Emakumeen Nazioarteko Eguna da gaur, eta, hori gogoan hartuta, EAEko Hauteskunde Batzordeak eskatu du instituzioek deitutako ekitaldiak ahal bezain neutralak izan daitezela. Izan ere, Iñigo Urkullu lehendakariak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara deitu zuenetik, debekatuta daude alderdien publizitate kanpainak eta administrazioek eskuratutako lorpenei buruzko ekitaldiak.
Espainiako Gobernuak EAE Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaritzak kanpaina instituzional bat egiteko baimena eskatu du, eta horren harira egin ditu batzordeak adierazpen horiek. Hauteskunde Batzordeak gogoratu du hauteskunde garaian posible dela informazio kanpainak egitea, betiere interes publikoa edo zerbitzu publikoen funtzionamendua zaintzeko ezinbertzekoak badira.
Hauteskundeetako erakundeak azaldu du inork ez duela zalantzan jartzen «emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna helburu duen Emakumearen Nazioarteko Eguna ezinbestekoa eta interes publikokoa» dela. Baina erantsi du botere publikoek saihestu egin behar dutela hauteskundeetan parte hartuko duten alderdien kanpainetan erabilitako irudiak edo antzekoak erabiltzea, eta horien lorpenei buruzko erreferentziak egitea. Hala ere, erakundeak azpimarratu du ez dagokiola ekitaldi instituzionalak «aldez aurretik» baimentzea.