Bonelli arranoa, ugatza, benarriz arrunta, benarriz gorrizta, sai zuria, zikoina... Hegazti asko hiltzen dira urtero zutoin edo kable elektrikoak jota, edo bertan ezarri eta elektrokutatuta. Garikoitz Plazaola Eguzki talde ekologistako kideak azaldu du ezin dela jakin zehazki zenbat diren, «hilda aurkitzen diren hegazti askoren berririk ez delako ematen». Andres Illana Arabako Ekologistak Martxan-eko kideak adierazi du Eusko Jaurlaritzak ez duela egin txostenik horiek zenbatzeko, eta ikerketak zaharkituta daudela: «Arriskuen txosten bat egin genuen guk, baina 1998an izan zen». Antonio Vercher Espainiako Ingurumen eta Hirigintza fiskalak abuztu hasieran eskatu zien administrazioei neurriak har ditzatela egitura elektrikoak aldatzeko, dekretuan ezarri bezala.
2008an, Espainiako Gobernuak dekretu bat onartu zuen; horren arabera, autonomia erkidegoetako administrazioek eta enpresek neurriak hartu beharko lituzkete. Baina finantzaketarik eza izan da 2018ra arte enpresen arrazoia obrak ez egiteko, administrazioei egotzita finantzaketan ez parte hartzea. 2018ko martxoan, ordea, sententzia batek egoera aldatu zuen: Gaztela Mantxako Auzitegi Nagusiak 143.000 euroko isuna jarri zion Iberdrolari, Albaceten (Espainia) hildako arrano inperial iberiko batengatik. Epai hori aurrekaria izan zen, eta enpresen erantzukizuna nabarmendu zuen.
Administrazio batzuek, berriz, finantzaketan parte hartu eta akordioak egin dituzte enpresekin. Urtarrilean, Iberdrolak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak akordio bat sinatu zuten, zutoinen eta kableen egitura aldatu eta heriotza gehiago eragozte aldera: 750 egitura elektriko aldatuko dituzte hiru urtean; urtero, 250. Adostutakoaren arabera, Urdaibai inguruan egingo dituzte lehendabiziko berriketak. Plazaolak uste du berandu hartu dela neurria: «Txalogarria da, baina bazen garaia». Adierazi du ez dela «nahikoa». Izan ere, 7.000 egitura elektriko inguruk behar dituzte aldaketak Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. Beraz, %11 inguru soilik berrituko dute. Nafarroan ere administrazioaren eta enpresen arteko akordioa egin dute. Uztailean, Nafarroako Ingurumen Departamentuak eta Endesak itun bat sinatu zuten, Erronkari inguruan lanak egiteko; bost kilometroko sarea egokituko dute. Erronkariko transformazio zentroetako desbideratzetan eta Burgitik Bidankozera doan sarean egingo dituzte obrak. 2018an ere aritu ziren han. Eremu horretan ibiltzen da ugatza, galtzeko arriskuan dauden espezieetako bat. 34.000 euro jarri zituen horretarako Ingurumen Departamentuak, eta Endesak, gainontzeko 56.000 euroak.
Hegaztien babes bereziko eremuek lehentasuna dute obrak egiterakoan; Hego Euskal Herrian 24 zona daude hegaztien babeserako eremuan: besteak beste, Urdaibaiko itsaslerroa (Bizkaia), Salburua (Araba), Txingudi (Gipuzkoa) eta Iratiko basoa (Nafarroa). Eremu horietan daude galtzeko arriskuan dauden espezieetako asko: «Zutoinetan hilda aurkitzen ditugun hegaztiak, sarri, espezie babestuak dira», esan du Illanak. Hego Euskal Herrian galtzeko arriskuan daude, ugatzaz gain, basoiloa, basoilo txikia, bonelli arranoa, aztore arranoa eta amiltxoria, besteak beste.
Illanak gaineratu du gai «konplexua» dela elektrokuzioarena, hegaztien migrazioak direla eta: «Araban askatu genituen bonelli arrano ugari Extremadura [Espainia] aldean agertzen ziren hilik, hara migratzen zutelako janari bila, eta hango egitura elektriko arriskutsuetan hiltzen ziren».
Europako Batasunak 1992an martxan jarri zuen egoerari aurre egiteko ekinaldi bat: Life programak ingurumen planak finantzatzen ditu; 2014-2020 tarterako 3,4 bilioiko aurrekontua du. Sobronen (Araban) programa horren finantzaketarekin aldatu zituzten zenbait egitura elektriko: «Putre ugari agertu ziren hilik han; Life programarekin zintak jarri zituzten egituretan, hegaztiek ikus zitzaten», azaldu du Illanak.
Proiektu berria
Life programak lan berri bat jarri du abian Araban, egoerari beste konponbide bat emate aldera: hegazti txikiak askatu baino lehen, kaioletan daudela, antzeko egitura elektrikoak jartzen dizkiete, korronte ez oso altuarekin, ikas dezaten toki horietan ez ezartzen. Illanak uste du egitasmo «interesgarria» izan daitekeela, baina zutoinetan jarri behar dela arreta: «Egitura elektriko arriskutsuak debekatu behar dira, edozein hegaztiri gerta lekiokeelako, eta, gainera, alternatibak badaudelako horretarako».
SOStendidos plataforma 2016an sortu zuten hainbat talde ekologistek, horien artean Ekologistak Martxan-ek, egoera salatzeko, eta, Illanak azaldu bezala, «administrazioei eta enpresei presio egiteko». 2008ko dekretuaz geroztik, administrazioek salaketak bideratu beharko lituzkete: «Orain, hegaztiren bat aurkituz gero, diputazioari jakinarazi behar zaio, enpresei neurriak har ditzatela eskatzeko; hamabost egun baino lehen neurririk hartzen ez badute, fiskaltzan salatu behar da», dio Illanak.
Hegazti ugari lurrean
Urtero hegazti ugari hiltzen dira zutoin elektrikoetan. Jaurlaritzak eta Iberdrolak akordio bat sinatu dute hiru urterako; Eguzki talde ekologistak esan du ez dela «nahikoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu