Lurraren artifizializazioa. Josu del Campo eta Jon Macias. Geografoak

«Hazteko eredu egokiena lehendik artifizialak diren lurretan haztea da»

Artifizializazioari mugak jartzea ezinbestekoa dela uste dute Del Campok eta Maciasek. Angelu eta Errenteria alderatu dituzte, eta ikusi dute Lapurdiko hiriak lurren %86 artifizializatuak dituela.

BEÑAT PARRA / IRUTXULOKO HITZA.
inaut matauko rada
2022ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
«Hiria eta lurraldea haritzen» saiatzen dira Josu del Campo eta Jon Macias geografoak sare sozialetan, Haritik Hirira Twitter kontuarekin. Duela gutxi Angelu (Lapurdi) eta Errenteria (Gipuzkoa) konparatu zituzten; izan ere, nahiz eta biztanleria eta eremua antzekoak izan, Angelun lurraren %86 artifizializatuta dago, eta Errenterian, berriz, %12 bakarrik. Urban sprawl edo hiri hedapena esaten zaio artifizializazio tasa handia sortzen duen hiri ereduari, eta AEBetan garatu zen, Bigarren Mundu Gerraren ostean.

Zer sartzen da eremu artifizializatuaren kategoriaren barruan?

JON MACIAS:Urban Atlas-en arabera, etxebizitzak sartzen dira artifizializatutako lurretan, hiriko eremu berdeak, industria eremuak, kirol instalazioak, errepideak, trebideak, aireportuak...

JOSU DEL CAMPO: Hornidura azpiegiturak ere sartzen dira; askotan begi bistan ikusi ez arren, lurrazpiko hodiak ere eremu artifizialaren barruan sartzen dira.

Zer da zehazki urban sprawl hiri eredua?

DEL CAMPO: Hiriak asko zabaltzen dira, eta biztanle kontzentrazio txikiko hiriak sortzen dira. Eraikinen arteko tarteak handiagoak dira, eta horrek ibilgailu pribatuarekiko dependentzia handitzen du. Bestalde, hiriaren zati handi bat etxebizitzarako bakarrik erabiltzen da.

MACIAS: Azken finean, etxe familiabakarretan eta ingurune berdean bizi nahi duen jendeagatik sortzen da eredu hori, eta, AEBetan espazio handia dutenez, zabaldu egin zen urban sprawl- eredua. AEBetan hedatu ostean, Europara iritsi zen hamarkada batzuk geroago, Ingalaterrara eta Eskoziara batez ere, eta beste herrialde batzuetara zabaldu da azkenaldian.

Zer esan nahi du eremu asko etxebizitzarako soilik erabiltzeak?

MACIAS: Azkenean, halako eremuetan funtzio bakar baten bila ibiltzen dira. Izan ere, etxe familiabakarrak dauden lekuetan oso zaila da beheko solairuetan komertzioak ezartzea. Eremu konpaktuetan, Europan ohikoagoa den ereduan, berriz, beheko solairuak komertzioei uzten zaizkie. Urban sprawl ereduan, deskonexio bat lortu nahi dute etxebizitzaren eta eremu tertziarioaren artean, eta konexio bakarra errepide bat da, autoarekiko mendetasuna handituz.

Soziologikoki zer eragin ditu halako hiri hedapenak?

DEL CAMPO: Betidanik ezagutu izan dugun kale kontzeptua guztiz ezabatzen da. Urban sprawlereduan, kaleak izaera galtzen du, eta auzotarren arteko harremanak gutxitu egiten dira.

Zer dakar gehiegizko artifizializazioak?

DEL CAMPO: Eremu horretan gutxieneko azpiegiturak eraiki behar dira: errepideak, gas hodiak, elektrizitate kableak, eta abar. Eremua gero eta handiagoa izan, orduan eta gehiago eraiki behar da. Hori dela eta, Errenterian, azpiegitura gutxiagorekin jende gehiago bizi daiteke. Bestalde, artifizializatutako lurra iragazgaitzagoa da naturala baino, eta zenbat eta eremu artifizial gehiago izan, orduan eta uholde gehiago egongo da.

Ba al dago artifizializazio portzentaje egokirik?

MACIAS: Ez dut uste zenbaki konkretu bat dagoenik, baina ikusten da eredu hori hedatuz doan heinean lurra jaten ari dela, eta, halako batean, udalerriko lurzorua amaitu egingo da. Legedi aldetik komeni da, nahiz eta zenbaki zehatzik ez egon, zorrotzak izatea mugak jartzeko orduan, eta hiri eredu konpaktu bat bultzatzea.

DEL CAMPO: Uste dugu gai hori oso garrantzitsua dela. Egia da hiriak gero eta gehiago hazten ari direla, baina, gure ustez, hazteko eredurik egokiena lehendik artifizialak diren lurretan haztea da, eta ez, inola ere, geratzen diren eremu natural horietan eraikitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.