Hego Euskal Herrian 538.000 lagun daude pobrezia arriskuan

Pobrezia desagerrarazteko nazioarteko egunean, agerraldiak egin dituzte hainbat eragilek. Ohartarazi dute gizarte bat ez dela «duina izango» haren zati bat pobre bizi bada

Pobrezia desagerrarazteko nazioarteko egunean hainbat eragilek deitutako protesta atzo, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2023ko urriaren 18a
00:00
Entzun
«Pobrezia ikaragarria da, inork beretzat nahi ez duena, ez bere familiarentzat eta ez adiskideentzat». Hala ohartarazi du Pobreziaren eta giza bazterketaren aurka Borrokatzeko Europako Sareak EAEn duen taldeak (EAEko EAPN). Pobrezia desagerrarazteko nazioarteko eguna izan zen atzo. Gizarte eragileek emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 538.000 lagun daude pobre izateko eta gizartetik baztertua izateko arriskuan.

Bilbon agerraldia egin zuen atzo EAPNk. Aitor Ipiña presidenteak, Itxaso Bilbao presidenteordeak eta Marta Senz zuzendaritza batzordeko kideak gogoratu zuten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 422.000 lagun baino gehiago daudela pobrezia eta gizarte bazterkeria arriskuan. Beste datu batzuk ere eman zituzten: 3.300 pertsonak baino gehiagok ez du etxerik, eta 100.000 baino gehiago bizi dira pobrezia larrian.

Pobrezia «egitura sozioekonomikoaren» ondorio dela azpimarratu dute sareko kideek. Eta gehitu dute pobreziak «gaizki bizitzea» esan nahi duela: «Hileko fakturak ezin ordaintzea, neguan berogailua ezin piztea... eta, egoerarik larrienetan, bizitzeko etxe bat ere ez izatea».

Pobrezia desagerraraztea da EAPNren helburua. Luze gabe sistema publikoen prestazioetarako sarbidea izatea aldarrikatu dute. Eta, luzera begira, bidezkoagoa izango den eredu ekonomiko baten beharra azpimarratu dute, «0 pobrezia» xede izanik. «Gizarte bat ez da duina eta bidezkoa izango bere biztanleriaren zati bat pobre bizi bada».

Nafarroako Parlamentuak ere ekitaldi bat antolatu zuen atzo. Bertan, Jon Gonzalez eta Andrea Corera Gizarte Erakundeen Plataformako bozeramaileek esan zuten Nafarroan 96.000 pertsona daudela pobrezia arriskuan. Hori dela eta, adierazi zuten «pobrezia amaitu» behar dela. Eta nabarmendu zuten desgaitasunen bat dutenen egoera are okerragoa dela: «Euren batez besteko errenta txikiagoa da, eta euren gastuak handiagoak. Aurreiritziak eta diskriminazioak gizarte eta lan munduan sartzea zailtzen dute».

Protesta Eusko Jaurlaritzan

Beste hainbat eragilek ere atzoko eguna baliatu zuten protesta egiteko. Besteak beste, Argitan, Bizkaiko Etxeko Langileen Elkartea, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa eta Berri Otxoak bildu ziren Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen ordezkaritzan, eta salatu zuten bankuen, energia enpresen eta eraikuntza enpresen onura ekonomikoak hazten diren heinean pobrezia areagotuz doala.

«Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren herenak zailtasun handiak ditu oinarrizko premiak asetzeko», adierazi zuen Lorea Ureta bozeramaileak. Gainera, biztanleen %22,3k zailtasunak dituzte hilabete amaierara iristeko. Eta gizarte laguntzak ez dira gai pertsona guztien beharrak asetzeko: «Baztertuak dauden 39.143 pertsona diru sarrerak bermatzeko errentaren gizarte babeseko sistematik kanpo geratu dira; eta, sisteman sartu ziren 126.594 pertsonetatik 48.244k adierazi zutenez, ez zuten pobrezia egoera gainditu».

Uretak argi utzi zuen: «Pobreziaren eta hilaren amaierara iristeko zailtasunen ehuneko handi horiek ikusteak eskatzen digu Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Legea [2022an berritu zuten] indargabetzea aldarrikatzen jarraitzea». Eta gehitu zuen pobreziaren aurkako prestazioak bermatuko dituen lege berri bat onartu beharra dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.