Hego Euskal Herriko CO2 isurien txostenaren berri eman du ELAk gaur. Bi ideia nabarmendu ditu: Hego Euskal Herriko isuriak Europako Batasunean baino gutxiago murriztu dira 1990etik, eta, gainera, ez da izan euskal erakundeen politiken «ondorio», baizik eta aldian behin izandako egoerengatik, hau da, 2008ko krisi ekonomikoarengatik eta COVID-19ak eragindako pandemiarengatik.
ELAren arabera, Hego Euskal Herrian %10 gutxitu dira isuriak 1990etik. Europako Batasunean, batez beste, %28 murriztu dira. «Bi kasuetan 2030erako %55 murrizteko helburua (Parisko Akordioan finkatua) gero eta urrunago dago, eta horrek presazko neurriak hartzera behartzen du», adierazi du ELAk. Bereziki txarretsi du sindikatuak Nafarroako egoera. Izan ere, bere kalkuluen arabera, han %12 igo dira isuriak 1990az geroztik, batez ere Castejongo ziklo konbinatuko zentralaren funtzionamenduarengatik. Gasa erabiltzen dute zentral horiek.
Ñabardura bat ere egin du sindikatuek datuen ezaugarriei buruz. Izan ere, emisio guztiak —Hego Euskal Herrian isuritakoak ez ezik, bertako kontsumoarengatik kanpoan isuritakoak ere aintzat hartzen dira kontzeptu horretan— beharrean, zuzeneko isuriak kontuan hartuz gero, 1990ean baino gehiago isuriko lituzke Hego Euskal Herriak gaur egun: %18 gehiago, zehazki. «Klima aldaketari aurre egiteko ELAren proposamena trantsizio ekosozialean oinarritzen da, planeta eta pertsonen bizitza erdigunean jarriko dituena, eta ez gutxi batzuen negozioak. Trantsizio horretan aurrera egiteko neurri hauetan oinarritu behar dira: ekonomia birkokatzea, energia eta material kontsumoa murriztea, energia berriztagarrian oinarritutako energia trantsizioa eta industria jarduera iraunkorretarantz eraldatzea».
COP28ari buruzko balorazio negatiboa
Dubain amaitu berri den COP28ko bileraren akordioa «kaskarra» dela ondorioztatu du ELAk, besteak beste, ez dutelako adostu erregai fosilen amaiera. «Emaitza hori aurreikus zitekeen, kontuan hartuta negoziazio horien lidergoa petrolio enpresa garrantzitsu baten jabeak zuela».