Hauteskunde eguna dute gaur Osakidetzan, hamar urteren ondoren

45.000 osasun langile baino gehiago deituak daude bozetara, eta ELA, SATSE, LAB, SME, CCOO, UGT, ESK, USAE eta USO sindikatuak aurkeztu dira.

Osasun langile bat botoa ematen, gaur goizean, Bilboko Areiltza doktorea anbulatorioan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Osasun langile bat botoa ematen, gaur goizean, Bilboko Areiltza doktorea anbulatorioan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko azaroaren 28a
13:00
Entzun

Azkenekoz duela hamar urte egin zituzten hauteskunde sindikalak Osakidetzan, gaur arte. 45.000 osasun langile baino gehiago deituak daude bozetara, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun sistema publikoan sindikatuek dituzten ordezkariak berritzeko. ELA, SATSE, LAB, SME, CCOO, UGT, ESK, USAE eta USO sindikatuak aurkeztu dira hauteskunde sindikaletara, eta osasun langileek 355 ordezkari sindikal aukeratuko dituzte.

Osakidetzako langileek 82 hauteskunde mahaitan botoa emateko aukera dute, hamabost hauteskunde eremutan banatuta —ospitaleetan eta osasun zentroetan emango dute botoa—. Ospitaleetan 23:00ak arte izango dute botoa emateko aukera, eta lehen mailako arretan, berriz, 22:00ak arte. 

Osakidetzako hiru enpresa batzordeen eta hamabi langile batzordeen osaera hauteskundeen emaitzen araberakoa izango da, eta baita mahai sektorialarena ere. Gaur egun ELA eta SATSE dira jaun eta jabe; lehenak 76 ordezkari ditu, eta bigarrenak, 74.

Mahai sektoriala berritzea pauso garrantzitsua izango da datozen hilabete eta urteetan lan arloko erabakiak adosteko; bereziki, lan eskaintza publikoekin (LEP) loturikoak. Izan ere, LEP eredu berri bat negoziatzen ari dira mahai sektorialean, Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak hori egitea proposatu eta gero; hain zuzen ere, «Osakidetzaren hautaketa eta hornikuntza prozesuak arintzeko modua emango duen eredu bat, lantaldea egonkortzeko eta berritzeko beharrei erantzungo diena».

Eredu horren arabera onartuko dituzte aurtengo lan eskaintza publikoa eta datorren urtekoa; iazkoaren hautagaitza prozesuei ere ekingo diete —1.265 posturi eragingo dio—. Gainera, Jaurlaritzaren asmoa da orain arteko LEPak urtea bukatu baino lehen ebaztea. Zehazki, oraindik itxi gabeko sei LEP ebatziko dituzte datozen hilabeteetan: 2018ko eta 2019ko LEPei dagozkien 3.535 postuak, egonkortzeko LEParen 3.720, eta 2020ko, 2021eko eta 2022ko LEPei dagozkien 3.919 postuak. 

Sindikatuen aldarrikapenak

Osasun arloko ituna adosten ari diren garaian dira hauteskunde sindikalak. Sindikatu guztiak ez dira ari hura adosten, hala erabakita; esaterako, ELA eta ESK. Hain zuzen ere, biek aldarrikatu dute horretarako dagoela mahai sektoriala; beste sindikatuek ere nabarmendu dute mahai horren garrantzia. Ildo horretatik, ELAk lan baldintzen akordio berri bat eta zerbitzuen publifikazioa aldarrikatu ditu hauteskunde hauetan. 

SATSEri, berriz, ezinbestekoa iruditzen zaio erizain lanpostuak ugaritzea eta, hala, lan horretan ari diren langileen egoera egonkortzera jotzea. LABen arabera, pribatizazio eta ituntze politikak «alboratu» egin behar dira, eta hori lehentasunezkoa da sindikatuarentzat. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.