotara, Hego Euskal Herrian, 297.397 migratzaile bizi dira 2022. urtean. Eustaten eta INEren datuak gurutzatuta ondorioztatzen den kopurua da hori; beraz, Hegoaldeko biztanle erroldatu guztien (2.849.772) %10,4 dira atzerritik etorritakoak.
Pertsona horien jatorria aldatu egiten da lurraldez lurralde. Nafarroan, Maroko da migratzaile gehienen jatorria. 17.732 marokoar bizi dira han, 2021. urtean baino %5,8 gehiago. Ekuadorkoak dira ondoren Nafarroan gehien bizi diren migratzaileak: 14.938 (+%1,4). Eta Kolonbia da hirugarren lekuan agertzen diren migratzaile jendetsuenen jatorria: 11.273 (+%6,6).
Datu horiek 2022. urtearen hasierakoak dira (INE), eta ez dituzte islatzen martxotik aurrera egon den Ukrainako errefuxiatuen migrazioa. Dena den, 2022aren hasierarako nabaritu zen herrialde horretatik etorritakoen hazkundea, ordurako 1.742 bizi baitziren Nafarroan, %1,8 gehiago. Nafarroako Gobernuak jakinarazi du 1.400 errefuxiatu inguru iritsi direla 2022an, eta, beraz, 3.100 inguru lirateke orain.
Eustaten ekarpena
Eustaten arabera, berriz, Araban bizi diren biztanle erroldatuen %10 dira migratzaileak 2022an, aurreko urtean baino hiru hamarren gehiago. Gipuzkoan %8,6 dira, hamarren bakarra igota; eta, Bizkaian, %8,1 dira, bi hamarren gehiago. Hiruren osotasuna aintzat hartuta, Amerikakoak dira atzerritar gehienak, Kolonbia, Nikaragua, Honduras, Venezuela, Paraguai eta Boliviatik etorriak. Gero, europarrek osatzen dute talde jendetsuena, batez ere Portugal eta Errumaniakoek; eta, hirugarren lekuan afrikarrak azaltzen dira, batik bat Marokokoak (%53,3), Aljeriakoak, Senegalgoak eta Nigeriakoak.
Araban, Afrikako herrialdetako nazionalitatea dutenak dira gehiengoa atzerritarren artean (%39,3). Amerikarrak migratzaileen %32,3 dira han. Bizkaian, Amerikako herrialdeetako nazionalitatea dutenak dira gehienak (%45), eta afrikarrak ondoren (%25). Gipuzkoan ere Amerikako herrialdeetakoak dira atzerritar gehienak (%39,2); gero, Europarrek osatzen dute talde jendetsuenetan bigarrena (%28,2); eta Afrikakoak hirugarren lekuan agertzen dira (%24).
Eustatek atzerritar jatorrikoen eta Euskal Herrian jaiotakoen arteko desberdintasun bat nabarmendu du adinari erreparatuz. Euskal institutuak dio atzerriko nazionalitatea dutenen batez besteko adina 33,4 urtekoa dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Lurralde horietan jaiotakoen adina, berriz, 46,6 urtekoa da batez beste, 13,2 urte gehiago. Orotara, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen adina 45,5 da.