Ipar Euskal Herriko lurralde antolamendua. Prefetaren proposamenak

Hautetsien esku dago orain

Frantziako Gobernuak Ipar Euskal Herriarentzat egin proposamenen aukeren eta arriskuen artean zuhur ageri dira hautetsiak; aztertu eta adosteko beharra gogoan, horren arriskuez kontziente dira

Pierre Andre Durand prefeta eta Marylise Lebranchu Deszentralizazio ministroa, 2013an, Angelun. GAIZKA IROZ.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2014ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Senatarien eskuen artean dago lurralde erreforma. Baina eztabaida hasi baino lehen ere, testuingurua bero dago. Atzoko arratsaldea adibidez. Lege azterketa bi aldiz atzera botatzeko saioak egin dituzte. Eta, Pierre Andre Durand prefetaren bidez, Frantziako Gobernuak bere proposamenak egin egin baditu ere, eskualdeak indartu, departamenduak nolabait odolustu eta hiri elkargoak gutxienez 20.000 biztanle biltzera baldintzatuko dituen lege proposamen berri horren menpe dago guztia. Frantziako Gobernua azterketa lasterragotu nahian dago, baina eskuinekoak baita ezkerreko batzuk ere, ez dira ados horrekin.

Bien bitartean, joan den ostiral gauean Hautetsien Kontseiluan aurkeztu proposamenak orain Ipar Euskal Herriko hamar herri eta hiri elkargoetan aurkezteko bileretan dihardu prefeta. Bihar, konparazione, Zuberoan dago. Batera-k, bere aldetik, bilkura informatibo bat antolatu du gaur 19:00etarako Hazparneko Herri Elkargoko gelan.

Ostiraleko aurkezpenari begira, iritziak ugarituz doaz. Hasteko, guztiek ados dirudite azterketa bat eskatzeko. Jean-Pierre Massias eta Jean Gourdou juristei eskatzekoa luketena, bere garaian horiek jada lurralde elkargoa aztertu baitzuten, eta hobetsi ere bai. Aldi honetan, hiri eta hirigune elkargoa aztertzea izan liteke kontua. Aztertzekoa izan liteke eskumenen aldetik, zehazki zertan datzan. Ekonomia, garraioa, etxebizitza, hizkuntza, kultura, mugaz gaindikoa. Eta nola antolatzen den. Finantzaketa aldetik ere, zein zerga sistema dagoen eskumen horiei lotua. Bide batez, horiek dakarten gobernubidea. Zenbat ordezkari, nola bozkatuak, nola hautagai bakoitzak bozkatzaile kopuru bera ordezkatu, eta, aldi berean, barnealde eta itsasaldea, hiri eta baserri eremuen arteko oreka zaindu, hirian, itsasaldean anitzez biztanle gehiago delarik.

JEAN-JACQUES LASSERRE Senataria, Hautetsien Kontseiluko presidentea

«Soluzio instituzionaletik urrun da gaurko elkargoak elkartzea »

«Hiri elkargo bakarra edo herri eta hiri elkargoen arteko federazio bat» aspalditik egin daitekeela azpimarratu du senatariak. Hots, ez dela berrikuntzarik prefetaren ekarpenetan. Baina gehiago dena, «zepo» bat ikusten du hor: «Elkartu nahi baldin badugu -zergatik ez ororen buru- memento berean, behar-beharrezkoa da elkargo horren eskumenak eta finantzamendua departamendu, eskualde eta estatuarekin negoziatzea». Gaur egungo eskumenak atxikiko balitu hiri elkargo berriak, «arras eskasa litzateke», haren ustez. «Soluzio instituzional batetik biziki urrun gintezke». Eta, alta, Lasserre damutzen da solas eta negoziaziorik ez duela aipatu prefetak. «Horretan da tranpa. Ardura osoa Euskal Herriko hautetsien esku jartzen baitu. Errealitatean ardura partekatua delarik. Eta ez badugu eskumen delegaziorik lortzen, zakuan sartuko gaituzte. Errazegia da». Horiek oro herri eta hiri elkargoetako arduradunekin aipatzekoak ditu, uztailaren 11ko administrazio kontseiluan. Gobernatzeko moldea ere aipatzekoa du. Garrantzitsua eta aldi berean gai hori «trabagarri» dela ere aitortzen. Zenbait herri eta hiri elkargotako buruak hautatu berriak baitira. Joan den martxotik daude boterean, eta orain «zaila» ikusten du horiei erratea ez direla gehiago boterean izanen. Eta, dena den, egitura bat edo bestea hautaturik ere, legea «hobetu» beharko dela dio Lasserrek. Barnealdeari begira, tokiko arduradunek «lan egiteko» posibilitateak atxiki ditzaten, adibidez.

