1989an Espainiako Gobernuak Herri Batasuneko kideei bonbak bidali zizkiela aitortu zuen joan den astean Abc egunkarian Antoni Asuncion Barne ministro ohiak, eta, atzo, EH Bilduk Eusko Legebiltzarreko kontrol saiora eraman zuen gaia. Gertatutakoa argitzeko Eusko Jaurlaritzak zer urrats egin asmo duen galdetu zion Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak Beatriz Artolazabal Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailburuari. «Estatuko egituretatik» bidalitako bonben kasua argitzea ezinbestekoa dela erantzun zion Artolazabalek, eta horretarako ikerketa bat abiatzeko eskatu zuen: «Demokrazia sendotu nahi badugu, horrelako kasuak ikertu beharra dago». Are, Justizia sailburuak erantsi zuen ikerketa posible egiteko funtsezkoa dela gertaera horien inguruan ezarrita dagoen sekretu ofiziala kentzea: «Ausardia behar da».
Gertakariak «giza eskubideen urraketa larria» izan ziren, eta horiek estaltzen saiatzea «oker oso larria» da, Artolazabalen aburuz. Izan ere, azpimarratu zuen biktima guztiek «memoria, justizia eta aitortza» merezi dutela, eta, alde horretatik, Sekretu Ofizialen Legea aldatzea ezinbestekoa dela «egia osoa» jakiteko.
Dokumentu horiek desklasifikatzea ez dago Eusko Jaurlaritzaren esku, baina sailburuak ohartarazi zuen gobernuak «urrats politiko eta instituzional oro» egingo dituela egia jakiteko, eta beharrezkoa balitz, bonba horien hartzaileak biktima gisa aitortzeko. Zehazki, polizien gehiegikerien biktimen legearen barruan kabida izango lukete pertsona horiek, Artolazabalek azpimarratu zuenez.
Jaurlaritzak auziarekin erakutsi duen jarrera gaitzetsi zuen Arzuagak hitza hartu zuenean. Azken egunotan auziaren inguruan «isilik» egotea eta ezagutu diren gertaeren aurrean jarrera «epela» erakustea aurpegiratu zion Jaurlaritzari. Halaber, gogora ekarri zuen gertaera haietan PSOEko ministroak inplikatuta egon zirela, eta alderdi horrekin osatzen zuela orduan EAJk gobernua, baita gaur egun ere. «PSOEren siglen azpian jardun zuten Barrionuevok, Corcuerak, Verak eta Gonzalezek. Eta nik galdetu nahi dizut ea ez zaren inplikatuta sentitzen, zeharka ez bada ere».
Halaber, biktimen artean mailaketak egitea egotzi zion Jaurlaritzari. «Errealitateak erakusten du biktima batzuk lehen mailakoak direla, instituzioen aitortza eta babesa jasota, eta beste batzuk kanpoan uzten direla, zokoratuta, areketan». Jaurlaritzak bonben auzia ikertzeko agertutako konpromisoa zalantzan jarri zuen, halaber: «Zer neurri jarriko dituzue abian ikerketa egiteko? Nola kenduko duzue dokumentuen sekretu ofiziala?».
HBko kideei bidalitako bonben auzia ikertzea galdegin du Artolazabalek
Gertakarien sekretu ofiziala kentzeko eskatu du Jaurlaritzako Justizia sailburuak. EH Bilduk biktimen artean mailaketak egitea egotzi dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu