Jendea. Herritarrak. Gizartea. Biztanleria. Jendartea. Hiritargoa... Batzuentzat, batzuetan, jendaila. Etiketa kolektibo ugari ditugu, deitura bateratzaile asko. Tarteka —maiz; maiztxo, esango du baten batek—, 18 urtetik gorakooi egiteko zehatz bat esleitzen diguna geureganatzen dugu: hautesleria bilakatzen gara aldi baterako. Ikusgarritasunaren kapa janzten dugu, lur arraroenen pareko balioa ematen diguna. Zenbat eta estuagoa lehia, alegia, orduan eta handiagoa hauteskunde-burtsan dugun kotizazioa eta, horrenbestez, saiatuagoak gure arreta erakartzeko ahaleginak.
Ez da makala hamabost egunez luzatuko den guganako sedukzio-kanpaina. Bi aste burbuila intsonorizatu baten barruan igarotzea ez denean aukera bideragarria, esperientzia ahalik eta ondoen kudeatzea komeni da. Aukera asko daude, batere jaramonik ez egitea zein buru-belarri murgiltzea barne. Niri, ondoen ezagutzen dudan adibidea jartzearren, hautagaien losintxak jasotzea gustatzen zait batik bat. Lausenguen trukean, dena sinesten diedan plantak egiten ditut, sarritan ebidentziak eta esperientziak oker nabilela esaten badidate ere. Promesak ere oso gogoko ditut, are gogokoago zoroak badira. Masailak gorritzeraino lotsarazten nauten ariketa eta esperimentuak, zer esanik ez…
Edonola ere, garai bateko hauteslego hura hiztegietatik bota duen hautesleria hitzak badu plazer errudunaren familiako azalkeriaz haragoko dimentsioa. Dimentsio aktiboagoa, hautesleen ahalmen eraldatzailea gutxietsi duen nolazpaiteko determinismo batek ia erabat lausotzeraino estali duena. Noizbehinka azaleratzen da, baina. Azken lau hamarkadetan EAEn izan diren 50 inguru hauteskundeen emaitzak islatzen dituzten grafiko gorabeheratsuei erreparatzea nahikoa da ikusteko gauza bat dela egonkortasuna, eta beste bat aldaezintasuna.
Horri oso lotuta, herenegun kanpaina abiatu zuten ekitaldiak ez ziren asko urrundu kanpainaurrean finkatutako ildotik. Ezta espero ere. Partida nagusia jokatuko duten lehendakarigai jaunek jo eta su errepikatu zuten dagoeneko garunean iltzatuta daukagun mezua: aldaketa mehatxu, aldaketa aukera.
Horretan tematzen badira, horrek xurgatzen badie energia guztia, ihartuko dira landu eta zaindu beharreko beste alor batzuk. Pobretu egingo da kanpaina. Hala eta guztiz ere, hautesleriaren akzioek gora egingo dute hauteskunde-burtsan, are gehiago egia bada horren handia dela urrezko karta zein zorrotan sartuko duten erabakitzeke daukatenen kopurua. Hartara, dibidendua ondoen iruditzen zaigun moduan banatzeko unea iritsi bitartean, ikusezintasunera bueltatu aurretik, gozatu ikuskizunaz, gozatu protagonismoaz.