Xabi Iraola: «Hauteskunde emaitza jakin batzuetatik harago ari gara»

Sortuko Nazio Kontseiluko kidea

(ID_13546822) (Gorka Rubio/@FOKU) 2024-01-29, Andoain. Xabi Iraola, Sortuko Herrigintza idazkaria
GORKA RUBIO / FOKU
xabier martin
Andoain
2024ko otsailaren 1a
05:00
Entzun

Plaza Hutsak jardunaldia egingo du Sortuk larunbatean, Durangon (Bizkaia), «herri baten koordenatuak pentsatzeko». Alderdiko 400 bat kidek zenbait eremutan aritzeko lan ildoa ezartzeko helburua izango dute.

Bizitzaren alor garrantzitsuei buruz hausnartzeko xedea duzue larunbat honetan, haien inguruko «koordenatuak» gaurkotzeko. Azalduko zenuke hori hobeto?

Sei-zazpi eremu landuko ditugu, eta horietariko gehienetan proposamenak eginak ditugu jadanik: esaterako, hezkuntzan eta euskaran. Aurten, jatorri eta kultura aniztasunari begira ere jarriko gara. Aurrez lantzen ari garen proposamenak aberastea eta osatzea espero dugu. Ezker abertzale bezala, zehaztu nahi dugu eremu horietariko bakoitzean zer erronka ditugun eta zer lan ildo jarriko ditugun martxan.

Sortuko kideek parte hartuko dute ekitaldian. Zenbatek?

Hizlari gehienak Sortuko kide izango dira, eta jendetsua izango da. Iaz, 400 inguru elkartu ginen, eta, aurten, kopuru horretatik gora egongo gara Durangon.

Jardunaldien aurkezpenean, esan duzue EAJren ereduaz nekatuta dagoela euskal gizartea. Hauteskundeetan ikusiko da hori horrela den ala ez, ezta?

Guk uste dugu ziklo politiko berri batean gaudela. Aldaketa horiek ez dira egun batetik bestera gertatzen, eta baliteke bozetan ziklo aldaketa islatzea maila handi batean edota maila apalago batean; hori ez dago jakiterik bozak egin arte, baina, emaitzak gorabehera, guk uste dugu ziklo berria abiatu dela, sakonekoak diren prozesuak lotzen ari baitira. EAJren kudeaketa ereduak baditu nekadura zantzuak. Ikusi besterik ez dago zer-nolako krisiak dauden EAJrentzat zutabe izan diren esparru batzuetan: esaterako, Osakidetzan eta Ertzaintzan.

Badago ezker abertzalearen mezu bat asko errepikatzen ari dena EAJri begira: ez dela une historikoa ongi analizatzen ari. Zergatik diozue?

Garai honetako erronkei aurre egiteko gaitasun gabezia erakusten ari delako. Trantsizio energetikora ere oso berandu iritsi gara herri gisa erantzun bat ematera, kasurako.

EH Bilduk Trantsizio Legea adostu du EAJrekin eta PSE-EErekin, ordea.

Bai, orain egon da akordio hori, eta beste herrialde batzuetan duela urte asko adostu dituzte trantsizio hori prestatzeko erantzunak. Berandu iritsi da; denbora asko galdu dute alferrik.

EAJren ereduaren ustezko nekaduraz gainera, zantzu gehiago ditu Sortuk ziklo aldaketaz aritzeko?

Beste bi zantzu behintzat. Ezker independentismoaren hazkundea iraunkorra da, errotze handi batekin gainera, zazpi lurraldeak hartzen baititu, modu homogeneoan. Hauteskunde emaitzetatik harago doa joera hori, gure ustez. Eta, horrez gain, aldaketaren aldeko herri gogo sendoa dago, eta horretan barneratu nahi dugu Plaza Hutsak jardunaldian.

«Bozek Eusko Legebiltzarrean uzten duten argazkia garrantzitsua izango da erabakitzeko eskubideari dagokionez».

Zertan oinarritzen zarete herri gogo hori badela esateko?

Udazkenean adibide ugari izan ditugu horri eusteko. Oso tarte txikian ikusi ditugu milaka lagun kalera ateratzen euskararen aurkako erasoen aurka, zaintzaren eskubide unibertsalaren alde greba feminista baten bidez, palestinar herriaren defentsan, lan gatazken harira... Herri honetan badago aldaketa gogo bat bozetatik harago doana.

Hauteskundeek eman eta kendu egiten dute, ordea, eta ez du erraza ematen EAJri erdigune politikoa kentzeak.

Boz horiek irakurtzeko bi geruza daude. Gatazka politikoari lotua dator lehena. Hego Euskal Herriari begira, Espainiako legealdi berriaren erdigunean nazio auzia egongo da, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bozak testuinguru horretan izango dira, maila batean. Hauteskundeek Eusko Legebiltzarrean utziko duten argazkia garrantzitsua izango da nazio aitortzari begira, burujabetzari eta erabakitzeko eskubideari dagokienez. Gure herriak nazio aitortzari dagokionez aspirazio handiagoak dituela islatu beharko luke argazki horrek. Bigarren geruza, berriz, proiektu politikoen arteko lehia bera da. Erronka handien aurrean gaude, eta horiei nola aurre egin, erantzunen arteko lehia egongo da, ereduen artekoa. Hor ikusiko da zein den gehiengoaren nahia.

EH Bilduk dio ez duela presarik lehendakaritzara iristeko.

Hain justu, arnasa luzeko ikuspegi batekin egiten ditugu Plaza Hutsak-en gisako jardunaldiak, aurrez aurre ditugun erronkak sakon aztertzeko eta erantzunak eta lan ildoak behar bezala ezartzeko. Ez gaude hautagai gazteagoak jartze hutsari begira, bozak ia termino kosmetikoetan hartuz. Hauteskunde emaitza jakin batzuetatik harago doazen erantzunak eskaini nahi ditugu, herritarren balio eta printzipioekin baitu lotura gertatzen ari den aldaketak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.