Lan egiteko eta bizilekua izateko baimenak lortzeko prozesu burokratikoak erraztea, epeak murriztea eta baldintzetako batzuk kentzea. Horiek dira Espainiako Atzerritarren Legearen moldaketak ekarri dituen aldaketetako batzuk, eta, horiei esker, urtero 300.000 migratzaile inguru erregularizatu ahalko dira Espainian; erreformak Hego Euskal Herrian bizi diren migratzaileei ere eraginen die. Berritasunik handienetako bat da migratzaileek sustraitzeko bortz aukera izanen dituztela: gizarteari lotutakoa, familiari dagokiona, soziolaborala, gizarte eta heziketari lotua eta bigarren aukerarena. Aldaketetako baten ondorioz, erraterako, Hego Euskal Herrian bizileku baimena lortzeko, bi urtez bertan bizitzea nahikoa izanen da aurrerantzean. Datorren urteko maiatzean jarriko da erreforma indarrean.
Elma Saiz Espainiako Gobernuko Gizarte Segurantzako ministroak eman du erreformaren xehetasunen berri. Erran duenez, legedian txertatu dituzten aldaketa horiek Europako araudian oinarritutakoak dira: «Legediak balioko du mafiei, iruzurrei eta eskubideen urraketari aurre egiteko». Adierazi duenez, aldaketa horiekin langile migratzaileen eskubideak babestu nahi dituzte. Horiek egiteko, gainera, lanketa egin dute migratzaileekin lan egiten duten elkarteekin, patronalarekin eta sindikatuekin, autonomia erkidegoekin eta tokiko elkarteekin.
Familiari dagokion sustraitzearen bidea erabili zen iaz gehien, eta erreformarekin bizitoki baimen berezi bat sortu dute Espainiako herritarren familiendako. Seme-alaben kasuan 26 urtera arte zabaldu dute —21 zen orain arte—, eta orain arte aintzat hartzen ez ziren zenbait errealitate ere kontuan hartu dituzte: formalki erregistratuta ez dauden bikotekideak kontuan hartu ahalko dira, baldin eta herrialdean dagoen pertsona horrekin harreman bat duela frogatzen bada.
Sustraitze soziolaboralaren kontzeptua, berriz, berria da. Hori lortzeko lan kontratu bat aurkeztu beharko dute baimena lortu nahi duten horiek, gutxienez 20 ordukoa asteko —orain arte 30 ordu ziren asteko—. Horrez gain, aldian aldiko hainbat kontratu ere aurkeztu ahalko dituzte, beharrezkoak diren gutxieneko ordu horietara iristeko.
Lan arloan esplotatuak izan diren migratzaileen erregularizazioa «erraztea» du helburu arauak. Ildo horretatik, garaiko jarduerei lotuta bizileku baimen berezi bat sortu dute kasu horietarako. Langileak babestea da helburua: eginen duten lanari buruzko informazio zehatza jaso beharko dute, idatziz. Langile hori bere herrialdetik atera eta lan eginen duen lekura iritsi bitarte izanen dituen baldintzak ere duinak direla ziurtatu beharko da. Horrez gain, langileek aukera izanen dute enplegua eman dien pertsona hori bertze batengatik aldatzeko, indarkeria kasurik balego edo bertzelako arrazoiengatik lan harremanik ezin baldin bada gauzatu —enplegatzailea zendu izana, uztarik ez egotea izurrite batengatik...—.
Enpresei eta enpresariei informazio gehiago ematearen alde egiten du araudi berrituak: «Prozesua sinpleagoa eta malguagoa da behar zehatzetara egokitzeko: hala nola iraupen jakin bat edo kontratazioak».
Hezkuntza
Gizarte eta heziketari lotutako sustraitzean dago berrikuntza nagusietako bat, eta Saizen departamentuak identifikatutako zenbait arazo konpontzea du helburu. Hala, testuan jasota dagoenez, ikasleek beren hezkuntza prozesua eta asteko 30 orduko lan bat uztartu ahalko dituzte, orain arte ez bezala. Horrez gain, ikasleek «hezkuntza egonaldiari lotutako baimena» izanen dute, eta horrek «bide azkar bat» emanen die formakuntza hori eta gero etor daitekeen lan kontratu bat lotzeko.
Ikastetxeek bete beharreko baldintzak ere zehaztu ditu erreformak, ikasleek «formakuntza duina» izan dezaten, eta ez daitezen iruzurren biktima izan.
«Bigarren aukerako sustraitzea» deritzon kontzeptua ere berria da, zeinak zera ahalbidetzen duen: pertsona bati bizileku baimena onartuko zaio, eskaera egin baino bi urte lehenago bertan bizi baldin bazen, eta ezin izan bazuen baimen hori berritu «osasunarekin, segurtasunarekin eta ordena publikoarekin» loturarik ez duten arrazoiengatik. «Helburua da erregularizaziorako bideak indartu eta zabaltzea , herritar gisa bizitza duina izan dezaten», erran du Saizek.
Bisa
Lan arloko beharrei dagokienez, Saizek zehaztu du arauaren barnean luzerako zein luze gabeko bisak sartu dituztela, «ulerterrazagoa» izan dadin; eta horiek lortzeko prozedurak sinpleagoak izanen direla. Burokrazia murriztuko dutela ere zehaztu du Saizek: «Hemendik aurrera hasierako baimen guztiak urte batekoak izanen dira, eta berritzeak lau urtekoak».
Lana bilatzeko bisa baimenak hiru hilabete irauten zuen orain arte, eta urte batera luzatu dute orain. Helburua da pertsona horiek beren profil profesionalaren araberako lana lortzea, eta, aldi berean, enpresek behar dituzten profesionalak aurkitzea.