Bizi mugimendu ekologistak jardunaldi batzuk antolatu ditu herriko etxeen eta Euskal Hirigune Elkargoaren agintaldia baloratzeko. Datorren urtean amaituko da tokiko erakundeen agintaldia, eta talde ekologistak balantzea egingo du hautetsiek ingurumen politiketan egindakoaren inguruan. Herritarrak gonbidatu ditu jardunaldi horietan parte hartzera. Urtarrilaren 25ean eta 26an izango dira, Baionan.
Horrez gain, 2026ko herriko etxeetako hauteskundeetan elkarteak zer kanpaina abiatuko duen landuko dute. Ekologiarekin lotutako tailerrek eta aurkezpenek osatuko dute egitaraua.
Jardunaldien helburua da 2020-2026 kargualdian izan diren aurrerapausoak neurtzea, oztopoak eta ekintzarako palankak identifikatzea, eta lehentasunak zehaztea, 2026ko herriko etxeetako hauteskundeetan klima eta justizia soziala gai nagusi bilakatzeko. «Klima aldaketari buru egiteko gauzatzen diren ekintzei buruz bilan argi eta zehatza egitea ezinbestekoa da non gauden eta lurraldea eraldatzeko oraino zer bide egin behar dugun jakiteko. Herritarrek datu zehatzetan oinarritu behar dute hautetsiak gehiago ekitera bultzatzeko» adierazi du Bizi elkarteko Anthony Lubranok, taldeak gaur zabaldu duen oharraren bidez.
Herriko etxeetako eta Euskal Elkargoko hautagai zerrendei Metamorfosi Ekologikoaren Itunaren zazpi arloetan engaiatzeko proposamena egin zien Bizik 2020an, udal bozen aurretik, eta 80 zerrendak baino gehiagok izenpetu zuten itun hori. Orain, proposamen horien gaineko «ebaluazio zorrotz bat» egingo du taldeak: tokiko datuen bilketa, buruturiko ekintzen jarraipena eta emandako pausoen ebaluazioa.
Bizik uste du garrantzi handikoa dela klima larrialdiaren gaia agenda politikoaren gailurrean ezartzea hasi berria den urte honetan. Ohartarazi du 2024an «eskuin muturraren aitzinatze kezkagarriak» izan direla Frantziako Estatuan eta horrek «erronka ekologikoen atzerakada» eragin duela. «2025ean are erabakigarriagoa da herritar gisa etorkizun justu eta jasangarri baterako baldintzak tokiko mailan eraikitzea», adierazi du Bizi elkarteko Sofia van Settenek.
Nahi duenak eskuragarri du jardunaldiaren egitarauari buruzko informazioa Biziren webgunean, baita horietan izena emateko aukera ere.