1976ko martxoaren 3ko sarraskia. Urteurrena gogoratzeko ekimenak

Hazia erein nahi dute atzera

1976ko martxoaren 3ko gertaerak gogoan, itxialdian daude hainbat gazte Gasteizko San Frantzisko elizan. «Sistema kapitalista eta patriarkala» salatu nahi dute.

Itxialdia egiten ari dira Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan, eta pertsona ugari bildu zen atzo arratsaldean eginiko batzarrean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2013ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Duela 37 urte Gasteizko Zaramaga auzoan jazotako gertaera lazgarriak gogoan dituzte. Gazteak dira, baina badakite orduan eskubide sozial eta politikoen aldeko borrokak indar handia zuela, eta elkarlan eta elkartasunbalioak oso presente zeudela gizartean. Eredugarritzat dituzte orduko eredu asanbleario eta borroka moldeak, eta hargatik erabaki dute horiei jarraipena ematea. 1976ko martxoaren 3ko egun latz hura gogoan hartuta, itxialdia burutzea erabaki dute hainbat gaztek Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan, duela 37 urte polizia armatua bost mila grebalariei bortizki oldartu zitzaien eta bost lagun hil eta beste ehunka zauritu zituen leku berean. Igandean hasi zuten protesta, martxoaren 3ko gertakariak omentzeko eguerdian egindako manifestazioaren ondotik, eta han aste osoa egoteko asmoa dute, elizako apaizarekin akordiobat lortu eta gero.

37 urte eta gero herri botereak zutik dirau. Lelo hori duen pankarta ikus daiteke elizaren atarian. Goiburu horrek ongi laburbiltzen du itxialdia hasi duten gazteen filosofia: «Gazteok gaur egun pairatzen dugun egoera gainditu nahi dugu, sistema kapitalista eta patriarkal honek ezartzen digun guztiaren aurka eginez», azaldu du Jagoba Apaolaza gazteak. 1976ko eta gaur egungo egoera sozioekonomikoaren «antzekotasun» asko daudela, eta, beraz, borroka egiteko arrazoiek bere horretandirautela uste du, berriz, Nerea Agirrek.

Gainera, azaldu du ez dutela ahazten Gasteizko gertaera odoltsuetan hildakoak eta zauritutakoak, eta haien memoria ere bizirik gorde nahi dute protestarekin: «Hemengo sarraskiak baditu erantzule batzuk, baina ez dituzte epaitu, eta horrek erakusten du zigorgabetasunak, oraindik ere, indarrean jarraitzen duela gure herrian, beste alor batzuetan bezala».

Ez da kasualitatea, beraz, martxoaren 3ko eguna eta San Frantzisko eliza aukeratu izana protesta egiteko. «Sinbolikoak» direlako hautatu dituzte data eta toki horiek. «Gazteak gara, baina badakigu 1976an zer gertatu zen, zein balio eta kezka zituen orduko gizarteak: batasuna, elkartasuna, albokoa laguntzeko prestasuna... Orduko izpiritua berpiztu nahi dugu». Finean, duela 37 urte borroka egin zutenei «omenaldia» egin nahi diete ekintzarekin.

Gazteak arazorik gabe egiten ari dira itxialdia Zaramagako elizan, nahiz eta lehen unean han geratzeko trabak jarri zizkien hango apaizak. Hasiera batean geratzeko baimena ukatu egin zien,baina, harekin bildu eta hitz egin ondoren, eragozpenik ez die jarri itxialdia egiteko. Gunea zaindu eta errespetatzeko konpromisoa hartu dute gazteek.

Pentsamolde askotarikoak

Itxialdia egitea ez da bat-batean hartu duten erabakia. Duela urtebete inguru mamitzen hasi ziren elkarlanerako bide hori ideologia askotariko gazte mugimenduko hainbat lagunek. «Banatzen gaituena baino gehiago, batzen gaituenari ematen diogu garrantzia», azaldu dio BERRIA-ri Apaolazak. Independentistak, sozialistak, komunistak, anarkistak... pentsamolde ezberdinetako gazteak batu dira San Frantzisko elizan, gazteriak pairatzen duen problematika salatzea eta egun bizi duen egoera soziala eta politikoa «iraultzea» helburu hartuta.

