Jaizkibel mendiaren magal batean piztutako sutea itzaltzeko lanean ari dira

Goizean izandako haize bolada bortitzek ez dute batere lagundu Jaizkibel mendiko sutea itzaltzen, Gipuzkoan. Eguerdian piztu da Pasaiako aldean, eta suhiltzaileak eta basozainak sugarrak amatatu nahian ari dira. Dagoeneko 30 hektarea erre dira.

Gipuzkoako Jaizkibel mendiaren magal batean piztu da sutea. Irudian, sugarrak. JUAN HERRERO/EFE
Gipuzkoako Jaizkibel mendiaren magal batean piztu da sutea. Irudian, sugarrak. JUAN HERRERO/EFE
kristina martin
2025eko martxoaren 20a
17:52
Entzun 00:00:0000:00:00

Jaizkibel mendiaren magal batean sortutako sutea itzaltzen saiatzen ari dira oraindik ere. Gipuzkoako suhiltzaileak, Foru Aldundiko basozainak, Ertzaintza eta Pasaiako udaltzainak ari dira buru-belarri lanean. Gaur 13:00 aldera piztu da sutea, Pasaian (Gipuzkoa). Dagoeneko, basoaren 30 hektarea erre dira: Donibane auzo aldeko pinudi bat da, itsasoarekin muga egiten duen aldea. Helikoptero batekin aritu dira itsasotik ura hartzen eta mendian botatzen. Oarsoaldeko Hitza-n zabaldutako informazioaren arabera, sua indarra galtzen ari da, baina ez dago oraindik kontrolpean. «Orain ezin da hori ziurtatu, tarteka sugarrak ikusten direlako», esan du Pasaiako alkate Teo Alberrok. Haize ufada bortitzak direla zehaztu du udal agintariak, eta horrek lanak zailtzen dituela.

Horretaz gain, beste hainbat arazo sortu ditu haizeak gaur. Haize ufada bortitzek nonahi sortu dituzte kalteak eta trabak: hogeitik gora hegaldi bertan behera gelditu dira, trenbide sarean eta errepideetan arazoak sortu ditu, eta zenbait herritako azpiegiturek kalteak izan dituzte.

Euskalmet agentziak jakinarazi duenez, haize boladarik bortitzenak Matxitxako lurmuturrean (Bizkaia) eta Zaldiaran mendian (Araba) izan dira. Baina haize leku horietan ez ezik, bazter askotan ere igarri dira orduko 100 kilometrotik gorako ufadak: Bizkaian, esaterako, Oiz mendian, Orozkon, Balmasedan eta Urduñan; Gipuzkoan, Zarautzen eta Zizurkilen; Araban, Bernedon eta Arraia-Maeztun.

Ondorioak ere bazter askotan pairatu dituzte. Bilboko aireportuan, adibidez, hogei bat hegaldi geratu dira bertan behera, aireportuen kudeaketaz arduratzen den Aena erakundeak jakinarazi duenez. 07:00etatik 10:45erako tartean, Loiun lurreratzekoak edo aireratzekoak ziren hegaldiak izan dira kaltetutakoak: Santiago, Menorca, Londres, Bartzelona, Alacant, Sevilla eta Malagarako joan-etorriei eragin diete haize boladek. Hondarribiko aireportuan ere izan dira gorabeherak. Madrildik zetorren hegaldi batek ezin izan du lur hartu, eta jatorrizko aireportura itzuli behar izan du.

Zenbait herri eta hiritako azpiegiturak ere kaltetuak izan dira: Gasteizko Ekialde Institutuko estalpearen zati bat altxarazi du, eta eskolako jolastokia eta ondoko espaloia —Florida kalean— hesitu behar izan dute segurtasuna bermatzeko. Barakaldon (Bizkaia),  Lasesarreko kirol instalazioak itxi dituzte, pabiloiaren teilatuaren plaka batzuk altxatu direlako. Bergaran (Gipuzkoa), Agorrosin kiroldegiko teilatuaren zati bat altxatu dute goizeko haizeteek, eta  itxi egin behar izan dute. Bestalde, Urnietan (Gipuzkoa), Goiburu eta Ergoien auzoak argindarrik gabe geratu dira, goi tentsioko linean haizeak eragindako kalteengatik.

Arratsaldean giroa baretu den arren, abisu horia berriz ere indarrean egongo da haizearengatik, 00:00tik 06:00 arte, Araban eta Gipuzkoan, SOS Deiak jakinarazi duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.