MIXEL ETXEBEST Mauleko auzapeza, Zuberoako Herri Elkargoko presidenteordea

«Ikusi beharko da Euskal Herriak bat egiten ahalko duen»

Euskal Herriak bere aldetik jadanik proposamen bat egina duela gogoratu du. Orain, «ikusi behar». Batetik, «ikusi behar» ea bi proposamenak «konpontzen ahal» diren. Eta, bigarrenik, «ikusi behar» ere ea Euskal Herriko hautetsiak beren artean konpontzen ahalko diren. Argi du «gure esku» dagoela, erran horrek azkenaldi honetan hartu duen oihartzun berezia bere eginez. «Bada bide bat hor. Ez bazaigu iduri aski zabala dela, guri dagokigu zabaltzea, baina aho batez. Eta ikusi beharko da Euskal Herriak bat egiten ahalko duenetz lehenik. Beti errazena kanpokoari edo arrotzari oihukatzea da». Baina argi du,«denak betan eta aho batez prefetarengana joatea gure artean eztabaidatu eta adostu ondoan», hori du ikusten «desafio» nagusi gisa: «Adostea da lehen urratsa». Anartean, Zuberoa Ipar Euskal Herrian sartu izana gobernuak, hori bera jada «garaipen baten» gisa ikusten du mauletarrak. «Hainbeste urtez borrokatu ondoan, Oloroe edo Nabarrengose eta horiekin… Beldur hori ari da urruntzen».

JEAN-RENE ETXEGARAI Baionako auzapeza, Hiri Elkargoko presidentea

«Hiri elkargoa ez da aski; zuzenbide publikoko egitura estandarra da»

Argiki dio proposamenak ez direla Euskal Herriaren «aldarrikapenaren neurrikoak». Hirigune elkargoaren proposamena ezinezkoa zaion bezala baserri eremuari begira, hiri elkargoa ez zaio batere egoki: «Hiri elkargoa zuzenbide publikoko antolaketa estandar bat da. Autoetan bezala da. Badago auto estandarra, eta gero aukerak daude. Nire ustez, soluzio estandar hori ez da aski». Zehaztu du ez duela ez departamendu, ez eskualdearen boteretik. Eta zalantzak ditu: «Prefetak zintzoki pentsatzen ote du Euskal Herrian hiri elkargo bat antola dezakegula? Batzarretan 300 ordezkari daude». Hots, «kudeagaitza da». Eta frogatzat dauka hori bera, azpiko joko honen azaltzeko: «Zatikatu, aiseago manatzeko». Prefetaren beste proposamen federatzaileekin ere ez da ados, «jauzi kualitatiboa ez genukeelako lortuko horiekin». Oro har, hauxe: «Handixkoak dira sakatu nahi dizkigun ilar bihikak». Lurralde elkargoa baino hoberik ez duela ikusten gogoratu du. Baina gobernuak ukatu zuenez, orain egitura bat asmatzekoa dela pentsatzen du. Herrien arteko kooperazio erakunde publiko bat proposatzen du, Euskal Herrirako berezitua. Horretarako «gaur egungo legegintza baliabidea» hobetu behar dela dio. Eta, horri begira, lege berrian gauza «interesgarriak» ikusten ditu baldin eta «legegai zuzenketak» egiten badira. «Baimen berezi bateko baliabide instituzional bat izateko. Parisko eta Marseillako metropolientzat bezala. Mekanismoa lekualdatu daiteke».

