Bizilagunen komunitateek etxe turistiko gehiago jartzea debekatzeko gaitasuna izanen dute Hego Euskal Herrian, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi duenez. Espainiako Jabetza Horizontalaren Legeko 17.12 artikuluari jarraituta hartu du erabakia, orain arte probintzia auzitegi bakoitzak nahieran interpretatzen baitzuen araua. Zehazki, gehiengoak erraten zuen komunitateko jabe guztiek egon behar zutela ados etxe turistiko gehiago jartzea debekatzeko orduan.
Ordea, Gorenak gaur hartutako erabakiak bertzela interpretatu du araua: norbaitek etxe turistiko bat jarri nahiko balu baina komunitateko jabeen hiru bosten horren kontra agertuko balira, bertan behera gertatuko litzateke proiektua. Modu horretan, bizilagunen komunitateen esku geldituko da erabakimena, eta gisa horretako alokairu ereduak erregulatzeko gaitasun handiagoa izanen dute.
Epaitegiak adierazi du interpretazio hori «zilegi» dela, eta Espainiako Jabetza Horizontalaren Legean ageri den «mugatu» hitzak ez duela inolaz ere debekua baztertzen.
Sozialisten zuzenketa
Ez da lehenbiziko aldia muga horretaz mintzo direna: joan den uztailean PSOEk zuzenketa bat jarri zuen, bizilagunen komunitateek etxe turistiko berriak debekatu ahal izateko. Arau horrekin, norbaitek etxe turistiko bat jarri nahiko balu, komunitatearen «onespena» lortu beharko luke; jabeen hiru bostenena, gutxienez.
Onartuz gero, jartzen diren etxeei aplikatuko zaie araudia. Salbuetsita geldituko dira dagoeneko martxan dauden etxebizitza turistikoak, baldin eta dagokien araudia betetzen badute. Horrez gain, norbaitek erregistratu gabeko eta komunitateak onartu gabeko etxe turistiko bat baldin badu, jarduera eten beharko du hala eskatuz gero.