Hegaztiek, narrastiek eta ugaztunek, arbaso komun bat bazuten ere, gero modu independentean garatu zituzten garuneko zirkuitu konplexuak. Hala ondorioztatu dute bi ikerketa taldek, Science aldizkarian argitaratutako ikerketa batzuetan. Fernando Garcia Moreno ikertzailea izan da ikerketa horien arduradunetako bat, eta haren lankideek ere parte hartu dute. Ikerbasqueko ikertzailea da Garcia-Moreno, eta Achucarro Basque Center for Neuroscience ikerketa zentroan eta EHUn lan egiten du.
EHUk nabarmendu du aurkikuntza horrek zalantzan jarri duela garunaren eboluzioari buruzko ikuspegi tradizionala, eta honako hau frogatu duela: «Talde horietan garuneko funtzio batzuk alderagarriak badira ere, enbrioi garaiko eraketa mekanismoek eta zelula motek eboluzio ibilbide desberdinak izan dituztela».
«Neuronak toki eta une desberdinetan sortzen dira espezie bakoitzaren garapen aldian. Zelula mota berriak eta bakarrak ditu bakoitzak»
FERNANDO GARCIA MORENO Ikerbasque ikertzailea
Palioa da ugaztunen neokortexa garatzen den garuneko eremua: funtzio kognitibo konplexuez arduratzen den eta gizakiak gainerako espezieetatik gehien bereizten dituen burmuineko aldea. Palioa ugaztunen, hegaztien eta narrastien artean alderatzeko moduko egitura zela pentsatu izan da, nahiz eta konplexutasunari begira desberdintasunak dauden. «Garuneko eremu horrek antzeko neurona motak eta prozesamendu sentsorial eta kognitiborako antzeko zirkuituak zituela uste izan da», azaldu dute.
Hala ere, ikerketa berriek argitu dutenez, hegaztien, narrastien eta ugaztunen palioaren funtzio orokorrak baliokideak izan arren, neuronen garapen mekanismoak eta identitate molekularra nabarmen aldendu dira eboluzioan zehar. Science-n argitaratutako lehen ikerketan agerian utzi dute hegaztiek eta ugaztunek antzeko funtzioak dituzten zirkuituak garatu dituztela, baina zirkuitu horiek modu oso desberdinean sortzen direla enbrioiaren garapenean.
Toki eta une desberdinetan
«Neuronak toki eta une desberdinetan sortzen dira espezie bakoitzaren garapen aldian», zehaztu du Garcia Morenok. Horrez gain, gene talde desberdinak erabiliz sortzen dira: «Zelula mota berriak eta bakarrak ditu bakoitzak». Alegia, eboluzioaren bide desberdinak erabili dituzte neuronen zirkuitu horiek sortzeko.
Bigarren ikerketak sakonago aztertu ditu desberdintasun horiek. Heidelbergeko Unibertsitatean egin dute ikerketa, eta Garcia Moreno izan da zuzendarietako bat. Hegaztien garuneko zelula moten atlasa osatu dute, ugaztunen eta narrastien garunekin alderatuta: «Neurona mota bakoitzak garun horietan erabiltzen dituen ehunka geneak deskribatu ahal izan ditugu, zelulaz zelula, eta bioinformatikako tresnekin alderatu».
Garcia Morenok uste du ikerketek agerian utzi dutela «eboluzioak soluzio ugari aurkitu dituela garun konplexuak sortzeko». Ikusi dute hegaztiek mekanismo propioak erabili dituztela neurona zirkuitu sofistikatuak garatzeko, ugaztunen bide berari jarraitu gabe: «Horrek aldarazi egin digu garunaren eboluzioa ulertzeko modua».