Hauteskunde kanpainan alderdiek hedabide publikoetan dituzten doako propaganda eremuetan Elkarrekin Podemosi esleitutako eremuen erdiak Sumarri emateko eskatu zuen azken horrek, baina hauteskunde batzordeak atzera bota du eskaera hori. Horrenbestez, Elkarrekin Podemosek hogei minutu izango ditu, eta Sumarrek hamar.
EAEko Hauteskunde Batzordean jarri zuen lehenik helegitea Sumarrek. Alegatu zuen 2020ko hauteskundeetan Elkarrekin Podemos Ezker Anitzarekin koalizioan aurkeztu zela hauteskundeetara, eta orain Ezker Anitza Sumarrekin aurkeztuko denez doako eremu hori erdi bana banatu beharko litzatekeela. Hauteskunde batzordeak ondorioztatu zuenez, Elkarrekin Podemos-IU elkarrekin aurkeztu zirenean, botoen %8,05 lortu zituzten, eta Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 83.4 artikuluaren arabera, Elkarrekin Podemos-Aliantza Berdearenak dira botoen %5,36 eta Sumarrenak %2,68. Horrenbestez, Elkarrekin Podemos-Aliantza Berdeei hogei minutu dagozkie, eta Sumarri hamar.
Sumarrek helegitea jarri zuen Espainiako Hauteskunde Batzordean, eta EAEko Hauteskunde Batzordearen erabakia berretsi du.