Arabako EAJren lehen antolatzaile eta EAko sortzaileetariko bat da Andoni Perez Cuadrado (Gasteiz, 1926). Bere bizitza luzeari eta emankorrari buruzko memoria liburua argitaratu berri du Euskaria elkarteak, Askatasun Ufada izenburupean. Abertzale militante sutsua eta Francoren kontrako borrokan Erresistentziako buruzagietako bat izandakoak tinko defenditu du beti Euskal Herriak independentea izan behar duela. Perez Cuadradok itxaropenez begiratzen dio aro politiko zabaldu berriari, eta sinetsita dago ateak parez pare zabalditzakeela indar abertzaleen arteko elkarlanak erabakitzeko eskubidea gauzatzeko.
Eliza eta aberria.Zure jardunaren ardatzak dira biak. Zergatik dira hain garrantzitsuak?
Ezinbestekoak zaizkit eliza eta aberria. Elizako kide izateak inplikazioa eta parte hartzea eskatzen du, ezinbestean. Elizan egoteak hori eskatzen du, maitasuna ematea eta besteei laguntzea. Aberria ere funtsezkoa da niretzat. Familia abertzale batekoa naiz, izeba-osabak, gurasoak, denak ziren nazionalistak... Etxean,beti bizi izan dugu giro abertzalea.Nik ere EAJn militatzeari ekin nion, eta dinamika politikoan sartu nintzen. Nire herria egunez egun bizi dut, ederkiezagutzen dut, eta Iparraldean nahiz Tuteran ditut lagunak. Esan nahi dudana da aberria garrantzi handikoa dela niretzat, eta erabakitzeko eskubidearen defentsa sinesmen katolikoekin hertsiki lotuta dauzkat. Inor gutxik jakingo du, baina Joan Paulo II. Aita Santuak 1980ko hamarkadan autodeterminazio eskubidea defenditu zuen homilia batean.
1951etik 1961ra abertzaletasunaren lekuko bakarra izan zinen Araban. Zaila izango zen garai hartan abertzale izatea, ezta?
Zaila baino, ezinezkoa zen! Hogei urtean hamalau aldiz atxilotu ninduten, baina behin bakarrik prozesatu ninduten. Lehen aldiz 1948an atxilotu ninduten, soldadutzan nengoela, Aberri Egunean. Karmengo elizara joan ginen mezatara, eta handik irten ginenean bi polizia etorri zitzaizkidan atxilotzera. Poliziek eraman ninduten, deklarazioa hartu zidaten, eta kuartelera eraman ninduten berriro.
Asko bizitakoa zara, eta euskal gatazkaren ondorioak ongi ezagutzen dituzu.Ordutik denbora franko pasatu da, eta egoera politikoa zeharo aldatu da. Itxaropentsua zara Euskal Herriarengeroarekin?
Bai, ilusio handia daukat. Uste nuen ez nintzela sekula ailegatuko egoera hau ikustera. Primo de Riverarekin jaionintzen, Errepublika, diktadura, eta trantsizioa delakoa bizi izan ditut, eta egungo egoera bizitzea, asko da! Hala ere, gure herriak bizi izan duen garairik oparoena Errepublika garaia izan zen, eta ziur naiz hiru urte gehiago iraun izan balu Euskal Herria independentea litzatekeela. Izan ere, Errepublikak iraun zuen urte gutxi horietan gauza asko egin ziren herri honetan: unibertsitatea eta ikastolak eratu ziren, osasun sistema antolatu zen, euskarari bultzada eman zitzaion... Eta dena indartzen ari zenean Franco iritsi zen, eta desegin egin zuen. Baina ordurako mundu osoko errespetua genuen, kanpoan herri gisa goraipatzen gintuzten, langileak, zintzoak eta duinak ginela zioten... Uste dut balio horietako asko oraindik indarrean daudela euskal gizartean, baina beste balio batzuk galdu egin direla. Balio etiko eta moralez ari naiz. Horiek eskuratzen baditugu, Euskal Herria eredugarria izango da, eta horretan baikorra naiz.
Euskaria Fundazioko kide zara. Euskal Estatua lortzeko erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen duzue, eta abertzale eta euskaltzale guztien arteko aliantza proposatzen duzue autodeterminazio prozesu bati ekiteko. Fundazioaren helburuak gauzatzeko bidean daude?
Gure helburua beti izan da akuilu lana egitea, ideia horiek bultzatzeko alderdietan eta gizartean, oro har. Euskarian gure herriaren alde lan egin dugu, ikuspuntu guztietatik. Autodeterminazioaren bidean abertzaleen arteko batasuna lortzea izan da gure lan ildoetako bat, eta esan beharra daukat alderdi abertzaleen artean EAJk beti huts egin digula. Ez dago modurik EAJk abertzaleekin bat egiteko. Saiatuegin gara, baina ezdute nahiizan. Alderdi hori zaharkituta dago jadanik.
Independentziari buruzko eztabaia berpiztu egin da Euskal Herrian, batetik, nazioartean independentziaren bideari ekin diotelako hainbat herrialdek; Eskoziak, esaterako. Bestetik, krisialdi ekonomikoak burujabetzaren beharra sendotu duelako. Euskal Herrian baldintza egokiaksortzen ari dira independentzia lortzeko?
Hala uste dut, bai. Gero eta sendoago ikusten dut aukera hori. Krisialdi ekonomiko honek erakutsi digu ezinbestekoa dela independenteak izatea, askoz hobeto biziko ginatekeelako. Autodeterminazioaren Biltzarrean gaia mahai gainean jarri genuen lehenetarikoak izan ginen, eta jendeak harriduraz begiratzen gintuen. Hortik aurrera borondateak batuz joan gara. Erabakitzeko eskubidearen aldeko lan horrek fruitu asko eman zizkigun, kontzientzia asko piztu genituelako. Eta gaur da eguna eskubide horri buruz normal-normal hitz egiten dela, eta independentziaz ere lasai asko hitz egiten hasiak garela. Inkestak ere hor daude, eta apurka-apurka gero eta gehiago dira beren buruak independentistatzat jotzen dituztenak.
Baina, nola konbentzi daitezke oraindik independentzian sinesten ez dutenherritarrak?
Egoera politiko berri honetan, alderdi abertzaleek hartu beharko dute lan hori egiteko ardura. Garrantzitsua da herritarrak burujabetzaren alde mobilizatzea.
Zergatik uste duzu Euskal Herriak independentea izan behar duela?
Ezinbestekoa da Espainiatik banantzea. Espainia une batetik batera erreskatatu egingo dute; zer espero dezakegu halako herri batetik? Zer egingo dute gurekin? 1936ko gerraren egoeraren antzekoa dugu orain, baina armen mehatxurik gabe; izan ere, Espainiak legeekin min handia egiten ari zaigu. Madrili planto egin behar zaio; baina Patxi Lopez Jaurlaritzan egonda, ezinezkoa da hori, eta, EAJ gobernatzen balego ere, ez luke ausardia nahikorik jarrera hori hartzeko.
Eta, zure ustez, nola egin behar zaio aurre erabakitzeko eskubidea ukatzen duen estatuari?
Hurrengo hauteskundeak garrantzitsuak izango dira, bide horretan aurrera egiteko. Abertzaleok irabazteko aukera daukagu, eta ziur naiz indar handia izango dugula bide hori jorratzeko. Espainian beldur dira Euskal Herrian ireki den ziklo berriak gehiengo abertzaleak eta autodeterminazio eskubideaekarriko dituen, eta horregatik ari dira hainbat neurri hartzen, besteak beste, hauteskunde legearen erreforma. Neurri hori dardarka jartzeko modukoa iruditzen zait. Hauteskunde iruzur handia egin nahi dute. Dena den, ez nau gehiegi harritzen PPk halako neurriakhartu izanak, eskuina halakoak egiteko gai delako. Nahi duena egitekogai da eskuina, eta lege erreforma PPk abertzaleekiko duen gorrotoaren isla da.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak erabakigarriak dira, beraz, independentziaren aldeko pausoak emateko?
Bai, bai, erabateko garrantzia izango dute bozek. Hala ere, uste dut sukaldeko lan handia egin behar dela oraindik burujabetzaren aldeko ideiak sustraitzeko, eta jendeari arrazoi ekonomiko eta sozialak eman behar zaizkio independentziaren alde egin dezan. Ongi bizi nahi badugu, independentziaren alde egin behar dugu, guk geuk dakigulako hobekien geurea dena kudeatzen .
Nola imajinatzen duzu etorkizuneko Euskal Herria ?
Independentea, noski. Baina hori gazteek ikusi beharko duzue, ez dakitiritsiko naizen eta!
Independentzia hizpide (III). Andoni Perez Cuadrado. EAko militantea eta Euskaria Fundazioko kidea
«Hauteskundeak garrantzitsuak dira independentzia lortzeko»
Krisialdi ekonomikoa abagune ezin hobea da Euskal Herriak burujabetzaren bideari ekin diezaion, Andoni Perez Cuadradoren aburuz. Halere, uste du oraindik «sukaldeko lana» egin beharko dela gizartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu