Hego Euskal Herrian 5.279 abortu egin ziren iaz, gehienak zentro pribatuetan

Orotara, bost abortutik lau baino gehiago egin ziren sistema publikotik kanpo. Nafarroan, berriz, gehiago izan ziren osasun sistema publikoan egindakoak, zentro pribatuetan egindakoak baino.

Abortuak egiteko klinika baten irudia.
Abortuak egiteko klinika baten irudia. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko irailaren 28a
18:23
Entzun

Hego Euskal Herrian 5.279 abortu egin ziren iaz, Espainiako Osasun Ministerioak gaur kaleratu dituen datuen arabera. Mila emakumeko 9,14ko abortu tasa izan zuen Nafarroak, eta 11,92koa Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE). Herrialde bakoitzeko, hauek dira datuak: 2.282 abortu Bizkaian, 1.198 Gipuzkoan, 1.054 Nafarroan eta 745 Araban.

Datuek islatzen dute abortu gehienak ospitaletik kanpo egin zirela iaz ere. Abortuen %5,6 besterik ez ziren egin ospitaleetan. Horietatik %84,6 egin ziren ospitale publikoetan, eta %15,4 besterik ez pribatuetan.

Aldiz, proportzioa oso bestelakoa da ospitaleetatik kanpo egin ziren abortuetan. Azken horiek dira kopuru osoaren %94,3. Ospitaletik kanpo egin ziren hamar abortutatik bederatzi —%88,9— zentro pribatuetan egin ziren, baina alde handiak daude Nafarroako eta EAEko datuen artean. Nafarroan nahiko parekatuta daude kopuruak, eta ospitaletik kanpo egindako abortuetan gehiago izan ziren zentro publikoetan egindakoak —%55,5— pribatuetan egindakoak baino. Hau da, anbulatorioetara, osasun etxeetara, larrialdi zerbitzuetara eta bestelako osasun zerbitzu batzuetara jo zuten gehienetan. Aldiz, EAEn hiru kasu soilik izan ziren ospitaleak ez ziren zentro publikoetara jo zutenak, 3.994 abortutatik —%0,07—. Gainerakoak zentro pribatuetan egin ziren.

Adin tarteei dagokienez, bost abortutik lau 20-40 urte arteko emakumeenak izan ziren —%81,4—. Zazpi kasu izan ziren hamabost urtetik beherako nesken artean, eta 42 kasu 44 urtetik gorako emakumeen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.