Hegazti gripe kasu bat atzeman dute Mitikilen

Zuberoako etxalde batean hegazti gripea pairatu duten 1.000 ahate hil dituzte. Hiru kilometroko segurtasun eremua ezarri dute inguruan

Baiona
2017ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Aurtengo lehen hegazti gripe kasua aurkitu dute Euskal Herrian: Mitikilen (Zuberoa). Etxaldeko 1.000 ahateak Landetan (Frantzia) erosiak izan ziren, bertan galkatzeko. Aste hasieran gripea detektatzeko analisiak egin zituzten, eta, emaitza plazaratu bezain laster, animaliak barruan atxiki behar izan dituzte; hil egin dituzte. Horrez gain, hiru kilometroko segurtasun eremu bat zabaldu dute kutsatua den etxaldearen inguruan: bertan dauden ahateei probak eginen dizkiete. Baliteke, beraz, beste etxalde batzuk ere hunkituak izatea.

Asteartean Stephan Le Foll Nekazaritza ministroak jakinarazi zuen, Gixune (Lapurdi), Bidaxune, Akamarre, eta Samatzeko (Nafarroa Beherea) ahate tropak akabatu beharko dituztela, Landetatik gertu direlako, «birusaren hedapena oztopatzeko». Izan ere, Landetan asteak dira hegazti gripea agertu zela: milioi bat animalia inguru hil dituzte.

Panpi Saint-Marie ELB sindikatuko bozeramailearen ustez, arazoa ez dago hegaztien migrazioan, baizik eta sistema industrialean eta garraioan: «Gaurko industria zatitua da. Badira sortzaileak diren etxaldeak, hazleak direnak, eta, bukatzeko, galkatzekoak. Bakoitzean milaka ahate egoten dira, eta garraiatuak direlarik kamioietan metatuak izaten dira».

Harago doa sindikalista. Haren iduriko, egun hazten diren ahateek «baldintza guztiak batzen dituzte eritzeko». Nehoiz baino ahulagoak direla uste du: «Sistema hori dagoen heinean, ahateak urtero hilko dira». Sainte-Mariren arabera, iaz 185 milioi euro baliatu ziren kalteak ordaintzeko. «Eta diru hori publikoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.