Orain arte, unean uneko ekintzak egiten ibili dira —protesta ekintzak egin dituzte PPren egoitzaren eta Espainiako Gobernuak duen ordezkaritzaren aurrean, besteak beste—, eta horietatik sortu den «mugimendu zabala eta indartsuaren» ondorio da igandean hasi zuten itxialdia. «Ikusi dugu beharra genuela pentsamolde askotariko gazteak batu eta herriari azaltzeko zer egiten dugun eta gure lanaren parte sentiarazteko», azaldu du Apaolazak.

Argi dute gazteria historian eraldaketarako giltzarria izan dela, eta ardura hori kontuan harturik, «iraultzarako lehenengo mugarriak» jarri nahi dituzte. Ordea, zeregin horretan gazte sektoreetatik harago jo nahi dute. Izan ere, euren asmoa da Gasteizko herri sektore ezberdinei elkarlanerako gune «aske» bat eskaintzea, sinetsita baitaude alor ezberdinetako batasunarekin soilik etorriko dela benetako «iraultza» egiteko aukera. «Gazteok abiatutako dinamika bat izan da, baina gure helburua da edozein zapalkuntza jasaten ari diren gizarteko sektoreekin elkarlanean aritzea», dio Agirrek.

Helburu horrekin egiten dute egunero, 20:00etan, bilera bat. Bilkura irekia da, eta edozein herritar, talde eta eragilek parte har dezake. Gasteizko gizarte osoari irekita dago asanblada hori, denen ekarpen eta hausnarketak baliagarritzat dituztelako. Orain arte egindako batzarrak jendetsuak izan dira oso. Igandean egin zuten aurrenekoa, eta 400 lagun inguru batu ziren elizan. Itxialdiaren aurkezpena egin eta aurrera begirako asmoen berri eman zieten han bildutakoei.

Atzo ere ehunka lagun bildu ziren, besteak beste, Bilduko zenbait zinegotzi eta batzarkide eta EH Bilduko hainbatlegebiltzarkide ere joan ziren gazteei elkartasuna adieraztera.

Itxialdia hasi zutenetik sektore askotariko lagunak hurbildu zaizkie. Batzuk elkartasuna adieraztera, eta beste batzuek, ekarpenak egin eta lan dinamika bateratuak eztabaidatzera. Esaterako, Gasteizen borrokan dagoen Laminaciones Aguirre enpresako langileek gosaria prestatu zieten atzo, eta hainbat auzokidek ere janaria, koltxoiak eta mantak eraman dizkiete egunotan. Sindikatuetako ordezkariak eta lan borrokan dauden Osakidetzako hainbat behargin ere joan dira Zaramagako elizara, gazteekin egotera. Ikasle talde bat ere hurbildu zaie, eta etzi hitzaldia eskainiko dute han Lomce legearen inguruan. «Edozein eragilerekin batzeko zabalik gaude. Elizako ateak 24 orduzirekita ditugu», adierazi du Agirrek.

Antolaketa eredu asanblearioa dute lan egiteko oinarri. San Frantzisko elizan itxialdia egiten hasi bezain pronto hainbat lantalde antolatu zituzten: harremanetarako, komunikaziorako, azpiegituretarako, kale presentziarako... Ahalik eta gune eta esparru gehienetan borroka bateratua aurrera eramatea da euren asmoa. Esaterako, unibertsitate guneetan itxialdiari buruzko propaganda banatzen aritu ziren atzo goizean gazte batzuk.

Itxialdiaren lehenengo bi egunetan ekarpen eta iritziak jasotzen ibili dira bileretan, eta gaurtik aurrera, berriz, lan dinamikarekin hastea da haien asmoa. Itxialdiak irauten duen denbora gorabehera, argi dute 1976an bezala, oraingoan ere ereingo dutela «iraultzaren hazia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.