Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietan aurkeztuko direnak ez dira izanen EH Baik Frantziako Asanblearako bozetan izanen dituen hautagai bakarrak. Atzerrian bizi diren frantziarren bosgarren hautesbarrutian EH Baiko Garbiñe Eraso eta Unitat Catalanako Enric Balaguer aurkeztuko dira, RPS Eskualde eta Herri Solidarioak, estaturik gabeko nazioetako alderdien federazioaren izenean —federazioko kide da EH Bai—. Kataluniako L'independant egunkariak jakinarazi du albistea; informazioa baieztatu, eta astea bukatzerako komunikatuko dutela iragarri du EH Baik.
Espainia, Portugal, Monako eta Andorra biltzen dira atzerrian bizi diren frantziarren bosgarren hautesbarrutian, eta jadanik ezagunak dira bertan aurkeztuko diren zenbait hautagai. Horien artean da Manuel Valls Frantziako lehen ministro ohia. Emmanuel Macron Frantziako presidentea babesten duten alderdiek osatu duten koalizioaren babesarekin aurkeztuko da. Baina ez du lehia erraza izanen. Stephane Vojetta izan da hautesbarruti horretako diputatua azken legealdian, bera ere Macronen alderdiaren izenean hautatua, eta ez du Vallsi lekua uztea onartu. Frantziako presidentea babesten duten bi hautagai izanen dira parez pare ekainean. Vallsen figuraren aitzinean hautagaitza eusko-katalana aurkezteak duen izaera sinbolikoa da nagusiki.
Hautagaitza eusko-katalana aurkeztuko da Vallsen parean
EH Baiko Garbiñe Eraso eta Unitat Catalanako Enric Balaguer atzerriko frantziarren bosgarren hautesbarrutian aurkeztuko dira RPSren izenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu