Asteon, Eldiario.es hedabideak argitaratu du Alfredo de Miguel Araba Buru Batzarreko kide ohia Eusko Jaurlaritzari lotutako Hazi fundazioko gerentea dela. Harrabotsa eragin du informazio horrek; izan ere, De Miguel ustelkeriagatik epaitu zuten 2019an, eta hamahiru urteko espetxe zigorra ipini zioten. Atzo, ordea, Hazik gezurtatu egin zuen, ohar bidez: «Ez du konfiantzazko kargurik, ez izendapen askekorik, ez kargu politikorik, eta ez da funtzionarioa. Era berean, Hazi fundazioaren antolamenduaren barruan ez du inolako gerente kargurik, eta lanpostu bat du, baina langile laboral gisa».
Gainera, haien hitzetan, azken zazpi urteetan ez da inolako berritasunik egon De Miguelen lan egoeran. Eta ulertzeko «zaila» egiten zaie «duela bi urte baino gehiagotik Eusko Legebiltzarrean argitaratzen eta jasotzen den informazioa» albistetzat interpretatu izana orain.
Fundazioak azaldu duenez, De Miguel 2010ean itzuli zen bere lanpostura, eszedentzia batean egon ondoren. 2015ean, barne deialdi bat egin zuten Itsasertzeko Ekintzailetza eta Dinamizazio Arloko teknikari postua adjudikatzeko, eta De Miguelek eskuratu zuen puntuaziorik handiena.
Epaia, behin-behinekoa
Nabarmendu dute Hazik«irizpide juridikoen eta administratiboen arabera» jardun behar duela, eta gogorarazi dute De Miguelen kontrako epaia ez dela behin betikoa. Behin betikoa denean hartuko dute erabakia: «Epai irmo batek, edozein dela ere, aukera emango die Hazi fundazioari eta haren mendeko sailari irizpide juridiko eta administratiboei jarraituz erabaki bat hartzeko auzitegien behin betiko epaiaren zain dagoen langileari dagokionez».
Dena den, Hazik aitortu du badagoela ezinegona: «Fundazioak ulertzen du gizarteak ez duela egoera konprenitzen, eta onartzen du pertsona horri buruz hartutako erabakiak ez direla errazak antolakundearentzat berarentzat».
Hazik ziurtatu du De Miguel ez dela bertako gerentea
Haziri ulertzeko «zaila» egiten zaio orain albiste iturri izatea publikotzat daukan informazio bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu