Hautetsi nagusiak bilduko ditu Baionan Aieteren urteurrenak

Mahai ingurua eginen dute urriaren 16an, azken hamar urteetako bilakaeraz beren begirada emateko. Nazioarteko adituak ere izanen dira

Agus Hernan eta Anaiz Funosas, aurkezpenean. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Hiriburu
2021eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Aieteko Konferentziaren hamargarren urteurrenaren karietara antolatu dituzten jardunaldietan, Baionarako prestatu dutena aurkeztu zuten atzo goizean Bake Bideak, Bake Prozesua Indartzeko Foro Sozialak, Berghof fundazioak eta Conciliation Resources erakundeak. Hitzaldi eta mahai inguru sorta zabala izanen da urriaren 16an, Baionako Henri Grenet auditoriumean. Besteak beste, Ipar Euskal Herriko hautetsi nagusiek parte hartuko dute, konponbide prozesuan orain arte egin diren urratsei buruz.

Joan den larunbatean zendu zen Michel Tubiana bakegilea oroituz hasi zuen aurkezpena Anaiz Funosas Bake Bideko presidenteak. LDH giza eskubideen ligako ohorezko presidente zena Euskal Herriko gatazkaren konponbidean aktiboki esku hartu dutenen bidelagun izan da azken urteetan. Agus Hernan Foro Sozialeko bozeramaileak jardunaldiak antolatu dituzten lau erakundeek adostu duten adierazpena irakurri zuen: «Gure ustez, urteurren hau abagune egokia da azken hamarkadan Euskal Herriko gatazkaren eraldaketan lortutako aurrerapenak gogoratzeko eta ospatzeko —nahiz eta oraindik ere hainbat oztopo eta erronka dauden—, eta, horrekin batera, pandemiaren osteko mundu berri honetan bakearen arloan ditugun erronkak aztertzeko eta eztabaidatzeko, eta euskal prozesuaren irakaspen eta erronken inguruan hausnartzeko».

Hausnarketa horri eginen diote lekua, hain zuzen, urriaren 16ko jardunaldietan. «Goiz osoa izanen da, tentsoa, edukiz betetakoa», laburbildu du Funosasek, «egindako bideaz jasotako irakaspenak, alde guzietatik jasotako ekarpenak, munduan antolatzen diren beste bake prozesuei buruzko begirada...».

Jean Daniel Elixiri Bake Bideko kideak emanen dio hasiera egunari, eta Veronique Dudouet Berghof fundazioko zuzendariak segituko du ondoren «bake prozesuaren irakasgaiak» aipatzeko. Ondoren, Ipar Euskal Herriko hautetsi eta aktore politikoen begirada eskainiko dute. Parte hartzaileen artean izanen dira Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Departamenduko presidentea; Jean-Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari eta Baionako auzapeza; Frederique Espagnac PSko senatari eta Akitania Berriko hautetsia; Max Brisson LRko senataria eta departamenduko hautetsia; Vincent Bru Modemeko diputatua; Alain Iriart Hiriburuko auzapez eta Euskal Elkargoko hautetsia, EH Baiko kidea; eta Alice Leiziagezahar Akitania Berriko hautetsi ohia eta EELVko kidea.

Ondotik, Aietetik hona egin dena eta etorkizuneko erronkak aipatuko dituzte Caroline Guibet Lafaye soziologoak, Funosasek eta Hernanek, eta orain arteko prozesuari buruzko «kanpo begirada» ere landuko dute Bake prozesua, posible den parioa? izenburua dakarren mahai inguruan. Adiskidetze prozesuetan aditua den Brandon Hamber irakasleak, Carlos Beristain Kolonbiako egiaren lantaldeko komisarioak eta Jean-Pierre Massias zuzenbide publikoko irakasleak hartuko dute hitza. Azkenik, Brian Currin abokatuak itxiko du hitzaldi sorta, Euskal Herriarentzat diren desafioak aipatuz.

Pauso perspektibarik ez

Azken urteetako «lorpenak eta mugimenduak» oroitarazi zituen Funosasek, baina onartu zuen azkenaldian ez dagoela aurrerapenik. «Frantziako Justizia Ministerioarekin kontaktuek segitzen dute, baina ez da perspektibarik pauso gehiagorako». Mobilizazio gehiago antolatuko dituztela iragarri du, besteak beste Jakes Esnal eta Unai eta Jon Kepa Paroten kasuak konpon daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.