Elizari lotutako sexu-abusuak. Alberto Barandiaran. Kazetaria eta idazlea

«Hedabideek gaiari garrantzia emateak asko lagundu du isiltasuna hausten»

MAIALEN ANDRES / FOKU.
jone arruabarrena
2022ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Spotlight hemen, gaur. Izen hori zeraman Barandiaranek 2016. urtean BERRIAn argitaratu zuen artikuluak. Hartan, Irungo La Salle eskola erlijiosoan izandako bizipenak kontatzen zituen kazetariak: «Gazte ginenean, guk abusuak jasan genituen», azaldu zuen. Hautsak harrotu zituen idatziak, eta, urtebete geroago, Barandiaranek artikulu horretan adierazi zuen ezinegonak fruituak eman zituen: Ez duzu abusatuko liburua (Txalaparta, 2017) kaleratu zuen Iñigo Astiz eta Miren Rubiorekin batera. Azken bost urteotan elizako abusuen gaiak hartu duen ikusgaitasunaz mintzatu da BERRIArekin.
Badirudi askotan aipatu duzun isiltasun hori pitzatzen ari dela. Zer dela-eta orain?
Ez da erraza hainbeste urtetako isiltasuna bat-batean haustea; prozesu bat behar izaten du, eta uste dut kasu honetan komunikabideek gaiari garrantzia ematen hasteak nabarmen lagundu duela ibilbide horretan. Guk liburua atera genuenean, argitara atera ziren kasu batzuk, baina uste dut orduko hartan ahalegin koordinatu bat falta zela, denek batera bultzatzea.
Koordinazio hori egin da azken urteetan?
Bai. Nafarroan elkarte bat sortu zen, egunkari batzuk hasi ziren gaiaren inguruan sakon ikertzen, unibertsitateek ere azterlanak hasi dituzte, geroz eta gehiago hasi da hitz egiten gaiari buruz... Azkenean, aktualitate informatiboan sartu zen pixkanaka. Horien guztien artean sortu den giro horretan, biktimak ikusten hasi dira beren kasua ez dela bakana, eta horrek hitz egitera bultzatzen ditu askotan.
Nolakoa izan beharko luke instituzioen eta elizaren jarrerak testigantzen harira?
Aspaldian hartu beharko luketen jarrera. Hau da, Eliza hasi beharko litzateke kontu hau serio hartzen, eta ulertu beharko luke hau ez dela Elizaren kontra joan nahi dutenen ahalegin politiko edo ideologikoa. Kontrara, urteetan ezkutatzen saiatu diren benetako errealitate bat dela. Jendeak ulertu du ez dela kasu bakana; gauza orokorra da, eta Elizak aurre egin beharko dio horri.
Nola?
Modu askotan egin daiteke: kaltea onartu eta biktimekin hitz eginda, ikerketa zabal bat abiatuta, justiziari lagunduta... Orain arte egin ez den guztia eginda. Erakundeek ere lagundu beharko lukete, hau ez delako soilik Elizaren arazoa.
Spotlight filmean aipatzen da Elizan sexu abusuak sistematikoak izan direla. Uste duzu Euskal Herrian ere hala izan dela?
Bai. Munduko Eliza guztietan gertatu da, eta hemen ere bai. Duela urte batzuk eskola erlijiosoetan edo seminarioetan egon den edonork ezagutzen du sexu-abusu kasuren bat. Toki askotan, urte askoan eta etengabe gertatu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.