Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Elkarrizketa. Rafaela Romero. PSE-EE

«Hauteskundeen ondoren, beste PSE bat ikusiko dugu hemen »

Rafaela Romerok ez du zalantzarik PSOEk eta Podemosek bat egingo dutela Rajoy eta PP Espainiako Gobernutik kentzeko. Uste du, gainera, akordio hori baliagarria izango dela euskal politika «desblokeatzeko eta lasaitzeko».

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2016ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Bilduren agintaldian Batzar Nagusietan PSE-EEren eleduna izan ondoren, politikaren lehen lerroa utzia zuen Rafaela Romerok (Quintana de la Serena, Extremadura, Espainia, 1972). «Oinarriko militante bat baino ez naiz». Gipuzkoako sozialisten artean, baina, haren iritziek badute pisurik. Odon Elorzaren atzetik, Espainiako Kongresurako zerrendan bigarrena da Romero.

PSOEren geroa jokoan al dago hauteskunde hauetan?

Zalantzarik gabe, hauteskunde zailak dira guretzat, baina, alderdiaren geroa baino gehiago, egokitzeko gaitasuna dugu jokoan. Aldaketaren denbora da. Gizarte mailan aldaketa handiak izan dira, eta horietara egokitzen jakin behar dugu.

Orain arte ez duzue hala egin?

Egin ditugu aldaketa garrantzitsu batzuk. Alderdia berritu dugu, eta, orain, egokitzea falta zaigu. Baina alderdi handia gara; interes asko daude, eta urduritasunak.

Egokitze hori zailagoa izaten ari al da Euskal Herrian?

Hemen, oso lotuak gaude gure iraganari, baina ez soilik gu: beste guztiak ere bai, eta ikusten ari gara nola, gainera. Normala da gu mantsoago egokitzea, eta blokeatuta gaude. Hala ere, ziur naiz hauteskunde hauen ondoren beste alderdi sozialista bat ikusiko dugula hemen.

Badirudi ez diozuela etekinik atera azken urteetan bakegintzaren alorrean eginiko lanari. Ez duzuelako nahi?

Gai honetan, kontuan hartu behar da alderdi humanoa: alderdi sozialistan jende asko dago ez duena iragana gogoratu nahi, behar duena denbora bat gauzak beste era batera planteatzeko, harreman berriak lantzeko, Eusko Legebiltzarrean, udaletan, kalean... Egia da ez dugula behar bezala azaldu hemen elkarbizitzaren alde egin duguna, baina azalduko dugu. Madrilen gobernua aldatzeak asko lagundu dezake horretan, balio dezake blokeo horiek gainditzen.

Bozei begira, zein izango litzateke emaitza txar bat hemen?

EAEn egun ditugun hiru diputatuei eutsi behar diegu; hortik behera, txarra litzateke. Madrilen PSE indartsu bat egotea oso garrantzitsua da gobernua alda dadin eta gobernu berriak kontuan izan dezan euskal arazoei buruz guk dugun ikuspegia, guk ere badugu-eta euskal agenda, ez soilik nazionalistek.

Podemosekin gobernatzen ikusten duzu PSOE?

Bai, eta horren alde nago erabat.

Alderdiak zatituta dirudi.

Ez dago zatiketarik, batzuetan kontraesanezko adierazpenak egon arren. Rajoy eta PP gobernutik kentzeko nahiak batzen gaitu, eta ez dago salbuespenik. Gainera, egingarria da, bat egiten baitugu Podemosen proposamenen %90ekin. Ez dugu arazorik haien programarekin, eta are gutxiago haien boto-emaileekin. Izatekotan, Pablo Iglesiasek dauka arazoa gurekin.

Inkestek diote zuen boto-emaileak banatuta daudela.

Egia da hori, baina, hauteskundeen ostean lortzen badugu Rajoy eta PP gobernutik kentzea, amaituko da zatiketa hori.

Podemosek zuek baino diputatu gehiago lortuz gero, haientzat gobernuburua?

Diputatu gehien lortzen duenak izan behar du gobernua osatzeko ardura eta gobernuaren lidergoa.

Bat zatoz aurreko negoziazioetan PSOEk izan zuen estrategiarekin?

Antzerkitik asko izan zuen, baina harro nago, Rajoyk gobernua osatzeari uko egin ondoren Sanchezek ausardia erakutsi zuelako, jakinda oso zaila edo ezinezkoa izango zuela. Baina ezinezkoa zena posible izan daiteke orain. Sanchezek atea zabaldu zuen, eta zeharkatzea falta zaigu.

Aurreko negoziazioen marra gorri bera izango duzuela dirudi: erabakitzeko eskubidea. Zein proposamen egiteko prest zaudete adostasun bat lortzeko?

Gai honetan, euskal sozialistok hainbat planteamendu egin ditugu, eta horiek bat datoz PSOEk proposatzen duen eredu federalarekin eta bizikidetzarako eskubidearekin. Beren instituzioengatik, horietan harturiko erabakiengatik, beren kulturarengatik... ezberdinak diren herrien eskubideak aitortu egin behar dira.

Baina nola?

Gaia konplexua da, baina ez dugu beldurrik eztabaidatzeko eta akordioak lortzeko: izan daiteke ezberdinen arteko akordio baten bidez, aurretik eta ondoren erreferendum bat eginda... Nahi bada, Euskal Herrian baditugu tresna juridikoak irtenbide bat bilatzeko. Katalunian ez, eta norabide horretan lan egin daiteke. Konstituzioa aldatzeko prest gaude. Baina Rajoyk edota PPk gobernuan jarraitzen badute, ezingo dugu bide horretan sakondu.

Independentziari buruz erabakitzeko eskubiderik ez, beraz.

Baina zer da erabakitzeko eskubidea? Podemosen proposamena lelo bat baino ez da, edukirik gabekoa. Zuk diozun aukerari buruz ere ez dute ezer aipatzen. Seriotasunez hartu behar da gaia: zehaztu behar da erabakitzeko eskubidea nork, zertarako, noiz, zein baldintzatan... Hemen denbora daramagu horri buruz eztabaidatzen. Gai honetan, fribolitate puntu bat du Podemosen jarrerak. EAJk, ezker abertzaleak eta guk hainbat ideia juridiko garatu ditugu, eta lortu ditugu akordioak —Loiolan, azkeneko aldiz—, eta lor ditzakegu gehiago ere. Baina izan gaitezen serioak.

Udazkenean egingo diren Eusko Legebiltzarrerako bozei begira, EAJrekin instituzio nagusi guztietan dituzuen akordioek ez dizuete kalte egingo?

Gu ez gara EAJren makulua. Akordio hori positiboa da guretzat. Ez da akordio integral bat, eta gai gara gure kabuz beste batzuk egiteko beste batzuekin. Lehen esan bezala, alderdian lasaitasuna behar dugu orain. Baina egoera aldatzen ari da, baita Euskal Herrian ere, eta denok egokitu beharko dugu.

Ahal Dugu-rekin gobernatzen ikusten duzu PSE-EE Gasteizen?

Hemen ere zailduko da gobernabidea. Baina inkestek diotenaren eta gertatuko denaren artean aldea egongo da. Ahal Dugu-k, gainera, egokitu beharko du hemengora; orain arte, beste inor baino espainolagoak izan dira. Ez dute jarrera argirik hemengo gaiei buruz. Benetako eztabaida hastean, agerian geratuko da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.