NICOLAS BLAIN Makeako hautetsia eta Batera-ko kidea

«Erdibideko antolaketa bat behar ote lurralde elkargoaren alde? »

Batera-ren izenean Blainek gogoratu du kontsulta bat egina izan zela lurralde elkargoaren alde. Eta hautetsien artean ere gehiengoa lortu zuela eskaera horrek. Horri begira, eta orain prefetaren proposamenak direla: «Egiazko galdera da erdibideko antolaketa bat hartu behar denetz lurralde elkargoa laguntzeko, ala horrek oztopatuko duen lurralde elkargoaren bidea. Hori dugu ez oraino trenkatua gaur egun». Hortaz, Batera-k ez du oraindik deus ofizialki iragarri nahi. Batetik, beraz, eztabaidan sartu ala ez, eta behin sartuta, zer errateko. Galdera horien inguruan dute gaur arratseko bilkura antolatua, hain zuzen. Berez, gaurkoa biltzar nagusi erabakitzailea zuen Batera-k. Baina testuingurua ikusiz, ez dute deus erabakiko egun. Biltzar nagusia iraileko utzia dute, eta, beharrez, berantagoko ere. Hautetsien artean ere «ez dute baitezpada denek ulertzen zer den erronka nagusia», ohartarazi du Blainek. Denbora gehiago hartu behar bada hartuko dutela argi du Blainek. «Prefetak dio abenduko dena trenkatu behar dela. Gure iduriko denbora hartu behar da. Badu berrehun urte galdegiten dugula, badu bizpahiru urte %100 ari garela horretan. Goaitatzen ahal dugu zenbait hilabete gehiago hautatzeko zer-nolako egoera instituzionala ukanen dugun». Zenbait marra gorri hor daudelarik, bata, perimetroa, eta bestea, bozkatzeko modu zuzena, hauteskunde berezi batzuekin.

COLETTE CAPDEVIELLE Baionako diputatua

«Elkartzeko gogoa partekatu behar dugu lehenik»

Baikor ageri da sozialista, prefetaren proposamenetan ikusten duelako «lehen aldiz Frantziako Estatuak Euskal Herriaren lurraldea ezagutzen duela. Ateak ireki ditu, eta entzunen gaituzte. Hori lehen aldia da historian». Hirigune elkargoaren alde ageri da sozialista, «formula integratuena» delako. Baserri eremuei begira ez dela egokia erran dute batzuek, tartean prefeta, baina hark ez dio horrelakorik: «Ezerk ez du debekatzen gurea bezalako lurralde bati hirigune elkargo gisa antolatzea». Gehiago dena, haren iduriko egitura horrekin zerga sistema %14 emendatzen da; hiri elkargo batentzat %9 emendatzen delarik. Eskumenen aldetik ere interesgarria da. Laborantza ere sartua baita hor». Gehiago ere nahiko luke diputatuak. Etxegarai bezala, Marseillan egin dena du adibidetzat hartzen: «Formula horren aldekoa naiz, malgua delako, eta hurbiltasuna errespetatzen du». Horretarako lege zuzenketa behar dela baieztatu du diputatu sozialistak. Baina dena dela, arazoa, haren ustez «ez da zein elkargo mota hautatzen den. Arazoa da ea elkarrekin egoteko gogorik ba ote dagoen Euskal Herrian. Hori da lehenik partekatu behar duguna. Elkartzeko gogoa». Jadanik izana dela bada aho bateko eskaera, Hautetsien Kontseiluak lurralde elkargoa eskatu zuelarik, diputatuak dio, hautetsi guztiak ez zirela egon boto horretan, eta dudan ematen du adostasun hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.