Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroak tabakoaren kontsumoa kontrolatzeko plan berria izango dute aurrerantzean. Hamalau urtez eguneratu gabe egon ostean, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak gaur onartu du Tabakismoa Prebenitzeko eta Kontrolatzeko 2024-2027ko Plan Integrala. Behin betiko testuan, azken hilabeteetan adierazitako oinarrizko ildoei eusten die Osasun Ministerioak: lurrungailuen publizitatea mugatzea, erretzeko lekuak murriztea —terrazak eztabaidaren erdigunean jarrita—, eta tabakoaren zergak igotzea prezioa igotzeko. Dena dela, ez dute zehaztu zer leku mugatuko dituzten eta zer neurritan igoko dituzten tabakoaren gaineko zergak.
Behin betiko txostenetik kendu egin dute toki pribatuetan erretzeko debekua. Autonomia erkidegoek proposatu eta ministerioak onartu dituen 150 proposamen eta zuzenketetako bat da hori. Izan ere, hasierako zirriborroan aipatzen zen «eremu pribatuko leku jakin batzuk» sartu nahi zituztela kerik gabeko guneen zabalkuntzaren barruan; «bereziki, adingabeak dituztenak». Aldiz, tabakoa, zigarreta elektronikoak eta «lotutako produktuak» debekatzeko «erabilera publiko edo kolektiboko» lekuak areagotzeko neurriari eutsi egin diete onartutako planean. Hala ere, ez da zehazten zeintzuk izango diren toki horiek.
Zirriborro zaharrarekin alderatuta, ministerioak atal horren idazkera aldatu du. Lehenengoan, «aire zabaleko giro komunitario eta sozial jakin batzuk» aipatzen zituen; oraingoan, berriz, hau idatzi dute: «Erabilera publiko edo kolektiboko leku jakin batzuk; batez ere, adingabeak dituztenak».
Bestalde, tabakoarekin lotutako erabilera bakarreko gailuak ere debekatuko ditu Osasun Ministerioak, zirriborroan egin ez bezala. Horren helburua, osasun publikoaz harago, aztarna ekologikoa murriztea da.
Lurrungailuak, tabakoaren pare
Tabakoarekin lotutako produktuen salmenta eta kontsumoa arautu dute planean —nikotinadunena eta nikotinarik gabeena—. Osasun Ministerioak tabako produktuei buruzko legedia parekatzeko eskatzen du, tabakoa kontsumitzen hastea prebenitzeko. Izan ere, Monica Garcia Espainiako Osasun ministroaren arabera, tabakoaren aurkako plana egiterakoan «adostasun sozial eta zientifikoa» egon da.
Helburuetako bat lurrungailuak tabakoarekin parekatzea da, «nikotinaren kontsumoa zuritzen saiatzen direlako asko». Ministroaren iritziz, zigarro elektronikoak ohikoekin parekatzea bereziki garrantzitsua da, lehen aldiko kontsumoa erakargarria izan daitekeelako gazteentzat: «Irudi teknologikoagoa ematen dute, eta osasunerako arriskua murrizten dutela dirudi, baina sentsazio bat da». Hala, tabakoaren aurkako planak lurrungailuaren sustapena eta publizitatea kontsumo modu tradizionalenekin parekatzea du helburu, baita likidoak, kartutxoak eta nikotinaren ordezko piezak erabiltzen dituzten gailuen salmenta eta kontsumoa arautzea ere.
Planaren puntu horrek harrabotsa sortu du. Tabako industria saiatzen ari da lurrungailuak ohiko zigarretekin parekatzea eragozten, zigarro elektronikoak tabakoa baino kaltegarriagoak direla argudiatuta; gainera, esaten dutenez, pertsona batzuei erretzeari uzten laguntzen die.
Zigarroen prezioaren igoera
Tabakoa garestitzea da plan horren beste planteamenduetako bat. Zehapenen zenbatekoa berrikustea eta tabakoaren zerga tasak handitzea aurreikusten dute, prezioa handitzeko eta nikotina duten zigarro elektronikoentzako karga espezifikoa ezarriko duen zerga figura berri bat sortzea sustatzeko. Era berean, Osasun Ministerioak azaldu du Ogasun Ministerioarekin aztertuko duela tabakoaren nagusitasuna murrizteko hartutako neurriek eragingo dituzten zerga aldaketak.
Dozena bat erkidegok ez zuten bozkatu plana, ez zetozelako bat Osasun Ministerioak egitasmoa onartzeko erabilitako prozedurarekin; Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, ordea, ez diote uko egin planari.
Fernando Dominguez Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak adierazi duenez, planarekin bat egin dute «besterik geratzen ez delako». Hala ere, «kontu handiz» ezarriko dutela erantsi du: «Araudia garatu bitartean, egiten diren urrats guztien zain egongo gara. Gai honetan erretzaileen eta erretzaile ez direnen eskubideak errespetatu behar direla uste baitut, eta hor dago arazoa».
Hala ere, Nafarroako Osasun kontseilariak azaldu du «modu arraro samarrean» egin dela plana, eta informazioa falta zaiela: «Autonomia erkidegoen azken ekarpenak ez dira garaiz iritsi horiek baloratzeko».