Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Parte hartzea

Hautesleak. Ziurgabetasunez betetako eguna

Espainiako Gorteetarako bozen eguna iritsi da, eta bi bloke kontrajarrik aukerak dituzte gobernura iristeko. Lehia estua espero da, eta horrek parte hartzea sustatu dezake. Halere, ezin da ahaztu abstentzioak gora egin duela azken bozetan.

Botoa. Herritar bat boto paper bila, udal eta foru hauteskundeetan, Eguesibarren (Nafarroa). AITOR KARASATORRE / FOKU.
Iosu Alberdi.
2023ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Zail da aurreikustea Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan zer gerta daitekeen. Zaila, behintzat, aurretiko antzeko egoerak aztertuz egin nahi bada: lehen aldiz egingo dira bozak uda betean, polarizazio politikoa nabarmena den garai batean, eta maiatzeko udal, foru eta erkidegoetako hauteskundeen emaitzak eta ondorengo akordioak presente daudela. Horiekin batera, kontuan hartu beharreko beste elementu bat: abstentzioaren pisua. Izan ere, herritarrek badituzte bozkatzera joateko argudioak, baina baita etxean geratzera bultzatu dituztenak ere. Horiek hala, ziurgabetasuna da nagusi.

Inoiz baino eskaera gehiago egin dira posta bidez bozkatzeko, eta horiei bidea emateko epea ere luzatu zuten ostiral eguerdira arte. Hori parte hartzearen aldeko adierazle bat izan daitekeela azaldu du Silvan&Miracle aholkularitzako politologo Eva Silvanek: «Adieraz dezake herritarrak parte hartzeko gogoz daudela». Izan ere, badaude herritarrak botoa ematera bultza ditzaketen hainbat elementu hauteskunde hauetan, eta horietako bat da gobernua eskuratzeko aukerak dituzten bi aldeen arteko lehia estua. Batetik, Espainiako zenbait erkidegotan gobernuak osatu dituzten eskuineko alderdiak: PP eta Vox. Bestetik, azken legealdiko koalizio gobernua osatu eta babestu duten taldeak: PSOE eta Sumar —Unidas Podemosen lekua hartuta—, alderdi abertzale eta independentista gehienen babesarekin.

Polarizazio horrek eragin dezakeen aktibazioa, ordea, ez da edonolakoa izaten, EHUko irakasle Jon Azkuneren esanetan: «Boto baliagarriaren logikari jarraitzen dio». Hau da, uste du eskuineko alderdien artean, «sanchismoari edo koalizio gobernuari» aurre egiteko eraginkorren agertu denak bereganatu ditzakeela boto horiek; ezkerrean, «eskumari, eskuin muturrari edo faxismoari» aurre egiteko gaitasun handiena azaldu duenak. Kasu honetan, EHUko irakasleak PP eta PSOE ikusten ditu horretarako ondoen kokatuta Espainiako barruti gehienetan.

Euskal Herrian, baina, egoera bestelakoa da. Gorteetarako bozak ez dira alderdi abertzaleentzat egokienak izan historikoki, baina Azkunek azaldu du horiek badutela gaitasuna «faxismoari erantzuteko boto eraginkortzat» jotzeko. Silvanek ere uste du boto duala —hauteskundeen arabera alderdi bat edo beste aukeratzea— kolokan dagoela boz hauetan, besteak beste, maiatzeko hauteskundeen gertutasunagatiketa eskuinaren garaipen batek alderdi abertzaleetan izan dezakeen eraginagatik. «Bada sentsazioa eskuinak eta eskuin muturrak irabazita alderdi nazionalistak kaltetuta atera daitezkeela, eta horrek mobilizatu ditzake herritarrak», xehetu du Silvanek.

Izan ere, Silvan&Miracle aholkularitza enpresaren fundatzaileak azaldu du herritarrek «pizgarri ideologiko, politiko eta lehiakorrak» behar dituztela hauteslekuetara joateko, eta boz hauek badituztela: «Eszenatoki lehiakor bat dagoenean, herritarrek hautematen dute euren botoa garrantzitsuagoa dela». Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kasua jarri du adibidetzat: «Denbora luzean, Euskadin argi ikusten zen EAJk irabaziko zituela hauteskundeak, eta horrek pentsatzera eraman zezakeen norberaren botoa ez dela hain garrantzitsua». Orain, baina, uste du badela euskal herritarren artean hegemonia hori «hautsi» den sentsazioa: «Goranzko joeran dagoen alderdi bat dago —EH Bildu—, eta bide bera ez daraman beste bat. Noraino iritsiko den efektu hori? Oraindik goiz da jakiteko».

