Oraina ulertu eta etorkizunari aurre egiteko «iraganaren jabe» egitea ere beharrezko dela uste du Sorturen Iratzar fundazioak. Asmo horrekin aurkeztu dute Korapiloa multimedia proiektua, fundazioko kideen hitzetan, «orainean eta geroan eragiteko asmoa duen iraganaren analisi eraikitzaile eta eraldatzailea» sustatzeko. Etorkizunari begira, batez ere. Frankismoaren osteko erreforma garaia ardatz hartuta, testigantza eta azterketa esparru bat ireki nahi dute, belaunaldien artekoa, «pentsamendu kritikoa eta formazio politikoa bultzatzeko». Hasteko, sarean ireki dute leihoa, Iratzar fundazioaren webgunean.
Berrogei urte bete dira egunotan Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela, eta laster du urteurrena Francoren heriotzak, azaroren 20an. Haien osteko gertakariak ere ez ziren makalak izan. Horiei begiratu arren, «garai jakin batean kokatutako hausnarketa» bultzatu nahi dutela argitu dute proiektuaren egileek; egungo begiradapean egina, alegia.
Gaur egun, 1975. urtearen ondorengo garaian ezarritako paradigmak «krisi sakon eta larrian» daudela diote: bai sozioekonomikoak, bai eredu juridiko-politikoari dagozkionak, bai ideologiko eta kulturalak. Eta egoera horrek historiaren bertsio ofizialak zalantzan jartzeko aukera areagotu duela: «Kolokan dago trantsizio eredugarriaren mitoa».
Esan zuen Franco diktadoreak dena ondo lotuta utzi zuela. Garai hartan «hausturaren» aldeko apustua egin zuen ezker abertzaleak, eta horretan dihardu orain ere. Fundazioko kideen hitzetan, ordea, ezin da duela 40 urteko era berean ulertu kontzeptu hori: «Garai batean erronka Espainiako Estatua demokratizatzea baldin bazen, gaur egun haustura Espainiako Estatuarekiko haustura da». Hau da, euskal estatu bat eraikitzea. «Franco hil ondoren, korapiloa nondik askatu bazegoen lehiaren erdian; gaur egun, euskal jendartearen premia itotzen gaituen soka haustea da, korapilo osoa hautsiz».
Asmo horrekin, urtebetez aritu dira proiektua lantzen, materiala biltzen eta protagonistekin hitz egiten. Oraingoz, 33 elkarrizketa egin dituzte. Horietako batzuk webgunean argitaratuak dituzte dagoeneko, bideo, audio zein testu modura. Izan ere, fundazioko kideek azaldu dutenez, multimedia orria da Korapiloa.
Belaunaldien topaleku
Hainbat atalek osatzen dute leiho hori. Ezker abertzaleko kideen testigantzak eta analisiak daude batetik. Dokumentuak ere badaude, modu askotakoak: testu politikoak, kartelak, aldizkariak, gerora egindako analisiak... Denbora lerro interaktibo bat ere osatu dute, orduko gertakari esanguratsuak bilduta.
Ikusgai daude, besteak beste, Tasio Erkiziari, Jose Miguel Azurmendiri, Kristiane Etxaluzi, Iñaki Aldekoari, Franciso Letamendia Ortzi-ri eta Txiki eta Otaegiren kide izandako Jose Ramon Martinez de la Fuenteri eta Jose Mari Zubillagari egindako elkarrizketak; garai hartako irudiak; 1975eko salbuespen egoerako Noticias del Pais Vasco-ren zenbait argitalpen...
Herritarren parte hartzearekin osatu nahi dute gunea, eta garai hartako materiala bidaltzeko deia ere egin dute. Gainerako eragileekin ere elkarlana sustatu nahi dute, «oro har, euskal indar eta eragile eraldatzaileen inguruko dokumentazio eta interpretazio esparrua» garatzeko. Horrela, belaunaldien arteko transmisioa indartu nahi dute, eta aurrez aurreko topaketak antolatzeko asmoa ere badute. Dena, aldaketen aurrean «orientazio estrategiko kolektiboa» argitzeko: «Nondik gatozen, non gauden, eta nora —eta nola— joan nahi dugun».
@ Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:
www.iratzar.eus/korapiloa
Hausturarako Korapiloa
Franco hil osteko trantsizioari buruz «analisi kritikoa» sustatzeko, multimedia proiektua aurkeztu du Iratzar fundazioak, «orainean eta geroan eragiteko asmoz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu