Pobrezia

Hego Euskal Herrian 538.000 lagun daude pobrezia arriskuan

Pobrezia desagerrarazteko nazioarteko egunean, agerraldiak egin dituzte hainbat eragilek. Aldarrikatu dute pobrezia amaitu behar dela.

Pobrezia desagerrarazteko nazioarteko egunean hainbat eragilek deitutako protesta gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko urriaren 17a
16:13
Entzun

«Pobrezia egoera ikaragarria da, inork beretzat nahi ez duena, ezta bere familiarentzat nahiz adiskideentzat ere». Hala ohartarazi du Pobreziaren eta giza bazterketaren aurka Borrokatzeko Europako Sareak EAEn duen taldeak (EAEko EAPN). Gaur da pobrezia desagerrarazteko nazioarteko eguna. Eta, gizarte eragileek emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 538.000 lagun daude pobrezia eta gizarte bazterketa pairatzeko arriskuan.

Bilbon agerraldia egin du EAPNk. Eta, Aitor Ipiña presidenteak, Itxaso Bilbao presidenteordeak eta Marta Senz zuzendaritza batzordeko kideak gogoratu dutenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 422.000 lagun baino gehiago pobrezia eta gizarte bazterkeria arriskuan daude. Beste hainbat datu ere gogoratu dituzte: «Munduko biztanleen %8,45 muturreko pobrezian bizi dira, hau da, 670 milioi pertsona». Era berean, zehaztu dute Europan 161 milioi pertsona baino gehiago pobrezia eta gizarte bazterkeria arriskuan bizi direla; hots, gizartearen %21,6. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batez besteko tasa txikiagoa den arren, badaude nabarmentzekoak diren hainbat datu: 3.300 pertsonak baino gehiagok ez du etxerik, eta 100.000 lagun baino gehiago bizi dira pobrezia larrian.

Pobrezia «egitura sozioekonomikoaren» ondorio dela azpimarratu dute sareko kideek, «produkzio eredu batena, kapitalismoa, bazterkeria eta pobrezia ugari eragiten duena». Eta gehitu dute pobreziak «gaizki bizitzea» esan nahi duela: «Diru nahikorik ez izatea egoki bizitzeko, ezin zerbitzuak edo ondasunak eskuratzea, hileko fakturak ezin ordaintzea, neguan berogailua ezin piztea, seme-alaben gastuei ezin aurre egitea... eta, egoerarik larrienetan, bizitzeko etxe bat ere ez izatea».

Pobrezia desagerraraztea da EAPNren helburua. Luze gabe sistema publikoen prestazioetarako sarbidea izatea aldarrikatu dute. Eta, luzera begira, bidezkoagoa eta solidarioagoa izango den eredu ekonomiko batean pentsatzeko beharra azpimarratu dute, «0 pobrezia» xede izanik. «Gizarte bat ez da duina eta bidezkoa izango bere biztanleriaren zati bat pobrezian bizi bada».

Nafarroako Parlamentuak ere ekitaldi bat antolatu du. Bertan, Jon Gonzalez eta Andrea Corera Gizarte Erakundeen Plataformako bozeramaileek esan dute Nafarroan 96.000 pertsona daudela pobrezia arriskuan. Hori dela eta, adierazi dute «pobrezia amaitu» behar dela. Eta nabarmendu dute desgaitasunen bat dutenen egoera are okerragoa dela: «Euren batez besteko errenta txikiagoa da, eta euren gastuak handiagoak. Aurreiritziak eta diskriminazioak gizarte eta lan munduan sartzea zailtzen dute».

Protesta Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzan

Beste hainbat eragilek ere pobreziaren aurkako eguna baliatu dute protesta egiteko. Besteak beste, Argitan, Bizkaiko Etxeko Langileen Elkartea, Bizkaiko SOS Arrazakeria eta Berri Otxoak bildu dira Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen ordezkaritzan, eta salatu dute bankuen, enpresa energetikoen eta eraikuntza enpresen onura ekonomikoak hazten diren heinean pobrezia areagotuz doala. Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa eta Bizkaiko Pentsiodunen Mugimendua ere bertan izan dira.

«Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren herenak zailtasun handiak ditu oinarrizko premiak asetzeko», adierazi du Lorea Ureta bozeramaileak. Gainera, biztanleriaren %22,3k zailtasunak dituzte hilabete amaierara iristeko. Eta gizarte laguntzak ez dira gai pertsona guztien beharrak asetzeko: «Bazterketa egoeran dauden 39.143 pertsona diru sarrerak bermatzeko errentaren gizarte babeseko sistematik kanpo geratu dira, baldintza zorrotzek galarazi dietelako; eta, sisteman sartu ziren 126.594 pertsonetatik 48.244k adierazi zutenez, laguntzak jaso arren ez zuten pobrezia egoera gainditu».

Uretak argi utzi du: «Pobreziaren, desberdintasunaren eta hilaren amaierara iristeko zailtasunen ehuneko handi horiek Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Legea [2022an berritu zuten] indargabetzea aldarrikatzen jarraitzea eragiten digute». Eta gehitu du pobreziaren aurkako prestazioak bermatuko dituen lege berri bat onartu beharra dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.