EBBko kideak hautatzeko barne prozesuaren lehen itzuliak ezustea eman zuen, aurrez aurre bi hautagai jarrita: Andoni Ortuzar EAJko presidentea eta Aitor Esteban Kongresuko eledun jeltzalea. Baina biak ados jarri ziren Ortuzarrek lehia utz zezan; horrek bidea zabal-zabalik utzi dio Estebani bigarren itzulian, eta horrek eragin du afiliatuek ez dutela behar handirik sentitu batzokietara joan eta botoa emateko.
Hortaz, lehen hautespen aldian prozesuaren gainean afiliatuek erakutsitako interes eskasak ez du ezerk hauspotu bigarrenean. Bigarren fasea bihar bertan amaituko da. Ortuzarren alde bozkatu zuten afiliatuek —ordura arte gehienak, hark irabazi baitzuen lehen itzulia, 110 Uri Erakundeetan gailendu ondoren— ez dute motibazio handirik ukan prozesuan parte hartzeko; boto zuriak ere tentuz zenbatu beharko dituzte, beharbada ez baitira gutxi izango.
Azken hamabi urteetan EAJko presidente izan denak EBBko buru jarraitu nahi zuela jakinarazi zuen San Sebastian egunaren atarian, baina bigarren hautespen aldia hasi aurretik iragarri zuen ez zuela Estebanekin lehiatu nahi, «alderdia banatzeko arriskua» ikusten baitzuen. Esteban haren atzetik geratu zen lehen itzulian, 70 batzokietan gailendu ondoren; Bizkaian, ordea, berdinketa egon zen bien artean, eta baliteke horrek zerikusi handia edukitzea Ortuzarren azken deliberazioan.
Halaber, Markel Olano legebiltzarkideak uko egin zion bigarren itzulian egoteari, lehen hautespen aldian Gipuzkoan garaitu ondoren —30 batzokietan gailendu zen—. Uko horiek hautagaitzen arteko akordio baten barruan gertatu dira, eta itun horren isla da azken asteetan batzokietan bozkatzen ari den EBBrako zerrenda jakin bat. Militanteek berez izen solteak bozkatu behar dituzte EBBko mahaia osatzeko, lehen itzulian horretarako bermeak jaso dituzten hautagaien artean. Kontua da zerrenda jakin bat zabaldu dela batzokietan, aurreko barne prozesu batzuetan jazo izan den moduan, eta hark bildu duela babesik handiena afiliatuen artean. Zerrenda horrek EBBren osaera jakin bat islatzen du, hautagaitzen arteko akordioari jarraikiz.
Ildo eta lurralde oreka
Hala, Esteban EBBko presidentea izango dela ziurtzat eman daitekeen moduan, haren alboan EBB osatuko dutenen izenak ere aurrera daitezke, afiliatuek ezuste handirik ematen ez badute behintzat. Zerrenda horrek ildoen eta lurraldeen arteko orekari eusten dio, Iñigo Urkullu 2008an EBBra iritsi zenetik ezarrita dagoen idatzi gabeko arau bat betez. Hori horrela, Ortuzarren inguruko hiru alderdikide daude EBB osatzeko aukerarik handiena duten hautagaien artean: Manu Tejada, Andoni Busquet eta Miren Martiarena. Bizkaiak beste kide bat kokatuko luke EBBn: Maitane Ipiñazar, Estebanen ingurukoa, Bizkaiko zenbait hedabidek ziurtatu dutenez.
Joseba Diez Antxustegi Eusko Legebiltzarreko egungo eledun jeltzaleak ordezkatuko luke Araba, eta Javier Ollo Altsasuko alkateak Nafarroa. Olanoren ukoaren ondoren, Gipuzkoak ez luke handituko orain arte izan duen EBBko kide kopurua, baina mahaian zituen bi eserlekuei eutsiko lieke, betiere batzokietan zabaldu den zerrenda jakin horrek bere osotasunean jasotzen badu militanteen babesa. Hala balitz, Markel Olano bera eta Jon Ganbra lirateke EBBko kide berriak, Xabier Barandiaranen eta Maria Eugenia Arrizabalagaren lekua hartuta.
Kontsentsuzko zerrenda aldaketarik gabe gailentzen bada, zuzendaritzan lau emakume baizik ez dira egongo; herenak ere ez dira izango, beraz
Arrizabalagak, ordea, EBBko kide izaten jarraituko du GBBko presidente gisa, lurraldeetako presidenteek ere lekua baitute EBBren mahaian: Arrizabalagaz gain (GBB), Jone Berriozabal (ABB), Iñigo Ansola (BBB), Unai Hualde (NBB) eta Pantxo Bimboire (IBB). Hala, hamalau pertsona eseriko dira prozesuaren ondotik eratuko den Euzkadi Buru Batzarrean: presidentea, berezko zortzi kideak eta lurraldeetako bost buruak. Eta zuzendaritza horretan lau emakume baizik ez dira egongo, kontsentsuzko zerrenda aldaketarik gabe gailentzen bada. Beraz, herenak ere ez dira izango emakumeak.
Atano III.a zain dago
Edonola ere, Estebanek berak aditzera eman du EAJko presidente bihurtzea espero duela, Madrilen egindako adierazpen batzuetan. Aurreko astean, esan zuen EAJko buruzagitza hartuta ere ez dela joango Madrildik, «EAJk Madrilen ere egiten baitu politika»; txantxa giroan, erantsi zuen zenbait ministrok harekin egon beharko dutela aurrerantzean ere. Estebanek garbi esan zuen «akordioa» egin dutela Ortuzarrek ordezkatzen zuen hautagaitzaren eta berearen artean, Ortuzarrek bigarren itzulia uzteko. Baina ukatu egin zuen alderdia «banatu» egingo zela biek ere lehian jarraitu izan balute. Ortuzarrek, berriz, X sarean txiokatu zuen banaketa arrisku hori bazela.
Batera edo bestera, oraindik ere Ortuzarren «laguna» dela ziurtatu zuen Estebanek, eta uste duela Ortuzarrek ere laguntzat daukala bera. Alderdiak bien artean sintonia badela helarazi nahi izan du bigarren itzulia egiten ari zirela, aurreko astean, eta elkarren ondoan eseri ziren Donostian, Euskorpus proiektua plazaratzeko ekitaldian.
EAJren barne prozesuaren hurrengo geltokia IX. Batzar Nagusia da, martxoaren 29an eta 30ean. Donostiako Atano III.a pilotalekuan egingo dute, eta, lehen egunean, txosten politikoei aurkeztutako zuzenketak eztabaidatuko dituzte ordezkariek, eta, egokitzat jotzen badute, behin betiko testua onetsi; Euzkadi Buru Batzar berriaren ekintza politikoa egituratuko dute bost txosten horien bidez, tartean dela «erabakitzeko eskubidea instituzionalizatzea» eskatzen duena. Hurrengo egunean izendatuko dute Aitor Esteban EBBko presidente, igandearekin.