Bilduk gainerako hautagai guztiek bezala parte hartu ahal izango du maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetan, eta baita abiatu berri den kanpainan ere. Hala ebatzi du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Legeak agindutako muga gainditu zuten magistratuek, eta ofizialki kanpaina abiatuta zela eman zuten erabakiaren berri, gauerdia pasata. 11:35ean jakin zen legez kanporatzearen aldeko ponentzia atzera bota zutela 11 magistratutik seik, eta, ia ordubete beranduago, 00:20anjakin zen sei horien aldeko botoekin eta gainerako bosten kontrakoekin onartu zutela Bildu legeztatzea. Ozta-ozta hartutako erabakia da beraz. Horrenbestez, Gorenak emandako erabakia baliogabetu du Konstituzionalak, eta Bilduri bozetan parte hartzeko baimena eman dio. Datozen egunetan egingo dute publiko ebazpena, eta aurreratu dute boto partikularra ere izango dela.
Bilduk hautestontziak ilusioz eta itxaropenez betetzeko deia egin zuen erabakia jakin bezain pronto, Bilboko Areatzan. Milaka boz ezkertiar eta independentista batzeko kalera irten eta lan egiteko ordua dela nabarmendu zuen.
Auzitegi Konstituzionala osatzen duten magistratu guztiek hartu dute erabakia, 21:00ak aldera abiatu zuten osoko bileran. Bigarren aretoak zuen erabakia hartzeko ardura, baina, hango sei magistratuen ezadostasun sakonak gaia osoko bilkurara eramatea ekarri zuen. Izan ere, hiru magistratu «progresistak» eta hiru «kontserbadorek» osatzen dute ebazpena eman behar zuen bigarren aretoa. Ponentea Francisco Hernando zen, «kontseradorea».
Hain justu, hura errekusatu zuen Bildukherenegun, baina Auzitegiak ez dio arrazoirik eman. Auzitegi Goreneko 61eko aretoko presidente zen Hernando, 2003an Batasuna legez kanpo utzi zutenean eta geroagoko legez kanporatze prozesuetan, harik eta 2008an kargua utzi zuen arte. Horregatik, magistratua ez dela «neutrala» uste du koalizioak. Konstituzionalaren arabera, argudio horrek ez du oinarririk.
Goizean hartu zuen erabaki hori Konstituzionalak, magistratu guztien osoko bileran —Hernandok ez zuen parte hartu—. Horren ondoren batu ziren Bilduri buruz erabakia hartu beharu zuten bigarren aretoko sei magistratuak. Eguerdian hasi, eta bi ordu eta erdi inguruko bileraren ostean bazkaltzera joan ziren 14:30ean. 19:00ak arte ez ziren berriz itzuli auzitegira. Orduan, Hernandok idatzitako ponentziaren inguruko bozketa egin zuten, eta berdinketa ikusita, auzia osoko bilkurara eraman zuten. Osoko bilduran zazpi epaile dira «progresistak», eta lau «kontserbadoreak».
Eskubide urraketa
Hauteskundeetara aurkeztea galaraziz gero, eskubide urraketa izango litzatekeela argudiatu zuen Bilduk, Auzitegi horretan aurkeztutako helegitean. Auzi publikoetan parte hartzeko eskubidea, berdintasun baldintzetan hautetsi izateko eskubidea, ideologia askatasuna, adierazpen askatasuna eta biltzeko askatasuna urratu zaizkiola argudiatu zuen. Gainera, eskubide horiek zerrendetako kide independenteei ez ezik «legezko diren alderdi politikoei» ere urratzen zaizkiela nabarmendu zuen.
Abertzaleen indarrak batzeko ideia ez zela ETAn sortu ohartarazi zien koalizioak magistratuei. Gogora ekarri zien EAk 1992an horretaz hitz egiten zuela, eta orduan ere esaten zuela bide demokratikoetatik egin behar zela, indarkeriarik gabe. Poliziak eta Guardia Zibilak diotenez, ETAk 2008ko agirietan hitz egiten du indar metaketaz. Bilduren ustez, argi dago, EArenak baino «geroagokoak» direla ETAren gogoetak.
Bilduren zerrendak baliogabetzeko frogen artean Herri Akordioa deritzon agiri bat dago. Polizien arabera, han zehaztuta dago zerrendetan zein postutan joango diren EAkoak, zeinetan Alternatibakoak eta zeinetan independenteak. Bilduren arabera, ordea, agiri hori ezin da frogatzat hartu. Izan ere, nabarmendu duenez, agiriak ez du datarik eta ezta egilearen edo jatorriaren inguruko daturik ere. Nolanahi ere, idatzi hori ez zutela koalizioko kideek adostu azpimarratu zuen.
Prozesu demokratikoari buruz ustez ETAk idatzitako agiri bat ere Bilduren kontrako frogatzat erabili dute. Agiri hori ez dagoela EAri eta Alternatibari zuzenduta azpimarratu zuen Bilduk, eta EArekin ez dela partekatu «ez aurretik eta ez ondoren».
M-22: udal eta foru hauteskundeak. Bilduren auzia
Hauteskunde kanpaina abiatu da, Bilduren parte-hartzea baimenduta
Bigarren aretoan berdinketa izan ostean osoko bilkuran erabaki du Konstituzionalak koalizioari aurkezten uzteko erabakiaSei magistratu agertu dira Bildu koalizioa legeztatzearen alde, eta bost kontra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu