«Gogoan izan behar da gaitza pasatu ez duten pertsona guztiak edo behar bezala immunizatuta ez daudenak kutsa daitezkeela, behar bezala txertatuta ez badaude». Elgorri kasu baten agerpenaren harira egin zuen ohartarazpena Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, joan den astean. Azken urteetan, gaixotasunaren hedapena ez da kezka iturri izan, baina arreta kentzea arriskutsua dela erakutsi du Baionan berriki gertatutakoak: apirilean xingarraren azokan izandako 40 lagun elgorriarekin kutsatu ziren, ARS Akitania Berriko Osasun Agentziak baieztatu zuenez. 200.000 pertsona inguru batu ziren festa horretan, eta osasun agintariek uste dute jendetzak birusa zabaltzea erraztu zuela.
Urte askotan ez da elgorririk agertu Euskal Herrian, baina 2017tik zenbait kasu identifikatu dituzte osasun arduradunek. Eta, aurten, gutxienez zazpi antzeman dituzte Hegoaldean. Araban agertutako azken kasuaren jatorria ikertzen ari da Osasun Saila, baina gainerakoekin ez du dudarik: «Eremu epidemikoetara egindako bidaietan kutsatu dira». Izan ere, gaitza kontroletik kanpo dagoen herrialdeetan ez ezik, urteetan kontrolpean izan duten herrialdeetan ere ugaritu dira elgorri kasuak. Adierazgarria da Amerikako Estatu Batuetan izandako gorakada: ia 900 kasu identifikatu dituzte 23 estatutan, urtea hasi zenetik; 1994tik ez du halako eraginik izan gaitzak.
Elgorriaren hedapenaz hitz egitean mugez harago jo behar dela uste du Miren Basaras EHUko Mikrobiologia irakasleak: «Europako eta munduko fenomeno bat da». Txertaketak behera egin du herrialde askotan, eta esan du gaixotasunaren hedapena horri zor zaiola hein handi batean: «Leku askotan, hemen bezala, txertoa jartzea ez da derrigorrezkoa, gomendagarria baizik. Hemen txertoaren estaldura maila mantendu egin da, baina herrialde batzuetan behera egin du. Frantzian, esaterako, txertoa jarri behar zuten 500.000 umek ez dute jarri». OME Osasunaren Munduko Erakundean kezka eragin du egoerak; ohartarazi du txertaketa faltak hainbat gaixotasun zabaltzea eragin eta bizkortu dezakeela, tartean elgorriarena.
Momentuz, bestelakoa da egoera Euskal Herrian. Biztanleriaren %95 inguruk jartzen dute txertoa. «Noizbehinkako» agerraldiak egin ohi ditu eritasunak, Basarasek azaldu duenez, baina, txertoaren estaldura zabalari esker, «birusak ez du aurkitzen populaziorik infektatzeko». Hedapena mugatzen du «taldeko immunizazioak»; alegia, birusa zabaltzen hasiko balitz ere, gehienek txertoa hartua dutenez, txertorik hartu ez dutenak ere babestuago egongo lirateke.
Konturatzerako, hedatuta
Dena den, txertaketa gutxitzea «osasun publikoko arazoa» delakoan dago EHUko irakaslea, eta kontzientziazioaren beharra nabarmendu du: «Badago gaixotasunaren prebentziorako mekanismo eraginkor bat, txertoa, eta hori erabili egin behar dugu. Orain kontrolatuta dagoena arazo bihur liteke urte gutxitan». Hala gertatu da hainbat herritan, eta gobernu batzuk neurriak hartzen hasiak dira, txertaketa derrigortzeko asmoz. Izan ere, txertoen aurkako mugimenduek indarra hartzearekin lotu dute txertaketaren jaitsiera. Kezkatzeko motibo bat badago hor, Basarasentzat: «Hemen zergatik ez da gauza bera gertatuko?».
Paramixovirus familiako birus batek eragiten du gaixotasuna, eta airearen bidez transmititzen da. «Birusa duen pertsonak eztula egitean, barruan dituen birus partikulak kanporatzen ditu, eta ingurukoek harrapatu ditzakete partikula horiek», azaldu du Basarasek. Horrenbestez, oso zaila izaten da zabalkundea kontrolatzea. Infekzioa dutenen kontrola egitea garrantzitsua dela azpimarratu du: «Kasuren bat agertzen denean, jakin behar izaten da pertsona hori non egon den, norekin izan dituen harremanak, zein den bere eragin esparrua, infekzio berriak garaiz atzemateko».
Aurreikusten zaila den arren,birusaz kutsatuta, erraz antzematen da elgorria. Sukarra eta ondoeza izan ohi dira lehen sintomak. Larruazaleko infekzioa izaten da, hala ere, adierazle nagusia: aho inguruan azaldu ohi da lehenik, eta gorputzeko gainerako ataletara erraz zabaltzen da gero. Gaitzak ez du tratamendurik: «Ez dago elgorriaren aurkako botika jakinik. Birus bat da, eta birusen aurka ezin da antibiotikorik hartu. Sintomak arintzea da egin daitekeen onena: sukarra baduzu, sukarra arinduko duen zerbait hartu». Ohiko sintomez gain, eritasunak ez du, normalean, ondorio larriagorik. Dena den, batzuetan, erien egoera zaildu daiteke: «Entzefalitisa, itsutasuna eta pneumonia ager daitezke».
Gutxiengo bat, arriskupean
Biztanleen %95 inguruk elgorriaren aurkako txertoa hartzea gomendatzen du OMEk; horrek gaitza zabaltzea eragozten du. Haurrek urte batekin hartzen dute lehen txertoa, eta lau urterekin bigarrena. Basarasek azaldu du lehen txertoa hartu aurreko denboran umeek arrisku berezia dutela. Horrez gain, erantsi du adinagatik inoiz txertatu gabeko populazio multzo bat dagoela: «1970eko hamarkadan zabaldu zen elgorriaren aurkako txertoa. Egun 50 urte inguru dituztenetako asko txertatu gabe daude». Haiekin batera, kutsatzeko arrisku berezia dute migratzaile askok; hori dela eta, osasun publikoan sartzearen garrantzia azpimarratu du.
Hedapenari galga jartzera
Euskal Herrian eta munduan, elgorri kasuak ugaritu egin dira, txertaketek behera egin baitute. Prebentzioaren aldeko mezuak zabaldu dituzte adituek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu