Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen atarian abiadura hartu du kanpainaurreak, baina Itxaso Atutxa BBBko lehendakaria (Bilbo, 1967) «lasai» dago, «ziur» baitago bere alderdiak bozak irabaziko dituela. «Kezka» handiagoa azaldu du Espainiako polarizazioak bozetan zer eragin izan dezakeen, abstentzioari lotua.
Espainiako albiste emaria indartu egin da ustelkeriak kasuak direla eta. EAJri kalte egingo al dio kanpainan PSOE-PP polarizazio horren giroak?
Argi dago Madrildik datorren zaratak asko baldintzatzen duela bertako informazioa egiteko aukera. Estatu barruan bizi gara oraindik behintzat, eta hor gertatzen denak badu eragina gugan. Baina bi aldetik iristen dira kalteak guretzat: lehena da politikarekiko desafekzioa eragiten duela Madrilgo giro horrek. Eta bigarren ondorioa da Madrilen dagoela orain ere arreta. Kanpainak gero eta garrantzitsuagoak dira botoa erabakitzeko. Bertako gauza asko dauzkagu hitz egiteko; ereduak dauzkagu aurrez aurre jartzeko, eta horretarako tartea topatu beharko dugu.
EAJ gai izango da Espainiako Gorteetarako bozetan PSOEra edo PPra joaten den boto duala berreskuratzeko, egungo testuinguruan?
Kezkatzen gaitu hauteskunde orokorretan bozkatzen dela gehien, eta ez udal eta foru hauteskundeetan, adibidez, hurrekoagoak badira ere. Orokorretan jendeak modu batera ematen du botoa; gogoratu 2016an Podemosek irabazi zuela Euskadin, eta, handik hiru hilabeteetara, EAJk irabazi zituen autonomikoak. Foru hauteskundeen antza dute Legebiltzarrerakoak, baina zaratak badu eragina. PPk ez du zeresan handirik izango, baina Alderdi Sozialista saiatuko da bere ministroak eta parafernalia guztia ekartzen.
Lehia estua aurreikusi dute EAJren eta EH Bilduren artean. Kanpaina modu berezian ari zarete prestatzen?
Aterpe handi nazional bat ematen diogu kanpainari. Baina badakigu irabaziko dugula. Gure kezka handiena ez da EH Bildu oso hurre omen dugula, abstentzioa baizik. Igo dira, ez dut ukatuko, baina gehiago da gu jaitsi garena. Gure ardura da abstentzioan geratu zaizkigun boto emaile horiei erantzun bat ematea. Etxean geratu zaigu jende asko azken hauteskundeetan, eta horiei erantzun bat eman behar diegu, badakigulako horietako gehienek ez dutela asmo handirik beste alderdietara joateko.
Esan duzu hauteskundeak irabaziko dituzuela?
Bai, ni ziur nago. Gogoa baino gehiago, datuak dira. Herrialde batzuetan oso hurre egongo gara; Bizkaian ere bai, baina hurre egotetik bigarren indarra izatera jauzi handia dago. Ez dut ikusten jauzi hori.
«Imanol Pradalesek harro hitz egin dezake egindakoaz, hobetzeko tartea dagoela azalduz aldi berean».
Pradalesek Osakidetza aipatzen du aldiro. Nola lortuko du oreka esplikatzeko zerbitzu sozialak konpondu behar direla, herentzian jasotakoa kritikatu gabe?
Herri honetan arazoak badirela ezin da ukatu, eta [Iñigo] Urkullu lehendakariaren gobernuak ere ez du ukatzen, baina gauza asko egin dira hobetzeko helburuz, eta Pradalesek garbi azaldu dezake hori. Osakidetza ahotan izan du hasieratik, baina alderdiak eta Jaurlaritzak ere bai. Azken finean, Imanolek [Pradales] harro hitz egin dezake egindakoaz, hobetzeko tartea badagoela azalduz aldi berean.
Datu guztiak ez dira izango harro egotekoak, ezta?
Gauza batzuk ez dira ondo egin, ziur. Baina beste batzuk bai, eta azaldu egin behar dira. Gizartearen beharrak oso azkar aldatu dira. Osakidetzan oso argia da, eta hezkuntzan ere bai. Datu demografikoek zeresan handia izan dute. Eta gero hausnarketa serio bat egin behar dugu txarto egin dena konpontzeko, eta ikusteko gure sistemak behar berriei erantzuteko gaitasuna daukan ala ez.
Josu Erkorekak iradoki du kale istiluen jatorria EH Bilduren «dendaostean» dagoela. Ados zaude horrekin?
