Hegazti gehiago agertu dira hilik Donostiako Urumea ibaian

Joan den astean ere uretako hegazti gehiago agertu ziren, baita aingirak ere. Eguzki talde ekologistak gertatutakoa argitzeko eskatu du.

Hilda agertu diren bashateetako bat. EGUZKI TALDE EKOLOGISTA
jone arruabarrena
2022ko abuztuaren 29a
16:08
Entzun

Hegazti batzuk hilik agertu dira Donostiako Urumea ibaian, Eguzki talde ekologistak salatu duenez. Azaldu dute gehienbat basahateak direla, eta oraingoan Martutene inguruan agertu direla. Izan ere, ez da lehenengo aldia. Abuztuaren 21ean ere elkarteak jakinarazi zuen uretako hegazti batzuk hilik agertu zirela ibai berean, eta abuztuaren 27an ere hilda agertu ziren 50 aingira zenbatu zituzten.

Taldeak azaldu du udaltzaingoa eta aldundiko eta Uraren Euskal Agentziako teknikariak bertaratu direla jada, gertatutakoa aztertzeko. Eguzkik azalpen «sinesgarri bat» eskatu du, eta «arrazoiak argitu arte» ikerketa ez ixteko deia ere egin du.

Odola Urolan

Azken asteetan halako salaketa ugari egin ditu taldeak. Joan den astean, ohartarazi zuen Urola ibaira odola isuri zutela, eta adierazi zuen zitekeena zela Urkaiko hiltegian izatea jatorria. Odolak ibaiko ekosistema kutsatu eta arriskuan jartzen duela esan zuen Eguzkik, eta Uraren Agentziari eman zion orduko hartan ere isurketaren berri. Gertatutakoa argitzeko ikerketa bat jarri zuen martxan erakundeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.