Kanpainan murgilduta gaude dagoeneko, eta beste askotan gertatu ohi den moduan, intentsitate handiko kanpainaurrea bizi izan dugu. Daukagun ingurumaria oso partikularra da, eta hemen ere udal eta foru hauteskundeetan lehiatu ahal direnak elkarri trapuak aurpegiratzen ikusi ditugun arren, alderdi batzuen apustu berriak izan dira, hein batean, agenda politikoa marraztu dutenak.
Hego Euskal Herriari dagokionez, Nafarroako birao eta tira-biren protagonismoa aipatu gabe ezin utzi, Nafarroa Bairen ingurukoak bereziki. Finean, hemen gertaturikoa Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban ere martxan jarri diren estrategia eta akordioen aurrekaria edo ondorioa izan da. EA koaliziotik kanporatua izatea Aralarren barrabaskeria baten moduan ikusi du zenbaitek, eta EAk koalizioarekiko izaniko leialtasuna ez dute zalantzan ipini. Beste batzuek, aldiz, euren helburua lortu dutela uste dute, borondatez alde egin ordez, koaliziotik kanporatuak izatea eta horrela Nafarroako EAko oinarriaren zati batek gustuko ez omen duen erabaki bat hartzea saihestu dutela. Kontu horretan erantzukizun partekatuak egongo dira ziurrenik.
Faktoreen ordenak azken produktua aldatzen ez duen premisapean, kanpainaurre honetako gako nagusienetakoa hauteskunde aurkariak nortzuk izango ziren jakitea izan da. Programen arteko alderaketak pisua galdu du berriro ere, eta ia ezinbestez, Ezker Abertzale historikoaren presentzia izan da kanpainaurreko gai nagusia. Espainiako Auzitegi Gorenak Bilduren zerrenda guztiak baliogabetzearen inguruan EAJk nahiz PSE-EEko politikari batzuek hartutako jarrerek ere aipu bat merezi dutelakoan nago. Auzitegi Gorenak Bilduren zerrendak baliogabetu ondorenean erabaki du EAJk Madrileko gobernuari orain artean emaniko babesa, oraingoz behintzat, etetea. PSOE eta PSE-EEko zenbait sektorek ere auzitegiei egotzi diete ardura nagusia, auzi judizial hutsa bailitzan. Guztiek saihestu dute, lotsagabekeria urratuz, Espainiako Gobernu/ Fiskaltzak eta Estatuko Abokatutza izan direla Bilduren zerrendak inpugnatu dituztenak. Orain dela lau urte ANVren zein zerrenda inpugnatu eta zein ez erabaki zuten bezala, Auzitegi Gorenaren errieta irabaziz.
Kanpaina hasi eta minutu gutxira jakin dugu Espainiako Auzitegi Konstituzionalak argi berdea eman diela Bilduko zerrendei. Azkenean korapiloa askatu dela dirudi, eta aspaldiko partez Ezker Abertzale historikoak ordezkaritza instituzionala izango du Bildu koalizioaren baitan. Hauteskunde ia normalizatuak izateko moduan gaude, oraindik Auzitegi Konstituzionalak Sorturekiko eman dezakeen ebazpena falta bada ere. 1999ko udal hauteskundeetan aurkeztu ahal izan zen azken aldiz guraiz-ebaki gabe Ezker Abertzalea. Maiatzaren 22tik aurrera aldaketak izango dira hauteskunde mapan, eragina ezberdina izango bada ere tokian tokiko idiosinkrasiaren arabera. Gipuzkoako Batzar Nagusiak datorzkit burura, Bizkaian eta Araban ez bezala, 2007an ANVren ordezkaririk gabe osatua. Oraingoan erakundeetako ordezkaritzak hautesleen botoak hobeto islatuko dituztelako ideia nahiko hedatua dagoela uste dut, horrek zenbaitek aulki batzuk bidean galtzea ekar balezake ere.
Udal eta foru hauteskundeak. Analisiak. Begiradak
Hauteskunde ia normalizatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu