Eusko Alkartasunaren Batzar Nazionalak bilera egin du gaur, eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EH Bilduren zerrendak osatzeko koalizioari egin beharreko proposamena onartu du. 25 kide proposatu ditu, eta haien izen-abizenak ordena alfabetikoan eta lurraldeka igorri ditu; hau da, ez du zehaztu nork izango duen lehentasuna zerrendak osatzeko, hori EH Bildurekin negoziatu beharko baitu orain. Dena den, Arabako zerrendan dago, besteak beste, Eba Blanco idazkari nagusia. Haren hitzetan, «gobernu bokazioarekin eta irabaztera» joango dira bozetara.
Egun EAk legebiltzarrean dituen ordezkarietatik, proposatutako zerrendan ageri dira, Blancoz gain, Lore Martinez Axpe eta Roke Akizu, biak Gipuzkoan. Aldiz, Leire Pinedo ez da berriz aurkeztuko, berak hala erabakita. Alderdiak ohar bidez adierazi duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako afiliatu guztiek izan dute zerrendetarako izenak proposatzeko eta prozesuan parte hartzeko aukera.
EAren egoera judizialari dagokionez, gatazka «gainditutzat» jo du Blancok, 2022an eginiko bi kongresuak onetsi egin baitituzte epaitegiek. Era berean, adierazi du «legez kanpokoa» litzatekeela EAren barruan primarioak egitea: «Gure estatutuek eta epaitegiek diotenaren aurka joango ginateke».