Hauteskunde kanpainen gastua %15 murriztu nahi du Jaurlaritzak

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legea bosgarrenez aldatzeko proiektua onartu du gobernuak

edurne begiristain
Gasteiz
2014ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legean hainbat aldaketa egin nahi ditu Eusko Jaurlaritzak. Nagusiak, hurrengo bi hauek: batetik, %15 murriztu nahi du alderdi politikoen gehieneko gastua hauteskunde kanpainetan; eta, bestetik, izoztu egin nahi ditu alderdi politikoek bozetarako jasotzen dituzten diru laguntzak. Hala jasotzen du gobernuak onartu duen Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako lege proiektuak, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak jakitera eman duenez.

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeen Legea 1990ean onartu zen, eta geroztik lau aldaketa egin dizkiote, legedira eta unean uneko testuinguru sozial eta politikora egokitzeko. Oraingoa, beraz, bosgarren moldaketa da. Hauteskunde deialdietan «berdintasuna eta neutraltasuna» bermatzeko egin du erreforma gobernuak, Beltran de Herediaren arabera. Halaber, aurrekontuetan gastua murrizteko hartutako konpromisoa betetzeko eta Espainiako hauteskunde legearen erreformara egokitzeko onartu du Jaurlaritzak proiektu berria. Legebiltzarrari dagokio orain hura tramitatzea eta onartzea.

Botere publikoei ere bai

Ekonomikoak ez ezik, bestelako mugak ere ezarriko zaizkie alderdi politikoei, Segurtasun sailburuak azaldutakoaren arabera. Hala, kanpaina hasi aurretik hauteskunde propaganda egitea edo zabaltzea arautuko du gobernuak.

Botere publikoek hauteskunde garaian egiten dituzten erakunde kanpainei dagokienez ere, zenbait murrizketa jarri nahi ditu gobernuak. Lege proiektuak jasotzen duenez, «interes publikoa babesteko» eta «zerbitzuek ondo funtzionatzeko» ezinbestekotzat jotzen diren kanpainak bakarrik egin ahal izango dituzte. Gainera, Eusko Jaurlaritzak botoa ematearen inguruko informazioa zabaltzeko egin ditzakeen kanpainen edukia, halaber, mugatzeko asmoa du gobernuak, eta botoa ematea sustatzea debekatu nahi du.

Bestetik, hautagaiei eragiten dieten hainbat neurri ere jaso ditu gobernuak lege proiektuan.Besteak beste, hauteskundeetan ezin izango dira hautagai modura aurkeztu Euskal Irrati Telebistako edo hari atxikitako sozietate nahiz komunikabideetako goi kargudunak, eta ezta sozietate publikoetako edo sektore publikoak gehiengoa duen sozietateetako goi kargudunak ere. Aitzitik, Eusko Jaurlaritzako zuzendariordeei edo lurralde ordezkariei ez zaie oztoporik jarriko Eusko Legebiltzarrerako bozetara hautagai gisa aurkezteko.

Teknologiarekin zerikusia duten aldaketak ere aurrera eramateko asmoa du Jaurlaritzak, eta, horretarako, hainbat neurri bildu ditu: besteak beste, boto-emaileak berak sartzea botoaren gutun-azala hautetsontzian, mahaiko presidenteak inolako esku hartzerik izan gabe, eta egoitza iraunkorra atzerrian daukaten boto-emaileek aukera izatea kontsulatuetan jarritako hautetsontzietan botoa emateko.

Era berean, emakume eta gizonen berdintasuna bermatzeko eta familia eta lana bateragarri egiteko zenbait «ekintza positibo» aurreikusi ditu gobernuak. Zehazki, hauteskunde mahaiko kide izendatuz gero, edoskitze aldiari eta haurdunaldiari lotutako arrazoiak argudiatu ahal izango dira uko egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.