mikel p ansa

Hauteskundeez harago doan reset bat

2023ko azaroaren 27a
05:00
Entzun

EAJren barruan azkeneko egun, aste eta hilabeteetan zer gertatu den argitzea nekeza izango da behin honetaz gero, baina bistan dago kanpaina ez duela hasi nahiko zukeen bezala. Itxura guztien arabera, EBBk erabakia zuen Iñigo Urkullu hautagai gisa berriro ez proposatzea eta, haren ordez, alderdiari ufada berri bat emango zion hautagai berri baten alde egitea. Hedabide batzuek zabaldu dutenez, joan den ostegunean jakinarazi zioten hori lehendakariari EBBko buru Andoni Ortuzarrek berak eta lurraldeetako buruek —edo horietako batzuek bederen—, Gasteizen egindako bilera batean. Ez dago argi ea EBBko kide guztiek ba ote zekiten urrats horren berri, edo oraindik informatu gabeko erabakia ote zuten, baina alderi barruan ere ezustekoa handia zen ostiral eguerdian, El Correo-k berria zabaldu zuenean.

Planifikatutako hurrengo urratsak gaur etorri behar zuen: EBBren bilera, hautagaia aukeratzeko prozesua hastea, eta, seguru asko, Urkullu bera eta Imanol Pradales Ortuzarrekin batera argazkian ateratzea, trantsizio sosegatu eta indartsu baten irudia emateko. Baina El Correo egunkariaren ostiraleko filtrazioak hankaz gora jarri zuen asmo hori, EBBk presaka bildu behar izan zuen larunbatean, eta Ortuzarrek —bera bakarrik agertzen zen bideo batean, eta bide batez filtrazio «interesatuak» salatuz— jakinarazi zuen hautagai gisa Pradales proposatuko duela alderdiaren zuzendaritzak. Atzo, Sabino Aranaren heriotzaren 120. urteurreneko ekitaldian, urak baretzen saiatu zen EAJ. Urkulluk berak moztu zituen eztabaidak: «Alderdiko gizona naiz, eta badakit nola diren kontu hauek».

Hautagai berriaren promozioan murgilduko da orain alderdia, azkeneko hauteskundeetan izandako boto galera handiaz geroztik hartu duen estrategiari eutsita: alde batetik, EH Bildura edo abstentziora joandako boto emaileak berreskuratzeko, alderdia trinkotuz eta oinarriak aktibatuz, Alderdi Egunerako deialdian ikusi zen bezala; bestetik, zentrotik zein eskuinetik PPra —edo, are, PSEra— joan dakizkiokeen boto emaileei eusteko, eztabaidagaiak Madrildik EAEra ekarriz —baliteke-eta Pedro Sanchezen inbestidurako blokean sartu izanak kalte ere egitea alde horretatik—.

Litekeena da estrategia konplexu horri buruzkoa izatea alderdi barruko korapiloetako bat, hain justu. Hedabide askok egunotan argitaratutakoaren arabera, Urkullu ez legoke eroso estrategia horrekin, eta ez lituzke begi onez ikusiko EBBk Junts Per Catalunyara arrimatzeko eta Pedro Sanchezen inbestidurari baiezko botoa emateko hartutako erabakiak. Hipotesi horien arabera, urruntze bat gertatu da Urkulluren eta Ortuzarren artean azken urteotan, eta EBBk lehendakariarekin adostu gabe hartua luke erabakia; eta, gainera, Urkulluk beste agintaldi bat egiteko borondatea zukeen. El Correo-k, Gara-k, La Razón-ek eta La Vanguardia-k argitaratutako informazioek hipotesi hori elikatzen dute, behintzat, aldez edo moldez. «Gu gurera, batasuna da indarra»: horra Ortuzarren erantzuna, atzo, Sukarrietan.

Bestalde, oinarriei proposatu dieten hautagaiaren inguruan ere zalantzak daude. Imanol Pradales ez da batere ezaguna Bizkaitik kanpo, eta kudeatzaile soslai markatua dauka —ez alferrik, Deustun ikasia eta azpiegituren kudeaketan trebatua da aldundian—, baina aski izango ote da alderdiaren azken emaitzekin edo jokabide batzuekin kezkatuta dauden zaleentzat?

Beste aldean, erdi iragarritako eta aldi berean erdi zapuztutako beste erabaki bat, EH Bildurena. Arnaldo Otegik berak joan den astean «familia» aipatu zuenerako, susma zitekeen pentsatua zuela lehendakarigai ez aurkeztea. Kasualitatea edo ez, EH Bilduk ere gaur jakinarazi behar zuen erabakia, EAJrekin batera, baina El Correo-ren beste filtrazio batek aurreratu du susmoa zen hori. Kontua da EH Bilduko Mahai Politikoak —gaur da biltzekoa— zenbateko tartea duen, behin hori guztia plazaratuta, beste zerbait esateko.

Gauzak nolanahi direla ere, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako hautesle gehienek ia ezagutzen ez dituzten hautagai batzuekin ekingo diote lasterketari, eta nahasita hasi da kanpaina. Aintzat hartuta Eneko Andueza ere hautagai berria dela lehendakarigai gisa, eta Sumar-EP faktoreak zer egingo duen ikusteko dagoela, alderdiak aurpegiak berrituta aurkeztuko dira. Eta horrek arriskuak ekarriko dizkie, baina abantailaren batzuk ere bai.

Reset egin, eta hutsetik hasiko da kanpaina; baina ez kanpaina bakarrik. Ziklo bat aldatzen ari den itxura hartzen ari da giroa, aldagai guztiak aintzat hartuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.