Gogorra da edozeinentzat ikustea istiluetan zaurituak sortzen direla eta ezbeharrak daudela, eta, zorionez, badaukagu Ertzaintza integral eta demokratiko bat hori guztia aztertzeko, baita barne bideetatik ere, dena argitu dadin. Zeren eta argitzen ez badira beti geratzen da ubel txiki bat. Nik ez dakit nork eragiten dituen istiluak; eduki dezaket susmorik, baina datu zehatzik ez, eta ez dut inor gehiago haserretu nahi. Baina bitxia da ekitaldi publikoetara batzuk joatea prestaturik, ondoan dauden kontainerrak ertzainen gainera botatzeko gogoz. Pentsatu beharko dugu ere herri honetan zergatik doan jendea horrelako borrokak eragiteko materialarekin.
Erkorekak Ertzaintzaren sindikatu batzuei galdetu die ea benetan ikertu nahi ote duten Tolosan zer gertatu zen. Ertzaintzaren kontrola galdu du Jaurlaritzak?
Sindikatuez aparte, beste talde batzuk sortu dira Ertzaintzan, eta horrek eragin zuzena izan du urte batzuetan egonezin horretan. Baina kontrolari dagokionez, beste edozein sailetako langileekin dagoen kontrol bera dago Ertzaintzarekin. Sindikatuek eskaerak egiten dituzte. Ni ez nator bat batzuetan erakutsi duten jarrerarekin, haien irudiarentzat ez delako ona izan. Baina uste dut berriro sindikatu tradizionalek hartu dutela eskaeren ekimena.
«Gogorra da ikustea zaurituak sortzen direla; zorionez, Ertzaintza demokratiko bat dugu hori guztia aztertzeko, baita barne bideetatik ere, dena argitu dadin».
Polizia eredua aztertzeko eskatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek. Aldaketak egiteko prest dago EAJ?
Eskaera hori askotan entzun dut, baina ez du entzun zein den EH Bilduren polizia eredua. San Mamesen, Anoetan, Tolosan edo Gasteizen gertatu zirenen aurrean, jakin nahiko nuke zein izango litzatekeen EH Bilduren edo Elkarrekin Podemosen sailburu baten jarrera. Ertzainburuek erabakitzen dituzte esku hartzeak, dakitenek. Denok nahi dugu hurreko polizia bat, eta eredua aldatzen joan da gizartearen beharrekin batera. Lehen indarkeria terrorista zegoen, eta orain beste une batean gaude.
Anduezak oso garbi utzi du ez duela babestuko EH Bilduren gobernu bat, eta...
[Galdera bukatu aurretik erantzun du] Hauteskundeen hurrengo egunean ikusiko dugu. Oso arduratuta dago horrenbeste bider esan behar badu.
Benetan diozu EAJ babestea ez den beste formularen bat egon daitekeela PSErentzat?
Guk PSOErekin akordio bat dugu Madrilen, eta zortzi urte daramagu elkarrekin Jaurlaritzan; aldundietan eta udaletan ere berritu dugu akordioa. Bide bat egin dugu, eta martxan dauden hainbat proiekturekin jarraitzea normalena izango litzateke; baina Alderdi Sozialistak uneren batean izango du beste batzuekin akordioak aztertzeko grina.
Iritsi da momentu hori?
Orain PSOEk gure botoak behar ditu Madrilen, baina EH Bildurenak ere bai. Madrilen egoera alda daiteke, ordea. Iruñean zer egingo zuen oso garbi esan zuen PSNk, baina momentua hobetu zenean iritzia aldatu zuen...
Anduezak bere hitza eman du. Ez diozu sinesten?
Sinestu nahi dut, baina Patxi Lopezek ere esan zuen PPrekin ez zuela itunik egingo, eta egin zuen, eta ia lau urte egon zen gobernuan.
«Sinestu nahi dut [Anduezaren promesa EH Bildu ez babesteko], baina Patxi Lopezek ere esan zuen PPrekin ez zuela itunik egingo eta ia lau urte egon zen gobernuan».
PSE ez dela euskara behar bezala babesten ari uste dute EAJko buru batzuek. Aliantza bat egin aurretik, euskararen inguruan ez al zeniokete jarri beharko PSEri marra gorri bat?
Gaia ez da berria, baina bitxia da guri galdetzea horri buruz beti, eta ez EH Bilduri; zeren eta Nafarroako Gobernuaren aurrekontuak babesten edo ahalbidetzen ditu hark, eta PSNk askoz ere jarrera gogorragoa dauka euskararekin. Alderdi Sozialistak txarto ulertzen du gai horrek botoak ematen dizkiola, gure gizarteak ez duelako euskara etsaitzat, ezta euren boto emaileek ere.
Euskararen defentsa marra gorria izango da zuen arteko negoziazio posible batean?
Badakite gure jarrera zein den euskararen arloan, eta badakite edozein gobernu programatan gure helburu nagusia izango dela jarrera hori.