Hautetsiei dei egin diete Marieneko lurren alde egitea

ELB, Lurzaindia, Ostia, Nahi Dugun Herria eta CADEk jarri dute martxan egitasmo berria. Heldu den Elkargoko Kontseiluan Marieneko lurren auziaren eztabaida gai zerrendan sar dadila galdegin dute hautetsiek.

ELB, Lurzaindia, Ostia, Nahi Dugun Herria eta CADEn prentsaurrekoa, goizean, Kanbon. EUSKAL IRRATIAK
ELB, Lurzaindia, Ostia, Nahi Dugun Herria eta CADEn prentsaurrekoa, goizean, Kanbon. EUSKAL IRRATIAK
Leire Casamajou Elkegarai.
2024ko azaroaren 21a
16:20
Entzun

ELB Euskal Herriko Laborarien Batasunak, Lurzaindiak, Ostia sareak, Nahi Dugun Herria Kanboko oposizioko alderdi abertzaleak eta CADE Ingurumenaren Aldeko Elkarteen Taldeak egitasmo berria jarri dute martxan: hautetsiei dei egiten diete Marieneko lurrak laborantza lur gisa defendatzeko Euskal Hirigune Elkargoan. Ostiako kide Xan Koskaratek esplikatu du «hautetsien ikustera» joan direla «Euskal Elkargoko poloka»; finean, lortu dute gutienez polo bakoitzeko hautetsi bat beren alde ukaitea. Horiek hola, hautetsi multzo horrek galdegin du heldu den abenduaren 7ko Elkargoko Kontseiluan Marieneko lurren auziaren eztabaida gai zerrendan sar dadila. Egun horretarako elkarretaratzera deitu dute militanteek, 08:30ean, Baionako Arte Hiriaren aitzinean.

Joan den irailean, Kanboko (Lapurdi) tokiko hirigintza planaren aldaketaren kontrako eskaera ukatu zioten CADE taldeari Bordeleko dei auzitegian; Euskal Hirigune Elkargoko abokatuak irabazi zuen auzia, argudiaturik Marienekoak ez direla laborantza lurrak —Elkargoak etxebizitza berriak eginarazi nahi lituzke lur horietan—. Auziaren ilkibideari begira, Argitxu Hiriart Urruti Nahi Dugun Herriaren hautetsiak erran du Kasazio Auzitegira —agindu zibil eta kriminalak— joanen direla; beraz, Parisera. Hautetsiekin eramaten ari diren lanaz gain hartu dute erabaki hori.

«Gezurrak», bost urtez

2019an abiatu zen Marieneko auzia. Euskal Elkargoaren laguntzarekin, Kanboko Herriko Etxea hirigintza planaren aldatzeko prozeduretan abiatu zen. Bouygues enpresari eraikitzeko baimena emanen zioten hola, eraikin berriak sor zitzan Marieneko lurretan. Ordea, inguruetako elkarte, kolektibo eta sareak kexatu ziren, laborantza lurrak direlakoan horiek. «Zelaiak dira, badira ardiak, belarrak pusatzen du...». 

Auzira heldu zen gero: Kanboko hirigintza planaren eta Bouygues enpresari emandako eraikitzeko baimenaren kontra helegiteak jarri zituen CADEk. Baina alde juridikoaz gain, bada alde politikoa ere. Izan ere, Euskal Hirigune Elkargoa sortu denetik, harena da hirigintza eskumena, eta Kanboko hirigintza plana elkargoko batzarrean berretsi zuten. Hori dela eta, elkargoko abokatuak ziren auzitegietan hirigintza plan horren defentsa egiten ari direnak. «Gezurrean finkatua den auzi bat» da, Koskaraten ustez, eta harekin erabat ados agertu da Hiriart Urruti.

2020az geroztik, beraz, oposizioan dago Hiriart Urruti, herriko kontseiluan. Elkargoko abokatuei buruz mintzatu da: «Estrasburgon bizi dira, eta horiek erraten digute lurrak ez direla batere laborantzarako onak, ez dela ardirik, ez dela egia laborari batek belarrak egiten dituela bertan... Ez dira egiak. Hautetsiek jakin behar dute hori dela kontatua dena horien izenean —Elkargoaren baitako herrietako hautetsi gisa—».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.