«Hedabide hegemonikoen errelato patriarkal eta arrazisten aurrean, alternatiba feminista» proposatu dute Gazte Feministek

Euskal Herriko Gazte Feministak mugimenduak gaur Donostian egindako protesta ekintzan adierazi duenez, hedabide hegemonikoek «zabaldu nahi duten beldurraren bidez» ez dituzte geldiaraziko feministak.

Euskal Herriko Gazte Feministek protesta egin dute gaur eguerdian, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Euskal Herriko Gazte Feministek protesta egin dute gaur eguerdian, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Donostia
2024ko azaroaren 22a
16:00
Entzun

Euskal Herriko Gazte Feministak mugimenduak protesta ekintza bat egin du gaur, Donostian, El Diario Vasco egunkariaren egoitzaren aurrean. Indarkeria matxistarekin lotutako albisteetan zenbait hedabidek kontakizun «patriarkalak eta arrazistak» zabaltzen dituztela salatu dute. Horren adibide batzuk idatzi dituzte kartel handi batzuetan, eta metalezko hesi batzuetan zintzilikatu dituzte. Titulu horietako batzuetan, «ustezko erasoak» eta «salaketa faltsuak» aipatzen dira. Beste batzuetan, erasotzailearen atzerriko jatorria nabarmentzen dute, erasoaren ardura emakumearen gain jartzen dute, edo polizien jarduna goraipatzen dute.  

Euri jasak atseden eman duen tartetxo bat baliatuta, Gazte Feministak taldeko kideek errotulagailu gorriz nabarmendu dute zeintzuk diren titulu horietan «hegemonia heteropatriarkala finkatzeko funtzioa» duten terminoak, eta feminismoaren ikuspuntutik nolakoak behar luketen idatzi dute gainean. Berregindako titulu horiek guztiak hesietan zintzilik eta ikusgai geratu dira.

Ekintza horrekin, azaleratu nahi izan dute mota horretako kontzeptuak plazaratzen dituzten hedabideak ez direla «informazio iturri soilak, sistema zisheteropatriarkala sostengatzeko aparatuak baizik». 

Feminismoaren garaipena

Hedabideetan erasoen berri ematea bera feminismoaren garaipenaren erakusgarri dela gogorarazi du Euskal Herriko Gazte Feministak taldeak. «Feminismoak indarkeria matxista desnaturalizatzea lortu du», esan dute protestan manifestua irakurri dutenek. Hala ere, oraindik ere ikuspuntu heteropatriarkala islatzen duten egunkari eta bestelako hedabide ugari daude, eta ohartarazi dute informazioa emateko modu horrek kalte handia egiten duela. «Gizon batek emakume bat hil duela esan beharrean, emakumea hil dela entzuten dugu, eta erasotzaileari erantzukizuna kentzen zaio». Beste adibide bat ere plazaratu dute: «Erasotzailea gizon zoro, irrazional eta ezezagun gisa» azaltzen da, eta, horrek «pentsaezin bilakatzen du bikotekidea, aita, osaba edo kuadrillako laguna erasotzaileak izatea». 

«Medio hegemonikoek zabaltzen duten errelato patriarkal eta arrazisten aurrean, alternatiba feminista» antolatzeko deia egin dute. Gazte Feministek argi utzi dute «hedatu nahi duten beldurraren bidez ez dutela lortuko feministak geldiaraztea» eta «izu saiakera horri boteretze kolektiboz» erantzungo diotela agindu dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.