Horiek hala, hauteskunde hauetara eskuina mobilizatuago iritsi den arren, Silvanek uste du azken unean badela ezkerrak gora egiteko modua ere. Izan ere, ikusteko dago zalantzan dauden herritarrek azken unean zein erabaki har ditzaketen.

«Lehen, herritarrek lotura sendoago bat zuten euren klase sozialarekiko, lan egoerarekiko, kapital sozialarekiko... Hori lausotu egin da; gizartea heterogeneoagoa da, eta pertsona baten identitatea elementu ugarik osatzen dute», azaldu du Silvanek. Horri alderdi sistemaren krisia eta alderdi berrien iritsiera batu behar zaizkio. Hori dela eta, botoa aldakorragoa da, eta beranduago zehazten da. «Kalkulatzen dute %30ek azken 24-48 orduetan zehazten dutela zer boto eman, eta ia erdiek azken astean», esan du Silvanek.

Parte hartu edo ez

Noren alde bozkatu azken unerako uzten duten gizartearen segmentuetako bat da gazteena. Eta hain justu, hura da abstentzio tasa handiena duten taldeetako bat ere, besteak beste, errenta txikienak dituztenekin eta atzerritar jatorriko herritarrekin batera. Ezker-eskuin ardatzari erreparatuta, berriz, lehenak dira gutxiago parte hartzen dutenak. «Ez dira ordezkatuak sentitzen, uste dute ez direla eurengana zuzentzen, ez dira identifikatuta ikusten jorratzen diren gaietan... Deskonektatuta daude», argudiatu du Silvanek, eta arriskuez ohartarazi du: «Abstentzioak gora egiten jarraitzen badu, posible da noizbait ordezkaritzarik gabeko klase sozialak agertzea, eta, ondorioz, erakundeen legitimotasuna kolokan gera daiteke».

Azkuneren esanetan, abstentzioak gora egitea ez da soilik Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan gertatzen den fenomeno bat, «orokortua» baizik, eta zuzenean lotu du «sistema politikoen zilegitasun krisiarekin»: «Herritarren parte handi batek ez du ikusten bere botoak inolako eraginik izan dezakeenik, eta ez du inolako konfiantzarik sistema politikoan». Zenbakietara eramanda, euskal herritarren bi herenek uste dute politikariei gutxi interesatzen zaiela herritarrek pentsatzen dutena, ArantzazuLab-ek apirilean plazaratutako ikerketaren arabera.

Horren atzean arrazoi «sakonak» daudela azaldu du Azkunek, eta horien artean nabarmendu du hainbat erabaki hartzeko ahalmena galdu dutela herritarren ordezkariek. «Mundu global honetan, nazioarteko aktore pribatuek, lobbyek eta enpresa handiek herritar xumeek baino askoz ere botere handiagoa dute».

Horri beste argudio bat ere gehitu dio, «alternatiben krisi ideologikoa». Hau da, statu quo-a aldatzeko alternatiba sendoak ezartzeko gaitasun falta. «Herrialde askotan, ezkerreko alderdiek eskumaren agenda erosi dute, batez ere, arlo ekonomikoan», azaldu du Azkunek. Horiek hala, uste du langile klaseko herritar askok «konfiantza eta esperantza» galdu dituztela politika instituzionalean, eta «horien ordezkari historiko izan diren ezkerreko alderdiak» ere ez direla gai izan horri erantzun bat emateko: «Askotan, ezkerreko alderdiek ez dute gaitasunik izan beste mota bateko proiektuak egituratzeko. Horrek mesfidantza dakar».

Era berean, baina, EHUko irakasleak azaldu du badela sarri kontuan hartzen ez den elementu bat: apatia. «Bada jende bat paso egiten duena, berdin diona nor dagoen gobernuan eta zer motatako politikak egiten diren. Statu quo-a mantendu eta indartu egiten du horrek, badelako indar harremanak mantentzeko tresna eraginkor bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.